Aster NAVAS
Irakaslea

Aritmetika, exodo garaietan

Bai, badakit erreformarik behar ez duten −«bizitzen hasteko»− etxebizitzei buruz hitz egiteko higiezinen agentzietan erabiltzen dela, baina beti gustatu izan zait esaera horietarako beste aukera batzuk irudikatzea. Nik, adibidez, aurkitu dut ere bizitzen hasteko, bizitzen sartzeko −para entrar a vivir− libururen bat; justu idatzita dagoen bezala gustatzen zaidan istorioren bat, eleberriren bat, ipuin bat, non ez dudan beharrezko ikusten trenkadarik botatzea, ezta mundua ikusten den leihoak aldatzea ere. Liburu horretan bizitzen gera ninteke. Udararen bat, gaztaroko gauren bat, inoiz ez amaitzea nahiko nukeen bidaiaren bat, uneren bat.

Esate baterako, topatu dut bizitzen sartzeko abestiren bat, gustukoa dudan melodiaren bat, justu abesturik dagoen eran, non ez dudan beharrezkoa ikusten ateak aldatzea, ezta hormak margotzea ere. Baita filmen bat ere...

Marta, nire kuadrillako neska bat, bizitzen sartzeko gizon baten bila dabil. Porrot egin zuten bi harremanetatik dator Marta, ziurrenik bere bikotekidea bere gogara erreformatzen saiatu zelako. Bera ez da horretaz oso kontziente, baina bere inguruan gaudenok badakigu horrela izan dela. Aldaketa oso zorrotzak egin nahi izan zizkien mutil horiei: sukaldea lekuz aldatu, sabaiak jaitsi... Zutaberen batekin ere ausartu zen. Horrek beraiekin altxatzen ari zen eraikina eraitsi zuen.

Hau guztia kontatzen dizuet egun hauetan Agus Moralesen liburu argigarri bat irakurtzen egon naizelako, “No somos refugiados. Viaje por un mundo de éxodos”. Orrialde horietan kazetari katalanak aterpea eman nahi die aberrigabeei, etsi-etsian «bizitzen hasteko» lekuren baten bila dabiltzanei, utzi dituzten herrialdeak infernuak baitira: Afganistan, Pakistan, Donbass, Hego Sudan, Siria, Tibet, Erdialdeko Amerika, Turkia, Uganda. Errefuxiatuen kanpamenduetan −Zaatari, Ain al-Hilweh, Bidibidi, Dadaab, Kakuma, Malakal− sartu gara Agusekin; batzuk hiri erraldoiak bihurtu dira; «bizirauten sartzekoak». Han bizi eta hilko dira ahazturiko espazio horietan jaiotariko gehienak. Liburu honek indarkeriak erbesteratutakoen urratsak, pausoak, ziurgabeko ibilbideak jarraitzen ditu. Anna Surinyachen argazkiek agiraka egiten digute, ezerosoak dira.

Dena den, liburu honen merezimendurik handiena etorkinei izena ematea da. Izan ere, Somaliatiko mena batekin −Ulet− hasiera eman diogu entsegu honi.

Azken bolada honetan, bakarrik dauden 4.400 migratzaile adingabeak banatzen ari gara, patata beroak izango balira moduan. Aritmetikak baino ez gaitu kezkatzen; dagokigun kupoa. Banaketak, gainera, ez dirudi gardena denik, ez baita elkartasunetik edo abegikortasunetik sortzen. Ez zaigu interesatzen haien izenak ezagutzea, ezta gizabanako gisa tratatzea ere: beldurra ematen digute; gure etxeko trenkadaren bat, jazenaren bat botako digutelakoan gaude, eta ez diegu sartzen utzi nahi, ez diegu «bizitzen hasten» utzi nahi.

Beti gustatu izan zait esaera horiei buelta bat ematea... Egon badaude −oraintxe bururatzen zait− lo egiten sartzeko eskola saio ugari; bizitzen geratzeko besarkadak, begiradak, keinuak...

En fin.

Buscar