Estitxu Ezpeleta
Ikamako kidea

Arduraz jokatzeko unea da

Hezkuntza sistema ez da garai errazak bizitzen ari. Aspalditik diogu urteak daramatzala krisi egoeran, eta ez dirudi hobera joango denik. Baina egungo sistema kapitalistaren zutabe nagusietako bat izanik, nola ez da ba krisian egongo? Hezkuntza komunitateko kideok denbora asko daramagu krisi honen ondorioak pairatzen, eta momentua da irakasleen borrokara batu eta hezkuntza komunitate osoak Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio, publiko, euskaldun eta feminista baten alde borrokatzeko.

Jakina den bezala, hezkuntza sistema ez da egungo sistematik at kokatu dezakegun egitura bat. Gure herriaren kasuan, Espainiar zein Frantziar estatuen proiektuak gizartean barneratu eta betikotzeko elementu nagusietako bat da hezkuntza sistema. Beraz, bi estatu hauen krisiaren eta dekadentziaren ondorioak pairatzen ditu hezkuntza komunitateak aspalditik.

Horrela, gure herriaren ukapenean oinarritzen den hezkuntza ematera eta jasotzera behartuta gaude, honen adibide ezin hobeak direlarik unibertsitatera sartzeko ikasleok egin behar ditugun probak, hala nola, Selektibitatea eta Baxoa. Bata zein bestea, Espainiar zein Frantziar estatuko eduki historiko, politiko eta sozialak barneratzera bideratuta daude, eta gainera, Baxoaren kasuan, azterketak ezin dira euskaraz egin. Hauek, ikasketa prozesuaren aldi luze batean zehar eduki, metodologia eta pedagogia ereduak guztiz definitzen ditu, irakasleak eskema zehatz batera egokitu behar izaten direlarik. Proba horiek urteetan zehar ikasleengan sortzen duten antsietatea eta presioa ez aipatzeagatik. Ondorioz, hezkuntza sistema propio bat edukitzeko aukeraren ukapena dakar zuzenean, Euskal Herrira egokitutako curriculum baten eratzearen ezintasunarekin batera.

Irakasleek greba ziklo batean murgilduta daramate ikasturte osoa. Euskal Herrian erabakiko den eta Euskal Herrian oinarrituko den hezkuntza sistema baten alde mobilizatu izan dira, hori ez ezik, lan-baldintza duinak eskuratzeko hezkuntza sailarekin eztabaida amaigabeetan ibili izan dira. Orain arte hezkuntza sailak luzatutako proposamenek ez diete aterabide aproposik ematen aldarrikatutako edukiei, eta hortaz, greba zikloari eutsiko diote beste bost egunez, maiatzaren 12, 13, 14, 15 eta 16an. Gure aldetik elkartasun osoa adierazi nahi diegu irakasleei, eta haien borrokarekin bat egiten dugula argi diogu. Euskal Herrian kalitatezko hezkuntza bat behar dugu, eta hauek, ezinbestean irakasleen lan baldintza duintzearen eskutik etorriko dira. Lan zama arintzeko neurri zehatzak inplementatzea, baliabide eta inbertsio gehiago hezkuntza publikoan, enplegu publikoaren egonkortasuna bermatzea...

Hezkuntza sailari argi eta garbi diogu, negoziazio maila berrartu eta irakasleen beharrak entzun eta hauei egokituko diren neurriak hartzeko momentua da. Euskal Herriak gure neurrira egokituko den kalitatezko hezkuntza bat merezi du, eta horrek ezinbestean dakar ikas− eta lan− baldintzen aldeko neurriak hartzea.

Ikasleok ere, Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema Publiko eta Komunitarioaren alde borrokan egon gara kurtso osoan zehar, eta beraz, oraingoan ere, arduraz hartzen dugu deialdi hau. Momentua da hezkuntza komunitateak diona mahaigaineratzeko eta kalitatezko hezkuntza publiko baten aldeko neurriak hartzeko. Eta horretara goaz.

Beraz, Ikamatik, dei egiten diogu ikasleria osoari, zein hezkuntza komunitate osoari, larunbat honetan, maiatzaren 10ean, EAEko hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.

Buscar