Erlantz Anda, Ibai Iriarte
Gasteizko Harresiko kideak

Auzipetuekiko elkartasuna ehuntzen

«Aurretik ere esan genuen absoluzioa zela onartuko genuen epai bakarra, baina absoluzioak ere ez luke aurreko bidegabekeria hori guztia zuzenduko.»

Polizia espainolak operazio ezberdinak burutu zituen Gasteizen 2007. eta 2008. urteetan, hamaika lagun atxilotuz. Horietariko asko inkomunikatu eta torturatu zituzten. Gorabehera judizial ugariren ondoren, lau izan ziren azkenik 2-09P prozeduran auzipetuak eta epaiketaren zain geratu ziren gasteiztarrak. Segi-ko kide izatea leporatzen zieten lauroi, kale borrokako ekintzaren bat ere bai haietako bati. Orotara 48 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen fiskaltzak, horietariko 27 Koldorentzat.


Zazpi urte igaro ondoren, urte honen hasieran, epaiketa bazetorrela-eta, asanblada irekian bildu ginen Gasteizko Harresiaren deiari erantzunez. Hilabete luzean zehar, ekimen ezberdinak burutu genituen. Esanguratsuena, Gasteizko kaleetan zehar bi mila herritar inguru batu zituen manifestazioa.


Denbora horretan guztian, hiru mezu nagusi errepikatu genituen. Baga, berdin zitzaigula zer delitu leporatzen zitzaien Zapa, Fede, Zika eta Federi edo beste edozeini. Inor ezin dutela epaitu salbuespen epaitegietan salbuespen legedien pean, egituraz eskubide urratzaileak baitira batzuk zein besteak. Biga, ezin dela pertsonarik auzipetu inkomunikazioaldian eta poliziaren aurrean sinaturiko adierazpenak oinarri hartuta, ez baitago adieraz- penok bortxaz lortuak ez izanaren inongo bermerik. Zikak eta Xabik torturapean eginiko adierazpenak ziren, hain zuzen ere, prozedura honen sostengu bakarra. Higa, Zika, Fede, Zapa eta Federen inguruan babesa antolatuko genuela eta babes horren parte izateko gonbita luzatzen geniela gasteiztar guztiei.


Azkenik, maiatzaren lehendabiziko egunetan egin zen berme juridikorik gabeko epaiketa, bermerik gabeko prozedura bati dagokion moduan. Honetan luzatu gabe, bi kontu behintzat izan ziren bereziki nabarmentzekoak. Batetik, fiskalak berak onartu zuen oinarri bakarra inkomunikazioaldian sinaturiko adierazpenak zirela, jurisprudentziaren arabera hori ez dela nahikoa inor zigortzeko... baina espetxeratze eskaerak mantentzen zituela. Bestetik, eskaerak mantentzearekin pozik ez eta, auzipetu zein abokatuen harridurarako, figura deliktibo berri bat sortu zuen Koldo eta Federentzat: Desordena publikoen saiakera «urruna», 27 eta 6 urteetako eskaerari 5 hilabete gehiago erantsiz.


Apirilaren 25ean epaiaren berri izan genuen. Zapa, absolbitua. Fede eta Zikari bosna hilabetetako espetxe zigorra eta zazpina urteko gaitasungabetzea, aipatu desordena publiko «urrunengatik». Xabiri 2 urte eta sei hilabetetako espetxe zigorra, «helburu terroristekin» burututako desordena publikoengatik, eta 9 urtetako gaitasungabetzea. Gauzak horrela mantenduz gero, Xabi izango litzateke espetxean sartu beharko lukeen bakarra, behin-behineko espetxealdian ia bi urte eman ondoren urte erdi inguru gehiago betetzeko.


Lehendabiziko erreakzioa pozezkoa izan zen. Fede, Zika, Zapa eta Xabirengatik poztu ginen, urte luzeetako espetxealdiaren arriskuaren aurrean, azkenean zigor dezente arinagoa inposatu baitzaie. Jarraian, arnasa hartu, atzera begiratu eta urteotako ibilbide hori guztia justiziaren betaurrekoekin begiratzearekin batera, haserrea eta amorrua nagusitu zitzaizkigun. Atxilotuak, inkomunikatuak, torturatuak. Zazpi urte, edozein unetan hel daitekeen epaiketaren zain, zazpi urte, eguneroko bizitza baldintzatuta, epe luzeko proiektu pertsonal, kolektibo edo politikorik planteatzeko erabat mugatuta. Zazpi urteren ondoren, testuinguru oso ezberdin batean, orduko epaitegi eta legedi injustu berdinen pean berme judizialik gabe epaituak. Azkenerako, leporatzen zitzaizkien ustezko delitu larrien zantzurik ez, eta berri batzuk asmatuta zigortu dituzte. Nola ez amorratu? Aurretik ere esan genuen absoluzioa zela onartuko genuen epai bakarra, baina absoluzioak ere ez luke aurreko bidegabekeria hori guztia zuzenduko.


Orain, zain jarraituko dugu. Xabiren errekurtsoaren ebazpenaren zain. Urte honetan epaituak izan ziren gazte independentisten aurkako epaiketaren epaiaren zain. Salbuespen politikoen ondorioz epaiketaren esperoan dauden hamarka gasteiztarren epaiketen daten zain.


Baina, batez ere, adi eta aktibo egongo gara. Eskubide zibil eta politikoen aldeko eta auzipetuen babeserako elkartasuna ehuntzen. Elkartasunetik konpromisora jausi egiteko bide egokienak hausnartzen.

Buscar