Ari gara
Aurtengoan, EHIGEk (Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea) eta Ikas-bik (Iparraldeko Eskola Publikoko guraso elkartea) Euskal Eskola Publikoaren jaia antolatu dute Hendaian ekainaren 5ean. Eta ekainaren 12an Eskola Txikien aldeko jaia ere ospatuko da.
Steilasek urtero adierazi du bere atxikimendua ekimen hauekiko, baina aurten modu berezian eskertu nahi diogu EHIGEri eta Ikas-bi ri eman duten pausua. Euskal Eskola Publiko bakar eta bateratu baten deia eta aldarria lau haizetara zabalduko dugu guztion artean.
Pausuz pausu, poliki-poliki, baina ari gara eragile askoren lanari esker Euskal Herri osora euskara zabaltzen. Urtetan aritu da Seaska lan horretan, eta urtez urte esanguratsuagoa da Iparraldeko Eskola Publikoen apustua euskararen alde. Frantziar estatu zentralistaren inertziei aurre egiteko, beharrezkoa dugu elkarlana eta aurrera begirako gutxieneko adostasun estrategiko bat, atomizazioa gainditu eta sare publiko indartsu bat eraikiko duena etorkizun laburrean. 1982. urtean Savary dekretuak «hizkuntza erregionalen» irakaskuntza ahalbideratu zuen; 1983an Saran lehenengo lerro elebiduna ireki zen sare publikoan, 1986an Ikas-bi sortu zuten gurasoek, 1992an eskola liburuak euskaraz argitaratu ziren eta 1995an frantziar ministerioaren aginte batek azterketak euskaraz egitea ahalbideratu zuen. 2001. urtean hizkuntzen irakaskuntzen aitortze ofiziala eman zen dekretu bidez. Aurrera begira, lan handia eta eskerga badago ere, itxaropentsu begiratzen diogu etorkizunari. 102 Herri ikastetxek eskaintzen dituzte lerro elebidunak, ikastetxe publikoen erdia (5.200 ikasle H.H eta L.H eta 1.000 D.B.H.), eta azken urteetan 6 eskoletan hasi dira murgiltze ereduarekin Haur Hezkuntzan. Ari gara.
Anitza bezain konplexua da Euskararen Herriaren errealitatea, eta zer esanik ez hezkuntzaz ari bagara. Banaketa administratiboak (hiru eremu administratibo ezberdin) eta estatuen zentralismoak gure hezkuntza itotze bidean jarri dute behin baino gehiagotan, baina aurrera egiten jakin dugu eta duela 30 urte baino askoz hobeto gaude. Hobekuntza hau sare publikoak aurrera egin duen heinean bizi izan dugu: EAEn eskola publikoak azken urteetan izan duen igoera ikaragarria izan da (klaustroen eta gurasoen konpromiso eta bultzadari esker, batez ere), Nafarroan D eredua zabaltzekoen aukerak areagotzen ari dira eta Iparraldean, zailtasunak zailtasun, ari gara.
Euskal Herri osorako eskola publiko bakarraren defentsa izan da eta izango da steilasen jardueraren ardatz nagusia. Sare ezberdinen atomizazioak dakarren hezkuntza sistema segregatzaile eta klasista gaindituko duen eredu herritar bakarra behar dugu, Euskararen alde pasuz pausu aurrera egingo duena, eta aukera berdintasuna eta ekitatea bermatuko dituena.
Gaur, inoiz baino gehiago, guztion bultzadaren beharra dute Euskal Herriko eskola publikoek, inoiz baino indar gehiagorekin, eremu politikoan gailendu diren jarrera neoliberalek zerbitzu publikoen bizirautea zalantzan jarri duten honetan.
Badakigu luzea dela aurrera begira egiteko dagoen bidea, eta asko direla hobetu beharreko arloak eta gainditu beharreko mugak. Eskola Publikoa defendatzea, sustatzea eta lehenestea izan behar da eragile sozial aurrerakoien ezinbesteko ardura.
Euskal Eskola Publikoa denona eta denontzat delako… Emazu eskua.