Naiara Arrizabalaga Bilbao

Askegune bat herrixan bixotzin!

Urtza Alkorta kartzela junbizala esan ben Auzitegi Gorenin. Hori jarten ban idatziotsen azkan eskutitzin.Torturapin sinatzea behartuben adierazpen froga bakarrin. Baine bera ezetzin. Ez euan ados, barriz atxilotzeko Euskal Herrixan zabaldu dan garai barrixin.

Eusko Jaurlaritza baietzin. Ertzainak hasi zin beran bile gabe baten herrixantzir. Etxin eta kalin. Deixe ein ban Urtzak eta herrixe zeixan baja zan beran babesin. Bapatin! Askegune bat herrixan bixotzin! Herri harresixe altza zan eta Urtza geure artin, bitxartin…

Babesa, alkarlana, eta lue azkana. Batzun buruk hara, bestin beixak Santa Klara. Ene! Turrune! Antxoi zalakun lasune! Ez, Ertzaine! Lasai, zu ‘Urtzaine!’ Badatozela! Urten dabela! Eztabela! Zubire danok! Plaiko zubire? Bai, zubi harresire! Buelta eindabela! Gaur ez datozela. Momento egoki bat topa birdabela. Alamedi herritxarrez A! Ta Lekitxarrez gainezka ikusi dabela. Bañe Beltran de Herediak, legi beteko dabela klaru laga dabela.

Ba ordun antolatu egune! Bixar be ez eruteko lagune. Hau zabaldu ein bir de, txikine! Antolakuntza, sukaldaritza, zaintza, parte hartze ta komunikazio gune. Batzuk ojaelin erreteko prest atune. Kanpotik be ekarten ben jateku eta ure. Eskerri asko Aume! Kanpin denda, manta, esterila eta zeure sakun lo ezezaune. Hotzaz be kukubiltxu enje! Donostitxik eta Euskal Herritxik zelako alkartasune! Ene! gaba zalakun egune! Gaur be zeru urdine. Helikopteru buro ganin geuri beire. Aita, ama, anaxi, ahizti, lobi, eta txakurre etorri dile. Alamedi, kazetari, hedabide, komunikabide eta danon topagune! Hitzaldi, dantza, kontzertu, bertso, musika, berbena, kolore eta txiste. Hau zer da herri harresixe? Ala jaxe? Gabeko hamabixak jo dabe eta barriro Turrune! Eta holantxen bi furgonetak bi orduro bixitxi herrire. Lorik pe eztou hartu gaur be, baine ezin ixan dabe laune! Zubixe bete da goxeko lauretan be! Gaur zemagarren egune? Irakurri dau Urtzak beran eskutitze eta hasi de manifestaldixe. Eta holantxen... 6. egune. Ongun mendebaletik, egualdixe ilune. Hotza, haxi, eurixe eta popi be bustixe. Hartu txubaskeru, zirixe edo plastiko zatixe! Argi ibili de Iurretako txoixe!1,2,3...40 furgoneta badatozela Ondarrure! Euskal Herriko seme alabaz bete dan plaiko zubire! Bolanderak eta Turrune! Nik hamen inor eztot ezautzen laune! Alkartasune, duintasune eta kresal usaine! Eta erdi erdixan herrixak matxe matxe daben Urtza lagune! Aila diz Tierra mar y aire! Hainbeste ertzain batea herrixan ezti sartu sekule! Bixkat emoten dabe bilurre! Ordu bat eta bire zintxa dantzi eta egurre! Zakari, porrazo, ukabilkada, uletatik ten, eta tatarrez airin ata dabe! Guantik be apurtute. Ikusten gakoen aginak be zikatute. Danak eitzelako aurre. 3.ordure, Urtza eta Ertzainak aurrez aurre. Gora Zubi Harresixe! Urtzak altza dau ukabile zerure. Danok entzun dou beran askatasun deixe! Jaso dau geure irrintzixe! Ertzainan jokabidi ixan da lotsagarrixe! Eta holantxen bakarrik ahal ixan dabe erun lagune! Bañe zelan azaldu herrixan sortu doune! Gipuzkutik Bizkaire, eta Bizkaitxik Nafarrure, guazen herri harresire! Beste 200 lagun giltzapetzeko prest ei da Espaniko Auzitegixe! Hauxe da Euskal Herrixe! Herri baten erresistentzixi eta desobedientzixe! ESKERRIK ASKO EUSKAL HERRIXE!

Zelan azaldu hitz gutxitan, Ondarrun 6 egunetan bizi, eta sentitutakoa herri harresian. Landu eta sendotu ditugun baloreak herrian eta Euskal Herri mailan lortu dugun garaipen hau. Milaka lagun, ezagun eta ezezagun, Urtza preso polítikoa babestera etorri izana eta Ondarru inoiz baino harroago sentitzen den emozioa. Bai, reso politiko bati babesa ematearren batu ziren asko, egunerokotasunaz ere ahaztu zirala eta besteak lanorduak zein eskola orduak ere utzi zituztela. Ume, nagusi, zahar eta gazte. Kazetariak ere Ondarrura bizitzera etorri zirala. Oraindik Espainian eta Euskal Herrian bertan ere batzuek ez dute onartzen, Urtza, Euskal Preso Politikoa denik. Gartzeletan daudenak ez omen dira preso politikoak esaten digute Espainiatik eta batzuek entzungor hemendik. Baina herrian badakigu ezer irakurri barik, kartzelan daudenak, bide ezberdinak medio, kartzelan daudela, politika egiteagatik edo eta arrazoi politikoengatik.

Eta ez PNV! Arrazoi duzue. Ez dugu Euskal Herri osoa ordezkatzen herri harresietan gaudenok. Baina Euskal Herritarrak gara, eta zuek ere ez duzue ordezkatzen, tamalez. Urtzak ‘Eskerrik Asko Euskal Herria!’ oihukatu zuenean Euskal Herriaren zati handi bati ari zela ere ezin duzue ukatu ordea. Eta ez dugu horren dudarik. Ezin duzue ukatu Euskal Herriko txoko ezberdinetatik berarengana hurreratu eta bere alboan bildu ziren su indar txiki guztiak geure begien aurrean ikusi ez genituenik! Eta baita sentitu ez genuenik! Beraien babes ohiuak entzun ez genituenik! Herria konturatu da ez dagoela hori baino gauza ederragorik askatasunaren alde borrokan, eta lan politikoetan ari den herritar batentzat. Hortik Urtza kartzelan egon arren “zoriontsu” eta harro dagoela dakigu.

Urtza gurekin geratzeko asmoz altxatu zen herri harresia. Bai, eta bagenekien ere zuek eraman egingo zenutela. Baina ez inori leporatu gizartea tentsionatzea herritik eta maitasunetik sortutako ekintza bategatik. Herria antolatu zen Urtza babestera eta tentsioa, zuek bidalitako kasko gorriekin etorri zen. Ia sei egun behar izan zenuten ordea Espainiar Justiziaren legea betearazteko. Ezingo duzue, sei egun horietan herrian sortu eta zabaldutako sentimentu eta alkartasun aleazioen kalkulurik atera inoiz. Beraz, eskerrik asko, luzatutako denbora horregatik. Merezi izan zuen benetan. Donostian bezala, garai berrien aurrean beste herri konpromiso batekin egin zenuten topo. Ondarrun, bigarren aukera zabaldu zitzaizuen Urtzaren eskutik, Espainiar Estatuaren justiziari uko egin eta atxiloketa politiko hauei planto egiteko. Herriak ¿a donde vas? galdetu eta zuek ¡manzanas traigo! erantzun. Esanez, beste batzuek ere espaniar legeak betetzen dituztela espainiar banderak udeletxeetan jarriz. Baina gogorrena da, udaletxe batzuek bandera espainiarrak jartzeari uko egin eta horren ordainetan udal karguak galduko balute, kargu horiek zuek lapurtzeko balorea izango zenutela barriro. Herri honen zati handi batek argi erakutsi du gizalegezkoak iruditzen ez zaizkion legeei badakiela aurre egiten, eta desobedientzia bidea zabaltzen. Gogoratu bestela herrian, hauteskundeak galdu zenuten egun hartan, PNVko herritarrek ere udal karguak hartzeari uko egin eta zuek, goitik, Gestora bat eratu zenutenean. Udal Gestora horren aurka kontatu zenbat herritarrek ordaindu ez zizkizueten udal zergak. Herri honetan bake prozesu bat martxan jarria da eta jendea ez dago prest beste preso politiko bat gehiago gartzelaratua izateko. Urteak, hamarkadak eta baita mendeak ere pastua dira erresistentzia ezberdinetan. Aintzin garaietatik harriz, hitzez, ekintzez, arimaz eta orain gorpuzez! Amaiurko gaztelua harrizko harresiekin defendatu zuten haiek, harro egongo lirateke orain herritarrezko harresiak egiten direla herritarrak babesteko ikusiko balute!

Egun hauetan, telebistan, Luis Aranbururi entzun nion, Ezker Abertzaleak ‘Mateo Txistu’ren sindromea daukala. Mateo Txistu apaiza zen baina bere ofiziotik kanpo bazuen ehizarako afizioa. Horrela askotan elizatik irten eta mendian galtzen zen ehizan. Badirudi ordea hori ez zegoela ondo batzuen ustez. Eta Mateo Txistuk aukeratu egin behar zuen ehizara joan edo apaiza izaten jarraitu! Horren haritik esaten zuen Aranburuk, Ezker Abertzaleak ere aukeratu beharra daukala Instituzioetan egon edo Ondarru eta Donostian antolatu diren moduko ekintzetan parte hartu. Ba nik, gora Mateo Txistu! Nork dio Mateo Txistuk ezin zituela gauza biak egin? Kontua da, Ezker Abertzalea instituzioetara iritsi dela eta herri mugimendua bizi bizirik daukala. Bizitza hontan gustora egiten diren gauzak dute norberetzat balio berezia. Seguru nago Mateo Txistuk hobeto pasatzen zuela ehizan eta mendian, Elizan baino. Ez da arazoa, aukeratu beharra zer egin eta non ez egon, jauna! Garrantzitsuena gauden lekuan gustora gaudelako egotea da! Hori egin nahi dugula sentitzen dugulako. Eta are gehiago, ederra izan da herritarrentzat instituzioetan dagoen jendea herri harresian ere ikustea! Batez ere haiek ez zeudelako diruagatik, han egon behar zirela sentitzen zutelako baizik. Gogoratu zubi harresian oihukatzen zena ehiztariei: ‘Nosotros por amor, vosotros por dinero!’

Jon Maiak behin, Xabier Silbeira eta Troitino solas lagun ala azaldu zigun Ondarroako Kafe Antzokian mahai inguruan: «Ez dago Europa osoan gu baino herri prestatuagorik herri mugimenduetan lan egiten, herritarrekin lan egiten, gizartea aldatu nahi duten mugimendutetan lan egiten. Guk daukagun kultura hori, herri honek garatu duen jakinduria hori herri indar bizietan lan egiten…». Ondare hori nahiago lukete instituzioetan dauden politiko askok izan. Eta jarraitzen zuen; «Euskal Herriko borroka politikoari esker, ez ondorioz, baizik eskerrak borroka honi mantentzen ditugu inon baino indartsuago eta biziago gizarte okzidental eta indibidualista hontan galtzen ari diren balore asko. Ohituta gaude kolektiboki pentsatzen eta lan egiten, eta alkarri laguntzen. Gizartea gero eta indibidualistago bihurtu den garai hauetan, guk berriz, urteetako kultura bat daukagu. Esaterako presoen mugimenduaren bueltan eraiki eta garatu dugun kultura; alkartasunaren kultura bat da, beste inork ez daukana, badugu ere justizia eta giza eskubideen aldeko kultura bat jende gehienak kalean ez daukana. Beti ari gara pentsatzen eskubideetaz, nola eskatu, nola lortu, zer egin... Baita ere sakrifiziorako kultura bat garatu dugu, gure bizitzaren gainetik pentsatzen eta jokatzen dugu, beste Euskal Herri bat eraikitzeko. Borroka honek eman dizkigu balore batzuk galtzen ari direnak munduan...».

Hamarkadetan zehar garatzen joan dan mobilizaziorako kultura hori fruituak ari da ematen eta Donostian zein Ondarrun harro gaude! Ondarrutarrok horrela abestu dugu: ‘Harro hadi Kantauri Itsasoa!’... Eta orain inoiz baino argiago, herri harresiek erakutsi dute zergatik merezi izan duten aurreko borrokek. Hainbat urteetako alkartasunik gabe ezinezkoa litzateke gaur horrelako harresiak eraikitzea. ETAren su etenaren ostean garai berrietan murgiltzen goaz baina borroka molde berriak ikusten dira. Badago indarra beste gizarte bat eraikitzeko. Sinistu behar da goi mailako politikagintzatik haratago herriek daukaten ilusio, balore eta indarrean. Herrietan indar handiko masa kritikoak daudela eta herritarrak protagonista izan daitezkela. Herritarrak, Urtzarekin batera protagonista izan dira herri harresian.

Herri honen nazio eraikitze bidean gauza batzuk ondo eta beste batzuk gaizki egin dira. Baina Garrantzitsuena helburuak maitasunez eraikitzen joatea da. Eta egiten diren ekintzak gugan efektu bat sortzea. Porrotxek esaten duen bezala, «...ez dago gauza politagorik, Euskara maitasunetik eta humoretik zabaltzea baino!». Ba, balore horietatik sortu dira ere Herri Harresiak! Bukatzeko gauzatxo bat. Behin Mario Zubiaga irakasleari entzun nion «...los Estados Modernos de hoy en día, son fruto de mucha sangre y semen». Ez dugu ahaztu behar beraz, gaur egun, Justiziaren izenean, esku garbiekin gartzelaratzaeak agintzen dituen Espainiar Estatua, mendeetako hainbat odol eta sarraskiren erantzule dela. Hainbat herri txiki deusezte eta hizkuntza zapalduen erantzule. Hemen, han eta Amerikan ere! Baita, lurraldetasuna bereganatzeko hainbat errege-erreginen ezkontza odol-lotura, eta konkista gerra gehiegikerien erantzule! Mendeetako makinaria instituzional horren azpian jarraitzen dute herri txikiak. Tartean Euskal Herriak. Nola ba ez ditugu maitatu eta babestuko herriaren alde bihotza jarri eta dena ematen dutenak! Aupa Urtza eta Aupa zubi harresia!

Buscar