Rebeka Ubera
EH Bilduko legebiltzarkidea

Ardurak hartzeko garaia

EH Bildurentzat Hezkuntza herri baten zutaberik funtsezkoena da eta argi dugu Legebiltzarrean hasi berria dugun legegintzaldiak mugarria izan behar duela herri bezala aurrera egiteko, etorkizuna izateko eta, ondorioz, iraganari erantzuten ari zaion fasea bukatutzat emateko.

Horretarako, hezkuntza sistema indartsua eta ahaldundua behar dugu. Kohesionatzailea, aukera berdintasuna bermatuko duena, herri honen jakintza eta kultura sustatuko dituena. Euskalduna eta eleaniztuna. Ikerkuntza indartuko duena, berrikuntzan oinarritua. Dimentsio sozialekoa. Hezkuntzan inbertitzen den txanpon bakoitzeko hamar aurreztu daitezkeelako ospitaleetan, gizarte zerbitzuetan eta bestelakoetan. Gainera, herri bezala erreferentzia bilaka gaitezkeelako nazioartean gure hezkuntzagatik, balioengatik, kulturagatik, jakintzagatik, berrikuntzagatik. Finean, nortasun batengatik. Bizipoza duen eta transmititzen duen herria, euskal estatua. Nolako hezkuntza, halako gizartea.

Horrek anbizioa eskatzen du, ausardia, lan kolektiboa, geure buruari dagokigun erabaki gaitasuna ematea. Eskatzen du epe luzera begirako betaurrekoak janztea eta kohesio sozialean eta ekitatean oinarritutako estatu ikuspegia txertatzea eguneroko erabakietan. Erabaki horietantxe hezkuntza eredua eraikitzen ari garelako. Edo ari direlako, esan beharko genuke. Azken zortzi urteotan erabakiak ez dira, ez, norabide txukunean joan. EAJ eta bere gobernukide PSE hezkuntza komunitatearen gehiengoari bizkarra emanez aritu dira, langileen eta ikasleen ordezkariak kontuan izan gabe. Bi abiadurako hezkuntzan sakondu dute. Sistema segregazioan murgildu da eta ghettoak ugaritu dira. Pertsonal arloan plangintzarik gabe aritu dira, belaunaldi aldaketa bertan dugula behin-behinekotasun tasa %35era eramanez. Hezkuntza murrizketen eremu bilakatu dute. Gaindituta dauden hizkuntza ereduak Madrilen tesien menpe jarri dituzte, eta ingelesa euskara ahultzeko erabili dute modu maltzurrean. Zerrenda luzeegia da ditugun lerro gutxi hauetan guztiak aipatzeko. Baina ezin aipatu gabe utzi Heziberri, euskal Lomce-a. Eta agendan ditugu Haurreskolak Partzuergoa, Lanbide Heziketa, etengabeko ikaskuntza, eta nola ez, Unibertsitatea. Cristina Uriarte sailburuak Legebiltzarrean egindako agerraldia, gainera, erabat kontinuista eta konformista izan da.

Bada garaia begirada altxatu eta etorkizunera begirako Hezkuntza Akordioa erdiesteko. Hezkuntza sisteman zerikusia eta ardura dugun eragile guztiak barnean bilduko gaituen akordioa, hain zuzen ere, eta poztekoa da Jaurlaritzak EH Bilduk proposatutako Hezkuntza Akordioaren ideia bere egin izana. Hori bai, ez dugu argi, eta kezkatzen gaitu, Akordioa nahi duen edo Ituna nahi duen. Aldea ez da nolabaitekoa, Ituna murritza eta partziala izan litekeelako, gai zehatz bati buruzkoa eta alderdi politiko batzuen artekoa soilik. EH Bilduk Akordioa nahi du, letra larriz. Hezkuntza Lege berria xede baldin badugu, horrek hezkuntza komunitatearen gehiengo zabalaren adostasuna izateaz gain, gehiengo politikoaren eta herritarren arteko adostasuna behar du ezinbestean, egonkortasuna, eraginkortasuna eta esku artean ditugun erronkei konponbide egokiak ematea bermatzeko. Hezkuntza ez da ikastetxeen kontu isolatua. Gizarte oso baten bizitza osoko prozesu dinamikoa da.

Jakin badakigu aspaldian hizpide den legea ez dela auzi guztien konponbide definitiboa izango, baina funtsezko bitartekoa izan daiteke arazoei eta erronkei heltzeko. Legeak betetzeko borondaterik ez badago, legeak garatzeko baliabiderik ez bada ezartzen, gauzak daudenetan geratzen dira, eta hori da neurri batean 1993ko legearekin gertatu dena. Legeaz gain, izugarrizko garrantzia dute eguneroko politikek eta politika horiek garatzeko ezartzen diren aurrekontuek. Baina orain dugun aukera baliatzeko gai bagara, parada polita izan dezakegu itxi gabeko eztabaida eta desadostasunen inguruan elkarrizketa zintzoa ireki eta behingoz adostasun zabalak bilatzeko. Kontziente gara ez dela erraza izango eta guztiok malgutasunez eta eskuzabaltasunez jokatzera behartzen gaituela egoerak.

Ez da errudunak bilatzeko garaia, ardurak hartzeko garaia baizik, herritarren eta gizartearen ongizatea lortzeko. Horrek eskatzen du –edozein dela ikaslearen bizilekua, jaioterria, maila soziala, ekonomikoa…– Administrazioak ikasle guztiei hezkuntza eskubidea bermatzea. Bukatu da «euskal hezkuntzaren oasia»-ren garaia. EH Bildun ardura hartu dugu, bustiko gara eta lan egingo dugu, bai eta horretarako baliabideak bideratu ere. Horregatik, bide horretan lanean diharduten eragile guztiekin elkarlanean jarraitu nahiko genuke, bai eta Jaurlaritzarekin ere, akordio zabalak bilatuz.

Buscar