Inaxio Mendizabal

Arrauna arrotz Euskal Herrian

Joan den larunbatean, Ekainak 28, Legutioko urtegian, Euskal Autonomi Elkarteko gazteek Euskadiko arraunketa txapelketak jokatu zituzten, aulki mugikorreko modalitatean, adinaren arabera sailkatuz, banakako eta taldekako saiotan.

Ilusioz beteriko gazteak, derrigorrezko ikasketaz aparte, bizitza osasuntsua edukitzeko horren garrantzitsua izango duten kirol arloa ere jorratuz ari direnak, era disziplinatuan talde lana ondo egiteak dakartzan onurak sentituz, elkarlanean sakonduz.

Han zeuden denak lehiarako prest. Lehiakor baino ere, bakoitzak bere barnean zituen ahalmenak ondoen emanik taldeak zein emaitza jasoko zuen jakin minez.

Eta kirolariak babesteko asmoz bertaratu ziren familiako eta lagun ugarik jendetza andana bildu zuen errepidetik bertara, zabalgune ederra geratzen zen urtegiaren ertz batetan. Giro oso atsegina zegoen, mendiz inguraturiko paraje lasaigarri haretan. Lainoz estalia zerua, baina ez zirudien euritara egingo zuenik. Haizea, indar tikikoa, eta fresko bai, baina hotzik ez.

Ikuskizun paregabea gozatzeko geunden.

Antolakuntza aldetik: EAEko Txapelketa ofíziala izaki, Eusko Jaurlaritzaren Kirol Saileko txalupak zebiltzan kontrol edo juje lanetan; Ertzantzaren kotxe patruila 2, trafikoa bideratzeko, eta anbulantzia bat; Euskal Arrauneko Federakundeak deitura horrekin bertan daukaten  pabiloia, ateak zabalik; ahots-gorailua atarian,  eta barnean mahaitxo bat, eta haren gainean, banatuko zituzten dominak beren zintekin. Eta mahaiaren bestaldean eserita, urtetan aurrera zihoan gizon bat, mikroa eskuan.

Gaztelera hutsean iragarpen guztiak, ekitaldiaren hasiera beretik. Francoren garaian, “Frente de Juventudes”eko gimnasiako irakasleek erabiltzen zuten tonu berberarekin, …taldearen izenak deituz saio bakoitzerako.

Halere, gogorrena gero etorriko zen. Lehia bukatu eta dominak banatzeko ordua iristean. Momentu hunkigarria eta serioa (solemnea), domina jaso behar duenarentzat eta baita haren taldeko buru edo arduradun, entrenatzaile eta gainerako bertaratu guztientzat ere,  familiakoak, lagunak… Han geunden denok momentu horren zain, korroan, pabiloiaren aurrean. Hor hasten da mikrofonoduna, adinez sailkatutako taldetan nor 3., nor 2., eta nor irabazle geratu den aldarrikatzen. DENA GAZTELERA SOILEAN BERRIRO. HITZ BAKAR BAT ERE EZ EUSKARAZ. Dominak zintzilikatzen dietenean gramola batetatik bozgorailuz “Gora ta Gora Euskadi…” ereserkia ipintzen dute(doinu soilez, hitzik gabe) eta, ekitaldia ez luzatzearren edo, 7-8 segunduz moztu. Eta horrela sail bakoitzarekin.

Ezin duzu ulertu zer ari den gertatzen, baina denbora aurrera do eta ekitaldia horrela bukatuko da. Ez dago hori egiten uzterik. Albokoekin hasten zara nola den posible galdezka eta denak lepoa uzkurtu eta ez dago eskubiderik esan bai, baina geldi. “Euskal Herrian Euskaraz” oihukatzen hastea pentsatzen dut. Ekitaldia zapuztu egingo litzateke. Bozgorailuak gazteleraz jarraitzen du. ONARTEZINA! Ezin dut gehiago jasan eta banoa antolakuntzako arduradunak dominak banatzen ari diren tokira. Federakundeko pabiloiaren ate irekiaren barrungo mahaitik erderaz ari denaren aurrera joaten naiz, eta bertan zeuden 4 antolatzaileei begiratuz galdetzen diet ea honelako ekitaldi batetan ez al duten euskaraz hitzik egin behar. Inor ez dut ezagutzen baina lau horietatik batek zorrotz begiratu eta zuzenean esaten dit: ”bai, baina orain ez da horretan hasteko momentua”.

   –“Orain da, noski, unea” “Eta ez gazteleraz aritzeko gunea” –erantzuten diot. Gorputzari itzulinguru erdia eman eta eskua altzatuz antzarrak perratzera bidali ninduen.

Bertan jarraitu nuen, lana oztopatu gabe, baina abagune hobe baten zain, arrazoiaren indarra erabiltzen jarraitu asmoz. Baina, minutuak aurrera, abagune hori ez zela sortzen ikusita, handik ateratzea erabaki nuen beren kabuz jarrera aldaketarik ez zutela izango jakitun.

Dena bukatu zenean, ikusi gabe neukan beste lagun batekin topo egin nuen, eta han zer egiten zuen galdetzean, Gipuzkoako arraun Federakundeko lehendakaria zela esan zidan. Kontatu nionean pasartea eta orduan hantxe bertan gertu-gertura neukalarik “orain ez da unea” esan zidana, berriro beregana zuzenduz galdetu nion (oraingoan Iñigo Alkain Gipuzkoako lehendakariaren aurrean) zergatik zioen “orain ez da unea”.

Nondik atera ez zekiela, ez dit ba esaten momentua ez zela egokia, oso lanpetuak zebiltzalako jende gutxirekin, eta ez zutela inor euskaraz ari izateko gai zenik. Ez nintzela laguntza ematera joan eta ea zergatik ez nintzen neroni lan horretara eskaini. Hori entzutean, hasi nintzaion erantzuten zergatik lehenengo erantzuna eman zuen esanez ez zela horretarako momentua, berak euskara jakinez zergatik ez zituzten paperak aldatu, berak deialdiak euskaraz aldarrikatu eta gazteleraz ari zenak dominak zintzilikatu, zergatik ez zuten aurreikusi arazo hori, jende faltaz soilik baldin bazen eta ez borondate faltaz. Nere erantzunaren aurrean, berriro bizkar eman eta besoa altzatuz aldegin egin zuen, haserre. Gero jakin nuenez, Juanin Lasurtegi zen gizon hori, Euskal Arraunketa Federazioko lehendakariordea. Eta Jose Fernandez Vaqueriza, mikroa eskutan, gaztelera soilean ari izan zena (lehendakaria hau).

Euskal Herriak horren bere duen kirolean, arraunean, euskarak lekurik ez izatea ezin onartu den zerbait da. Legution lehiatu zen gazteriari, euskal gazteriari, bertakoa den jatorrizko hizkuntza ukatzea ezin da salatu gabe utzi. Arrauneko Federazioko beste kargudunek ere badute erantzukizunik gertakari honetan, bertatik darabilten hizkuntza politika-praktika dela eta. Eusko Jaurlaritzak ere zaindu eta oztopa beharko luke berak babesten dituen erakundeek euskararekiko duten praktika diskriminatzailea. Euskarak daukan egoeragatik, asko egin bada ere, asko dauka oraindik egiteko normalkuntzaren bidetik, noizbait Euskal Herria euskalduna izango bada. Baina, atzeraka egiten ez dezagun behintzat utz!

Urtegi-zingira horretan urperaturik geratu ziren herrixka eta baserriak bezala ahanzturan utzi nahiko lukete batzuek gure hizkuntza ere, behingoz. Ezin da ulertu euskalduna den batengan horrelako portaera. Herra diote eta gorroto euskal kultura den zernahiri, eta bada garaia postu horietan dagoena euskal kultura eta euskararekiko errespetoko izan dadin neurriak hartzeko.

Ez zuten alferrik, guda irabazi ez arren, lur horiek zaindu eta zelatatzen dituen Albertian,  horrenbeste gudarik eman beren bizia.
Onartezina!

Buscar