Itziar Aizpurua Egaña
Ezker abertzaleko militantea

Argitze aldera

Aspaldi honetan EAEko Legebiltzarrean ezker abertzaleko parlamentariak jasaten ari diren hitz larri, irain eta mehatxuak amets gaiztoenean, eta egoera larrienean ere, ez nituen sinetsiko. Harrigarria iruditzen zait beren burua abertzaletzat jotzen dutenek, PNVkoek, alegia, EH Bilduren suntsiketa iradokitzen dutenen aurrean, pasibotasunaz erantzutea, imintziorik gabe, euri lanbroa ari duenean bezala, egonean geratzea ezer gertatu ez balitz legez... busti arte! «Anomalia» eta «suntsiketa» PPk lau haizeetara zabaldu dituen bi hitz, argi adierazten dutenak ezkerreko abertzaletasuna nola ahala erditik kendu behar den etsaia dela EAEn, eta pasadan... Euskal Herrian, Nafarroan eta Iparraldean ere...

Nora zoaz, PNV? Nire ibilbide politikoan, «suntsitze» hitza ez dugu sekula erabili arerio politikoaren inguruan, eta kontu handia izan dugu beti abertzaletasunaren hedapena lantzea; noski ezker abertzalekook soilik ez garela abertzaleak, eta horrela izatea espero dut Euskal Herriaren mesedetan.

Baina ez dut ikusten bide hori PNVko buruzagitza jorratzen ari denik. Azkenengo adibidea hartzen dut, nahiz beste asko badiren ere lehenagotik: Pradales jaunak, «anomalia» eta «suntsitze» hitzen inguruan hausnartu ondoren, honako hau izan zen herritar orori emandako erantzuna: «PP eta EH Bilduren arteko liskar itsusia Legebiltzarrean; gertatu behar ez den zerbait; beren arteko gorabehera...».

Oso garbi daukat ezker abertzalekook nora goazen: independentzia lortzera Euskal Herria bera izan dadin, burujabetza politiko eta ekonomikoa lortuz. Eta ez gaitu bideak beldurtzen, ezta denborak ere neguko itxura hartu arren... Ni kezkatzen nauena da zer demontretan dabilen PNV, alderdi abertzaletzat bere burua duenak, PPren probokazioak gero eta bortitzagoak direnean abertzaletasunaren aurka, eta bera seinalatua ez sentitzea, beste planeta baten balego bezala...

Badakit, herritar orok bezala, politikagintza ordu makurretan dabilela. Hala eta guztiz ere, Euskal Herriaren alde lan egin nahi badugu benetan, garbi eduki beharko dugu zein diren arerio eta zein etsai bakoitzaren estrategian. Eta ezker abertzaleak garbi adierazten du eguneroko zereginean nor diren etsai, hizki larriz jarrita: PP, Vox eta enparauak. Eta zuri esaten dizut, PNV: horiei ezta urik ere!

Ondo gogoan ditut, ez ahanzteko moduan, 36ko gerratearen ostean bizi izandakoak: era guztietako suntsiketa Hego Euskal Herrian. Desagerpenaren arriskuan herri bezala; iluntasuna nonahi, kultur mailan, langile klase mailan, euskararen inguruan. Euskal nortasunaren desagerpena oro har lurretik ezabatzeraino, zigor fisikoak ere horretan lagunduz. Harrotasun handiz hartu genuen gurasoen zuzia gure eskuetan, altxorrik handiena izanda Euskal Herria zulo beltz hartatik ateratzea.

Bada, orain, beste zulo batera eramango gaituztenak bistan daude, ez dira ezkutatzen, harrokeriaz dabiltza jende gaztea engaiatu nahian, faxismorantz eramanez. Eta estrategia horretan, Euskal Herriko instituzioak bozgorailu bihurtu nahi dituzte. Oso garbi ikusi dugu asteotan! Galdera hau zuretzat, PNV: kontuan hartu behar al dugu PPren ibilbidearekin ados zaudela?

Buscar