Arantza Santesteban
Historialaria

Artaldea

«Jakin badakidan arren, halako egoeretan are eta nabarmenagoa egiten zait artaldearen parte naizela. Ideologiak edota jatorriak ezberdinak izan daitezke baina working class-ekoak izateak zeharkatzen gaitu ezinbestean hegazkin honetan goazen gehienak. Artaldea zintzo demonio besaulki minuskulo hauetan paratuta eta gerrikoak lotzen direneko klik-en sinfonia guztiondako entzungarri.»

Vueling edota XXI. mendeko working class-ekoentzako aire bidezko garraio merkea. Aireportura sartu eta ahots metalikoak letrak, zenbakiak eta norabideak oihukatzen ditu etengabean. Kostata baina azkenean entzun dut, VLG 3730 hegaldia da nire oporraldira eramango nauen burnizko hegaztiaren identifikazioa. Umetan aireportuek niretzako zeukaten zirrara galdu egin dutela onartu beharra daukat. Halere, txartela eskuetan hartuta eta horren erraldoia den azpiegitura horietan ni bezalako izaki hutsalak dagokion hegaldiaren irteera lekua aurkitzea lortzen duenean, ilusioa eragiten dit oraindik.


Honako artikulua airean nagoelarik idaztea deliberatu dut. Oinak lurrean izan gabe eta hegazkineko kapitainak ohartarazi berri digun 850 metroko altueran goazela. Burua libreago egongo delakoan akaso. Edo ez.


Besaulkietan eserita eta aireratu orduko bidaiariak estu-estu eta larri-larri goaz. Norberak ahal duena egiten du nerbioak saihesteko, nerabeek oihu, gurasoek umeak fuerte heldu, edadekoek otoitz. Oraindik ere hunkitzen nau humanoa-ren hauskortasunak eta hain agerikoak iruditzen zaizkigun gure arteko kontrakotasunak nola difuminatzen diren aireratzeak sortzen digun bertigoaren aurrean.


Jakin badakidan arren, halako egoeretan are eta nabarmenagoa egiten zait artaldearen parte naizela. Ideologiak edota jatorriak ezberdinak izan daitezke baina working class-ekoak izateak zeharkatzen gaitu ezinbestean hegazkin honetan goazen gehienak. Artaldea zintzo demonio besaulki minuskulo hauetan paratuta eta gerrikoak lotzen direneko klik-en sinfonia guztiondako entzungarri.


Oroitu dut halako batean Elsa Punset-ek noizbait plazaratutako bideo hura. “La manada”. Halaxe aurkeztu zuela dut gogoan. Kamera ezkutua jartzen zuten igogailu baten barnealdean eta baita jakinaren gainean zegoen lagun talde bat honen barruan. Igogailuak bere ohiko geldialdia egin eta ezkutuko kameraren biktima bihurtutako enparaua sartzen zen igogailu barrura. Ateak itxi eta igogailuak gora egiten zuenean, bat-batean eta une berdinean, lagun taldeko kide guztiek 180 graduko bira ematen zuten eta igogailuaren atzeko partera begira geratzen ziren. Enparauak, biktimak, hori ikusita, alde batera eta bestera begiratu, urduritu eta gainontzekoen antzera buelta ematen zuen besteen posizio berdinean jarri arte. Ezin eutsi bakarrik geratzeari. Ezin eutsi taldeak egiten zuen horri muzin egiteari.


Hegazkinean guztiok egoera berdinean gaudelarik bideo hori oroitu dut eta enparauaren irudia gelditu dut une batez nire memoriaren pantailan. Oroitu ditut bere begi larriak bakardade sentsazioaren aurrean. Oroitu dut bere urduritasuna eta gainontzekoen antzera buelta eman arte zuen ezinegon keinua. Artaldeak babesa eta segurtasuna ematen digun moduan, artaldea bera tiranikoa izan litekeelako. Eta badelako.


Lurra hartzeko garaia iritsi da. Berriz ere nerbioak. Berriz ere larritasun aurpegiak eta gehiegi nabaritu ez dadin norberak erabilitako estrategiak. Katastroferik ez da gertatu eta hegazkina abandonatuta guztioi jarri zaigu antzerako lasaitasun keinua.

Buscar