Larraitz Ugarte
Abokatua

Autokrazia iraila arte?

Anomalia demokratiko bat da: ez gaude hauteskunde fasean eta parlamenturik ez dago. Zantzu guztien arabera, ez dira iraila arte izango eta anomalia honek, beraz, zazpi hilabete luze iraunen du!

Hilabete beteko da inongo agintari politikok hala eskatu gabe herritarrok gure etxeetan konfinatzeko erabakia hartu genuenetik, gure taberna, komertzio eta jatetxeek ixtea erabaki zutenetik. Epe honetan, guztion bizitzak goitik behera aldatu eta ziurgabetasun beteko etorkizunari aurre egiteko barne borrokan gabiltzanean, herritarron onena eta klase politikoaren txarrena ikusteko aukera izan dugula esatera ausartuko nintzateke. Langile asko zegokiena baino gehiago ematen ikusi ditugu, lan eta segurtasun baldintza egokietan beharrean, txalo batzuen truk. Bitartean, txarrenari etekin ekonomikorik handiena ateratzeko eskrupulurik gabeko enpresariak orroka atera zaizkigu prime timean, Eusko Jaurlaritzak lehenei bizkar eman eta besteak sutsuki babestu dituen bitartean.

Egunotan, kontrolik gabeko lehendakari eta gobernu autonomiko bat ikusten ari gara, inoiz baino ageriago utzi diguna zer lehenesten duen, ze klase interes defendatzen dituen eta non jarri dituen indarrak, pandemiari aurre egiten baino hainbat enpresaren kontuen emaitzak bermatzen, inolako disimulurik gabe. Hori izango da ziurrenik egoera hau amaitzean arrakasten zerrendan agertuko den lehena: gai izan da, milaka langile segurtasun baldintzak bermatu gabe euren lanpostuetara itzultzera behartzeko. Gainontzean, harro egoteko zerrenda laburra baitauka. Erabakietan (hauteskundeak bertan behera uztea, langileen babes neurriak ziurtatzea, herritarrei testak egitea, konfinamendua eta jarduera ekonomikoaren etetea...) gaizki eta berandu jardun du; erakutsitako datuen dantzak eta informazioaren opazitateak egia esaten ari ote zaizkigun galdera zabaldu du jendartean eta bereziki gaixotasunarekin lotura estua dutenengan; osasun langileak kexu ditu; lehen sektorea anikilatzeko merkatuak debekatzeko saiakeran atzera egin behar izan du... Gobernua bera Madrilen delegazio soil bilakatu du bere kudeatzeko ahalmena defendatzeko imintziorik egin gabe, hemen, EAEn, bere jardunaren inolako kontrol mekanismorik ez izateko eginahalak eta bi egin dituen bitartean.

Egungo sistema parlamentarioak demokraziaren ikuspegitik dituen galga guztiekiko oso kritikoa naizela badiot, ez dut sekreturik aitortzen. Parlamentuak (eta EAEko lurralde historikoetan batzar nagusiak), parlamentatzeko, eztabaidarako gune bilakatu dira gehiago, herri baten norabide eta erabaki politiko nagusiak hartzeko baino, horrek demokraziari egiten dion kalte guztiarekin. Bere jardueraren portzentaje handi bat herritar, sindikatu eta elkarteen ahotsak bertaratzea izan ohi da, legez besteko proposamenen eztabaidarekin batera. Legez besteko proposamen hauek Gobernuak egin beharreko jarduera politikoa norabidetzeko akordioak izan ohi dira eta Gobernuari igortzen zaizkio, praktikan ez dagoelarik inolaz ere hauen exekuzioa gobernuarentzat loteslea izateko mekanismorik. Alegia, botere exekutiboak botere legegilearen gainetik eta honi bizkar emanez jardun dezake lasai asko egungo botere banaketa sisteman, nahiz eta gutxiengoan egon, egun EAEn gertatzen den bezala. Paradoxikoki, gutxiengo batek gehiengo baten gainetik jardun dezake gehiengoen borondatearen printzipio demokratikoa erabat hauskor bilakatuz.

Berebat, Parlamentuak dituen bi funtzio nagusiak, Gobernuaren jardunaren kontrola eta jarduera legegilea, oso mugatuta daude ezarritako metodologia eta baliabideei dagokionez. Horrela, Gobernuaren kontrola egiteko mekanismoek Gobernuaren erantzunak prestatzeko, eta are manipulatzeko aukerak eskaintzen ditu. Alegia, Gobernuak maneiatzen du informazioa eta berak erabaki zer esan eta zer ezkutatu nahi duen. Ahalmen legegilea gauzatzeko, berriz, parlamentuek dituzten baliabide teknikoak gobernuek dituztenak baino xumeagoak dira. Sistema parlamentarioak dituen defizit horiek guztiak, baina, esponentzialki handitu dira egungo testuinguruan.

Urkulluk otsailaren 10ean hauteskundeak iragarri zituenetik Legebiltzarra deseginda dago eta Diputazio Iraunkorra soilik egon daitekeela martxan esan zaigu. Honek ez du ahalmen legegilerik eta kontrol funtzioa txikitua dauka. Halere, Urkullu Diputazio Iraunkorra ez biltzeko ahaleginean ikusi dugu, honen ordez bilera informalak deitzeko saiakeran. Berez indartsu den Exekutiboa indartsuago izateko saiakera itsuan. Honela, badira bi hilabete luze, Urkullu bere kasa dabilela, inongo kontrol demokratikotik at eta autokrazian gustura, herritarron gehiengoak hautatutako gainontzeko indar politikoak desagerrarazteko saio lotsagabean.

Indar politiko eta eragile sozial, sindikal eta enpresari elkarteen artean mahai intersektorial bat ezartzeko egindako deiei erantzun ere ez die egin. Zertarako partekatu informazioa, erabakiak eta ardurak, norberak nahi duena egin dezakeenean, ezta?

Anomalia demokratiko baten aurrean gaude, are gehiago 7/2020 Dekretuak, hauteskundeen atzeratzea iragarri zuenetik. Hau da, ez gaude hauteskunde fasean eta parlamenturik ez dago. Alarma sanitarioaren altxatzea ematerakoan, Urkulluk berriz egin beharko ditu hauteskundeen deialdia, hautesle-erroldaren gaurkotzea, zerrenden aurkezpena eta gainontzeko prozedura guztiak. Zantzu guztien arabera, hauteskunde autonomikoak ez dira iraila arte izango eta anomalia honek, beraz zazpi hilabete luze iraunen du! Tarte honetan, logika juridikoz Parlamentuak indarrean egon behar luke, lege hutsuneari etekin politikoa atera beharrean ordezkapen demokrazia berrezarriz. Hori ezean, Diputazio Iraunkorrari egun ez dituen funtzioak egotzi beharko litzaizkioke, parlamentu batek dituen funtzioak izan ditzan eta mahai intersektorial batekin osagarrituz. Borondate politiko kontua da, baina krisi honek zerbait agerian utzi badu hain zuzen ere horixe da, krisi honen timoia, Madrilekin otzan eta hemen autokratiko jarduten duen lehendakari baten esku dagoela.

Buscar