Iñaki Altuna
GAUR8

Arreta pizten duten arazoek erantzun egokia merezi dute

Urteko balantzea egiteko garaia heldu da. Gertaera politikoek, sozialek eta ekonomikoek hedabideetan eta bozeramaile politikoen adierazpenetan izan duten oihartzunaren arabera egin ohi ditugu halakoak. Gaurkoan, ordea, beste metodo bat erabiliko dugu, zientifikoagoa ere badena. NAIZek eta GARAk sarean dituzten jarraitzaileei zerk sortu dien arreta nabarmenduko dugu azterketa hau egiteko orduan.

Eta aipatu beharreko lehen gaia urte berriaren hasieran ere albiste izango dugu, datorren urtarrilaren 11n Bilbon egingo den mobilizazio erraldoia dela-eta, hain zuzen ere. Halaxe da, amaitzera doan urte honetan euskal presoen aferak jakin-min handia eragin die gure hedabideak segitzen dituztenei. Urte osoan zehar NAIZek sarrera gehien izan dituen bi egunak Herriraren kontrako operazioarena eta “Parot doktrina” delakoaren gaineko ebazpenarena izan dira.

Estrasburgoko Epaitegiaren erabakiak bazterrak ederki astindu zituen. Azken boladako albiste nagusia izan da Euskal Herrian, baita Estatu espainolean ere. Estatuaren itxikeria eta «biktimekin» sortutako konponbidearen kontrako gotorleku itogarria agerian geratu ziren. Aldi berean, ezker abertzalearen estrategia berritua indartu zuen, ilegalizazioak babestu zituen epaitegi berak presoen kontrako muturreko mendeku politika gaitzetsi baitzuen, konponbidearen aldeko eta kontrako indarren talkaren erdi-erdian.

Herriraren operazioaren kasuan ere presoen eremuko baino haragoko irakurketak egin behar dira. Estatuak, ilegalizazioari berriro ekiteko aukera irekitzeaz gainera, bide eraikitzaile oro itxi nahi duela erakutsi zuen. Aldebiko prozesu eta elkarrizketari uko egin ondoren –ez duelako horretarako proposamenik eta, eremu horretan edozein urrats eginda, burujabetzaren hautua indartuko litzatekeela uste duelako–, Estatuak Euskal Herrian herri prozesu bat egituratzea galarazi nahi du indarkeriaren eta inposizioaren bidez, Kataluniarekin batera bigarren fronte bat ireki ez dadin.

Estatuaren oldarraldiek erantzuna izan dute. NAIZek eta GARAk sarean izan dituzten sarrerak ikusita, oso deigarria izan da Aske Guneek bereganatu duten erreferentzialtasuna. Donostian, Ondarroan eta Iruñean egindako herri harresiekin protestarako eta erantzun dinamikarako beste eredu batzuk jorratu dituztela eta, lortutako herritarren atxikimendua ikusita, eredu horiek oso arrakastatsuak izan direla esan daiteke.

Herriraren kontrako operazioarekin, “Parot doktrina”-ren indargabetzearekin eta herri harresien fenomeno berriarekin batera, beste gai batek ere piztu du interes handia gure irakurleen artean: Cabacas auzia. Apirilean eman genituen ezagutzera Iñigo Cabacas gaztea Ertzaintzak hil zuen gau hartako polizien arteko komunikazioen grabaketak. Argitasunari bide emateko aukera zabaldu arren, EAJren Gobernuak, garaian Rodolfo Aresek bezalaxe, nahiago izan du iluntasuna. Euskal Herrian abiarazitako aro berrian polizia eredua egokitu beharra dagoela esan arren, betiko jokabideek eta joerek indar gehiegi dutela agerian geratu da.

Urteko balantzea egiteko beste gai garrantzitsu asko izan badira ere –egunero-egunero herritar frankok pairatzen duten krisi ekonomikoa, esate baterako–, gure irakurleen arreta piztu duten eta lerrootan aipaturiko horiek, denak batera hartuta, ondorio garbi bat azalarazten dute: Euskal Herriko gatazka hortxe dago eta erantzuna eman behar zaio, bai bere arrazoiei bai bere ondorioei. Askatu beharreko korapiloak erantzun egokien zain daude.

Buscar