Rebeka Ubera eta Ikoitz Arrese
EH Bildu

Aukera galdua Lanbide Heziketan

Gobernuarekin izandako bilkuran gure lege proposamena «oso txukuna» zela aitortu ziguten, baita EH Bildurekin lan-egutegi bat aurkeztuko zigutela ere. Zoritxarrez Hezkuntza Sailaren eta EAJren aldetik ez da EH Bildurekin adostasunetara heltzeko inongo borondaterik egon. Oraingoan ere, azken hilabeteetan gainerako arloetan ikusi dugun bezalaxe, Confebask-ek markatutako politikak lege bihurtzea lehenetsi dute.

Nola definituko zenuke Lanbide Heziketa? Zer da, lan munduari begira kokatzen den heziketa? Ala, ibilbide akademikoan irekitzen den formakuntzarako beste lerro bat? Langileak sortzeko soilik balio duen adarra da? Ala ibilbide profesionalari begira pertsonen garapenean beste aukera bat eskaintzen duen arloa? Enpresen behar hutsak ase behar dituen zikloa da? Ala tokian tokiko beharrei egokitutako prestakuntza eskaini behar duena? Confebask-en mesedetara funtzionatu behar du? Ala gertuko enpresekin eta udal zein eskualdeekin elkarlanean aritu behar da?

Ziurrenik galdera hauek ez dute erantzun bakarra, izan ere, Lanbide Heziketak helburu asko ditu bere baitan eta ez dugu zalantzarik aurreko guztietatik apur bat baduela. Dena den, guretzako, Lanbide Heziketa Hezkuntza sistemaren barruan kokatu behar den arloa da zein pertsonen heziketa prozesu integrala eta tokian tokiko garapena sustatu behar duena.

Beharrezkoa deritzogu, norabide horretan, hau guztia arautuko duen legea, jakina. Are gehiago, EAEko legegintzaldi honetarako hauteskunde programan, hainbat adituk “Denon Herria” dokumentuan gomendatu zutenaren norabidean, Lanbide Heziketako legea garatzea proposatu genuen EH Bildun. Zentzu horretan, sektoreko aditu, langile, ikasle, sindikatu eta eragileekin kontrastatu eta osatutako lege proposamena aurkeztu genuen Legebiltzarrean. Zoritxarrez, EAJ, PSE eta PPren betoarekin gure proposamenak ez zuen aurrera egin, Gobernua sostengatzen duten taldeenari (soilik) bide emanez.

Gasteizko Legebiltzarrean ekainaren 28an onetsi zen Lanbide Heziketaren Legeak ez zuen gure babesik izan. Aipatu legeari ez genion oniritzirik eman, gure aburuz, eta labur esanda, herri gisa ditugun behar propioetara egokitu beharrean Espainiako, multinazionalen zein gutxi batzuen interesen araberakoa delako. Legeak jaso duen helburu nagusietako bat irakurtzea besterik ez dugu: «eskola-uztea eta -porrota eragoztea, enplegurako balioa duten kualifikazioak eskainiz eta horiek hezkuntza-sistemara bueltatzen saiatuz» aipatzen da, hain zuzen ere, Lomce legeak Lanbide Heziketari egozten dion helburu berbera.

Gainera, EH Bildun lege hau hobetu eta babesteko hamaika ahalegin egin dugu. Proposamen propioa aurkeztu genuen, Cristina Uriarte sailburuarekin zein Jorge Arevalo sailburuordearekin bildu ginen, alderdi ezberdinekin ere harremanak izan ditugu, sortutako ponentzia berezian erdibideko zuzenketak planteatu dituen taldea izan gara… alegia, adostasunetara heltzeko borondatea beti izan dugu mahai gainean. Are gehiago, Gobernuarekin izandako bilkuran gure lege proposamena «oso txukuna» zela aitortu ziguten, baita EH Bildurekin lan-egutegi bat aurkeztuko zigutela ere. Zoritxarrez, Hezkuntza Sailaren eta EAJren aldetik ez da EH Bildurekin adostasunetara heltzeko inongo borondaterik egon. Oraingoan ere, azken hilabeteetan gainerako arloetan ikusi dugun bezalaxe, Confebaskek markatutako politikak lege bihurtzea lehenetsi dute.

Gure ustez behar dugun Lanbide Heziketarako legeak herritarron ongizatea izan behar du helburu. Eskualdeen tokiko garapenetik kohesioa garatuko duen legea da beharrezkoa duguna. Pertsonak lehentasun, ikasleak eta ikastetxeak erdigunean, herri zein eskualdeetako etorkizuna erronka eta kohesioa, garapen pertsonal, sozial eta ekonomikoa helburu. Hau dena parte hartzean, komunitatean eta saretzean oinarritua.

Euskal Autonomia Erkidegoan kokatua dago onetsi den legea, baina espainiar Estatuko markoari begira, gure jendartearen premia sozioekonomikoak bigarren plano batean uzten ditu eta Confebasken epe motzeko eredu produktiboa gailentzen du. Beraz, Espainiako lehendabiziko Lanbide Heziketako Marko Juridikoaren aurrean gaude, Espainiakoan bai, ez Euskal Herrikoan.

Badakigu, noski, Lanbide Heziketako lege batek sare produktiboaren nondik norakoei erantzun behar diela, baina begirada etorkizuneko jendartean jarrita. Bertoko enpresa ertain-txikietan begirada jarrita izan beharko zukeen, bereziki, eta ez erabaki gunea beste herrialde batzuetan duten enpresetan. Eta sare erreproduktiboa eta sistema publikoa ere kontuan izanik. Ikastetxe publikoei behar duten bultzada ematen genien guk.

Lan mundua erpin askoko molde gisa irudikatzen dugu. Horregatik beharrezkoa da, erpin horiek guztiak landu eta ikusiko dituen Lanbide Heziketa egituratzea: politika publikoen eta garapen iraunkorraren zerbitzura egongo dena, kalitatezko lan baldintzak sustatuko dituena, jendartearen mesedetan arituko dena, lan mundua euskalduntzeko tresna ere izango dena, inklusioa bilatuko duena, eta abar. Izan ere, Lanbide Heziketa euskaldundu gabe, ezinezkoa izango baita lan mundua euskalduntzea. Eta zoritxarrez, lege honek ez du aurrerapausorik ematen horretan.

EH Bildun Lanbide Heziketa Hezkuntza Sailean kokatu nahi izan dugu, nahiz eta sailen arteko lanari paper funtsezkoa eman, nola bestela! Gobernuak, ordea, non kokatu nahi  duen ez dago argi. Galdera da, lehentasunak berdinak al dira LH Industriatik edo Hezkuntzatik gidatu?

Lanbide Heziketako politikak definitzeko marko kolegiatu erabakigarriak zehazten saiatu gara: ‘Organo Gorena’ eta ‘LH Euskal Kontseilua’. Parte-hartzea zabaltzeaz gain izaera lotesleagoa eta aktiboagoa emanez hauei. Baina honetan ere Gobernuak nahiago izan du Sailburuordetzan eta enpresetan mantentzea erabakitzeko ahalmena.

Tokiko garapena ere badugu ardatz. Marko juridikoak ezarri beharreko ardatzak argiak izan behar baitira lortu nahi dugun norabidea zehazten laguntzeko. Oinak ongi finkatuak izan behar ditugu gure lurraldean, kanpora begiratzeko. Nazioarteari ikerketa aplikatu eta berrikuntzaren zutabeetan oinarrituz begiratu behar diogu. Eta ez alderantziz.

Luze jarrai genezake gure proposamenaren edukiak eta Gobernuarenarekiko desberdintasunak azaltzen, norabideak zeharo ezberdinak baitira atal gehienetan. EH Bildun, ordea, argi dugu Euskal Lanbide Heziketaren eredua lortzeko lanean jarraituko dugula, ekainaren 28an EAJk PSEk eta PPk onetsitakoari norabidea aldatzen saiatuz, hobetuz eta herritarren zein herrien zerbitzura jartzeko. Lanbide Heziketa oinarrizko zutabea izan behar baita herri ikasi eta aurreratuak behar duen hezkuntza sistema propio eta burujabean. Momentuz, aukera galdua.

Buscar