Maialen Etxeberria
Ernaiko kidea

Argialdia, lanaren ondorio

Behinola, Picassoren ikasle bat ehun zuri baten aurrean zegoen burumakur. Irakaslea bere ondotik pasatzerakoan zer zuen galdetu eta ikasleak, inspiraziorik ez zuela erantzun. Picassok zera esan zion, «argialdia lan egiten helduko zaizu».

Hartu ditut gorria, horia, marroia eta beltza. Burmuineko agenteak martxan jarri eta hasi naiz atzera begirada batekin gertatutakoak nire koadroan irudikatzen. Koloreen psikologiari gaur ez diot kasurik egingo, nik zirrikitu bat aukeratu dut gure lurren barrenetatik begiradaren erretratua irudika asmoz. Eta pintzela hartu dut. Hasi naiz koloreak nahasten. Nahastu ditut horia eta gorria. Laranja, ikusgarria da benetan, udazkeneko marroi, gorri eta berde ilunetatik nola gailentzen den. Eta bizipenak datozkit gogora.

Udazken errebelde bete betean murgildu ginen, hain justu Iruñeako herri San Ferminak zapuzteko haize boladek, jai girorako genituenak eraman eta ikasturte berriari bortizkeriaz heldu ziotenean. Herriarentzako espazioa hustean, amorru begiradak presente, goizeko lehen orduetan horrelako berri batek bestondoa oraindik ere pisutsuagoa bilakatzen baitu gehienetan. Jai giroan, akelharresi batek gogora zekartzan garaiko inkisizioaren atzaparrek gure herriko emakumeen aurka erabilitako bortizkeriaren irudikapena. Baina, haren aldarria bikoitza izan zen. Desobedientziarako hautua egin duten pertsonekiko elkartasuna adierazteko akelarre bat. Herri oso baten aurka inkisizioz mozorroturik dauden horiek epaitzen gintuztenak, jarraitzen baitute gaur kapela puntadunik gabe, zentzurik gabe herri bat epaitzen. Hartu ditut kolore ilunak, begiak bakarrik ikusten zaizkien horiek beti iluntasunaren beldurrarekin jolasten baitute eta eskinetatik barnera zertzelada batzuk eman dizkiot.

Eta paletari begira jarri naiz. Ikusi dut urdina, tantaz tanta giza eskubideen aldeko aldarria baino gehiago den urdina. Olatu ikaragarria osatzen duen kolorea, gaur agian erabiltzen utziko ez didatena. Nik, urdina nahi dut eta erabiliko dut. Gure jendartean klabea den kolore bat ezin ahantzi zaigulako, brotxa lodiena hartu eta denon burmuinak urdinez zipriztintzeko momentua dela esango nuke. Eta urdin horrek bi urtetan txapelik ez badu, guztiongan gelditzen diren zipriztin zantzuez eginen dugu aurrera. Horregatik, kolore ilunen pintzela garbitu eta eskinatatik barrura erabili dut urdina, gero eta argiagoa den urdinaz segitu dut pintatzen.

Kolore argiak nahastuz, pixkanaka herri dinamikaren kolore laranjaz osaturiko gama batekin erdiko hutsunea betetzen hasi naiz. Donostiatik, Ondarrura eta ondotik, Iruñera iritsitako ekimenek zentralidadea hartu dute nire oihalean. Poza, urduritasuna, emozioa, beldurra... sentimendu gehiegi mugatua den une horietarako. Sartu dut pintzela gorrian. Eta gogotsu, herri indarra bailitzan gehitu dut laranja tartean. Herri bezala egoerari aurre egiteko gaitasuna, eskubide zibil eta politikoak borrokatzeko grina, etorkizuneko irteerarik gabeko tunel horretan gal ez gaitzaten gazteok desobeditzeko beharra dugula irudikatu dut, sinesten dugun horrekiko konpromisoa. Bitartean, udazkeneko eguzkiaren argi dirdirak dirau, epaiketa politikoen zentzua erabat galduta dagoenaren adierazle eta horregatik desobedientziaz bizitzeko hautua, garena izaten uzten ez digutenaren seinale. Eta honetan denean Luis kasu, espetxeratutako gazte independentista guztien kartzela zigor eta espetxe politikaren salaketa, kontrasterako erabiliko dudan hosto berde marroixkaz inguratu dut erdialdea.

Bukatzeko koadroak zerbaiten falta du, sumindura. Nire koadroan sorgin ehizak dirauenaren zantzua oraindik ere gehiago markatu nahiko nuke, harriz harri herriz herri lanean dagoen kolore horiek jaten dituzten kolorea sartuko dut. Muntai polizialek berriz ere bazterrak nahasi eta legedia beren interesetara egokitzen duten horietaz ari naiz. Iruñean ikurriña bat hedatzeagatik atxilotuak izan diren lagunak ditut gogoan, beste sei, gaua bederen kalabozoetan pasa behar izan dutenak eta Bilduko kide batek deklaratu beharrak sutu nau. Zaharrak berri. Ukatua den herriak, ukatuak zaizkion identitate, kultura, hizkuntza eta hezkuntzaren aldarria jarraituko duelako lanean, zilegitasun osoz gainera!

Orain bai! Gure lurretatik ateratakoarekin, pintzelek beren kabuz kolore esanguratsuenak hartu eta eguzkilore bat margotu dute iluntasunean. Gure lurretatik mamuak uxatuko ditugun seinale, gu geu udazkeneko ekaitzetatik, tximistetatik babestuko gaituena, kolore laranjak duintasunez bizitzeko mezuarekin jarraituko duelako hurrengo urtaroak margotzen. Jarrai dezagun konbentzimenduz lanean, argialdiak lanaren fruitu baitira!

Buscar