Kontxita Beitia Oiarbide

Anunziata Ikastetxea Pasaian. 1939-2026 agurra!

Ni Pasai Antxon jaio nintzen, baina gure etxean zegoen kalea bi zatitan banatuta zegoen. Gure etxea Donostiakoa zen eta bidea pasatu eta aurrean zegoena Pasaikoa. Kale hura ni txikia nintzanean Iparragirre deitzen zen. Denbora gutxira Jabier Markina izena jarri zioten eta orain Eskalantegi izena dauka. Gure etxearen aurrez aurre Anunziata ikastetxea zegoen. Orduan ez genion horrela deitzen, baizik eta «el colegio de las monjas» bezala zen ezaguna. 1939an jarri omen zuten martxan. Kataluinan sortu omen zen Vichen, Monja dominikatarrak ziren. Etxe arrunta bat zen eta pisuz pisu banatuta zituzten haurrak adinaren arabera. Mutilek ere bazuten gela bat eta azkeneko pisuan aritzen ziren ikasten adin guztietakoak nahastuta. Mutikoekin aritzeko beti zegonen monja bakar bat. Hermana Asunción. Mutil gutxi joaten ziren eta neska asko eta noski, beste monja guztiak neskekin aritzen ziren. Jolas garaian ere ondoan genuen Alamedara joaten ginen baina ez genuen mutilekin batera jolas lekua konpartitzen. Neskak Kioskoren aurrean eta mutilak atzekaldean.

Ni 1944urtean hasi nintzen ikastetxe honetan, Hermana Mariarekin. Neska gazte gaztea zen eta ni oso pozik egon nintzen berarekin. Egunen batean ez bazegoen nik ihes egiten nuen, errepidea pasatu eta nire etxera joaten nintzen, korrikada batean inor konturatu ez zedin. Baina konturatzen zenean sekulako disgustoakin geratzen zen Hermana Maria, baita nire ama ere, eta poliki, poliki erakutsi zidaten hori ezin nuela gehiago egin. Baina kosta egin zitzaidan hori onartzea. Nik Hermana Maria maite nuen eta ez nuen beste inor nahi! Zuzendu ninduten eta 6/7 urtekin gelaz aldatu eta Hermana Natividad izan nuen irakasle. Honekin ere oso gustora egon nintzen eta asko ikasi nuen berarekin, matematikak batez ere. Hori da daukedan oroitzapena behintzat.

Lehen Jaunartzea egin behar genuenean gure taldekoek, gurasoek erabaki zuten nire lagun mina, Milagros eta biok beste egun batean egingo genuela.

Bion gurasoak ados zeuden eta gu harrituta erabat. Eta onartu zuten eskaera. Zergatik ote zen guk aparte egite hori? Gero, askoz geroago jakin genuen zergatik. Gure Jaunartzean bi abesti behintzat euskaraz izan behar zutelako. Eta hori orokorrean ez zen gertatzen. Milagros eta biok euskaraz egiten genuen eta hori merezí genuela pentsatu zuten gure familikoek. Eta 1948ko Korpus egunean horrela izan zen. Euskaraz ikastetxean, zerbait entzuten zen lehen eguna izango zen behar bada. Eta monja guztiak oso pozik zeuden! Lehen Jaunartzea egin, gosaldu eta korrika prozesiora. Oso oroitzapen ederra geratu zitzaigun denoi.

8 eta 9 urte nituela Hermana Luzia izan zen nire irakaslea. Gero Monja Nagusia izendatu zuten, baina ni ordurako ez nengoen ikastetxe honetan.

Nire gurasoek batxilerra egin behar nuela pentsatu zuten eta nik ere hori ikasi nahi nuen gero majisteritza ikasteko. Pasaian ezin zitekeen batxilerra egin. Pena handiz baina Donostiako ikastetxe batean egin zuten nire matrikula. Hara joan baino lehen Instituto Peñafloridan sarrera azterketa egin behar zen, «ingreso de bachiler «deitzen zitzaion garai hartan. Nirekin zebiltzatenen artean beste bi edo hiruk berdin egin zuten beraz Tranbian edo trena hartzeko ez nintzen behintzat bakarrik ibiliko. Aurkeztu nintzen 10 urte bete nituen egun berberan eta «Apta» jarri zidaten. Horrekin ba neuken posibilitatea beste ikastetxe horretara joateko. Gu oso pozik ginen. Monjak aldiz beraien ikastetxean batxillergoa ematea ezinbesteko ikusiz, 1951ean 2 ikaslekin habiatu zuten. Hermana Imelda aukeratu zuten hortarako, eta berehala Hermana Maria Rafaela etorri zen Batxilergo lanean laguntzeko. Donostiako ikastetxera joan nintzenean, asko gogoratzen nituen Pasaiko eskoletan nituen irakasle, jolas lagunak, egiten genituen irteerak: S. Markosera, eta «fuente del hojara» joaten ginenekoak. Nik uste dut urtero egiten genituela irteera pare bat. Holakorik ez genuen Donostiako ikastetxean. Hauxe da behintzat haibeste urte pasata nire buruan eta bihotzean geratu zaidana.

Udaretan Piano eta mekanografiako klaseak ematen zituzten, eta ni beste batzuekin batera piano, mekanografía eta josten ikastera ordu pare batez joaten nintzen uztailan. Lotura beraieikiko ez zen inoiz eten.

Nire anaiak 4 urte bete zituenean ere Hermana Asunciónen gelan sartu zen 1951an, Batxilergoa jarri zutenean bakarrik neskak izango ziren bere ikasleak. Eta mutilak 9 urte arte egoten ziren, Beraz nire anaia 9 urteekin atera zen, Donostiako mutilen ikastetxe batera joateko. Oraindik urte asko falta ziren neska-mutlilak elkarrekin ikasteko, baimena lortzeko... Denok dakigu nork agintzen zuen!

Kolegioa beste leku baten jarri zuten. Eraikuntza berri eta eder bat egin zuten. Ikasle ugari jasotzen zituzten, Oso ongi zihoan, Eskalantegi kaletik goraxeago (Lorete bidea 2) dago kokatuta.

Majisteritza ikasten hasi nintzanean arratsaldetan Anunziatara joaten nintzen batez ere Gramátika eta Matemátika indartzeko. Majisteritza bukatu eta oposaketak prestatzen hasi nintzen. Bide batez Elvira Zipitria Andereñoarekin hasi nintzen, bidean galdu nuen euskara berreskuratzeko. Ikasturte batean asko aurreratu nuen eta bigarren ikasturtean praktikak egiten hasi nintzen bere ikastolan, berak erabiltzen zuen pedagogía aurrerakoi eta eder hura ikasteko. Nire asmoa zen oposaketekin bukatu, eszedentzia eskatu eta ikastola zabaldu, Elvirarekin ikasi nuen guztia praktikan jartzeko.

1960an ikastola jarri nuen nire etxean. Lehen urte horretan 5 haur aurkitu nituen, euskaldun petoak eta gurasoak ilusioz beteta, ikastola bat izango zutelako beren herrian.

Berehala hasi ziren 5 horien ingurukoak, anai arrebak, osaba izebak edo aiton amonak, euskarazko klaseak eskatuz. Egun batean non deitzen didan Hermana Imeldak esanez ea kolegioan emango nituzkeen euskarazko klaseak . Bi talde osatuta zituztela zegoeneko. Bat 6etaik 7etara batxilerra egiten ari zirenen lehen kurtsoetakoekin eta beste bat azkenekoetako kurtsoak egiten ari zirenekin. Astean hiru egunetan joaten nintzen eta batzutan monjaren bat ere joaten zen klaseak jasotzera edo abesti bat erakutsi behar banien ba beraiek ere ikas zezaten. Oso ongi gogoratzen dut Hermana Asunción askotan etortzen zela eta beste batzutan baita Hermana Imelda ere. Oso, oso gustora egin nuen lana nire txikitango ikastetxean! Eguberritan Jaiotza antolatzen bagenu, gonbidapena egiten nien ikastolakoekin ateratzeko eta hantxe agertzen ziren gurekin batera abesteko. Eskola Nazionaleko ikasle, batzuk ere etortzen ziren eta denok elkarrekin talde eder bat antolatzen genuen. Nik ezin nuen sinistu. Baina hala izan zen: Pasaiak sekulako ongi etorria eman zion euskerari. Monjen ikastetxeak eman zion lekua ez zen batere ohikoa baina Pasai Antxon gertatu zen!

1965an ni Donostira etorri nintzen bizitzera eta bertan Pasaian egiten nuen lan berbera egiten hasi nintzen. Baina Anunziatako monja eta ikaskide izandako gehienekin beti mantendu izan dut harremana, egun berezietan batez ere, monja bat jubilatzen zenean edo kanpora joaten zenean, edo beste bati, monja egin zenetik zilarrezko ezkontza iristen zitzaioenean egiten genuen ospakizunen bat.

Eta ni jubilatuta nengonean, 2005 inguruko urtean izango zen nik ezagutzen ez nuen Kolegioko monja batek deitu zidan bere euskara sustatzeko mintzapraktika egiteko denboratxo bat eskeiniko ote niokeen esanez. Eta astean behin elkartzeko eguna jarri genuen eta nire txikitango lagun batekin etorriko zela ni bizi nintzen etxera, esan zidan. Txikitango lagun hura ere euskalduna zen. Eta oso ongi gogoratzen nintzen berataz. Hiru bat urte pasa genituen horrela.

Argi dago Ikastetxe honek Euskara maite zuela eta ez zirela beste ikastexe askotan urte horietan gertatu zen bezala. Euskararekiko gorrotoz bizi. Ez horixe!

Orain etapa aberats eta emankor hura bukatzera doa! Urte onak eta ibilbide luzea izan du. Donostiako danborradan ateratzen direnean eta Anunziata Ikastetxea esaten dutenean zirrara bat sentitzen dut urtero. Eta hori ere bukatuko da Ze pena izango dugun bertan ibili ginanok!

Agurra emateko ez genuke ekitaldi maitekor bat antolatu beharko kurtso bukaerako? Ideia bat besterik ez da baina badugu denbora zerbait egiteko!

Besarkada handi handi bat bihotzetik!


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Buscar