Irati Zabalza, Ibai Sueskun eta Maitane Balda*
Donibaneko ezker abertzalearen izenean

Azken geltokiruntz

Egoera krudel honek egungo sistema are krudelagoa dela agerian utzi du. Eta sistema hau babesten eta muntatzen dutenak biluzik geratu dira jendartearen begietan.

Hilabete pasa da konfinamendua hasi zenetik. Kontu txinatarra balitz bezala hartu genuen hasieran berria. Urrun ikusten genuena hurbil sentitzen hasi ginen. Egun batetik bestera, ezustean, gure bizitzak goitik behera aldatu dira. Nola ahaztu konfinamenduan murgildu ginen eguna! Angel Berrueta Legaz auzokidea polizia nazional batek tiroz erail zuen egunaren urteurrena. Ezin izan genion urtero bezala bere familia eta lagunei besarkadarik eman. Baina gogoan izan genuen gure Angel. Berarentzako txaloak ere!

Egun batetik bestera, auto zaratak eten dira, umeen algarak gure parkeetatik desagertu dira, gure adindunak ez daude obrak behatzen edo paseoan, tabernetan ez da topa hotsik. Behintzat naturari parentesi bat oparitu diogu eta animaliak gure kaleetan libre ikustea horren adierazle da.

Gogorra da egoera. Batzuentzat, beste batzuentzat baino gehiago. Baina guztiontzako ez ohiko egoera zaila dugu honakoa. Gogorra da bai, Covid-19ak gure lagun, senide, ezagun dexente eraman baititu eta min hori zaila da erreparatzen. Gogorra da ere, ikustea nola gure osasun sistemak gainezka egin duen. Gogorra da, batzuk lanera joatera derrigortzea osasun segurtasunik bete gabe. Gogorra, beharrak dituzten pertsonak virus honek nola kolpatzen dituen ikustea. Eta nola ez, are gogorragoa epetxeetan preso ditugun lagunak pairatzen ari diren egoera (zuekin gaude!).

Egoera krudel honek egungo sistema are krudelagoa dela agerian utzi du. Eta sistema hau babesten eta muntatzen dutenak biluzik geratu dira jendartearen begietan.

Borrokan ibili ginen murrizketen aurka osasungintzan, adindunen erresidentzietan, bizitza erdigunean jarri izan dugu mugimendu feministaren ikurrapean, maiatzaren lehenetan eta egunerokoan. Langileen prekarietatea salatzen dugu, elikadura burujabetzaren alde jardun, indar armatuen gehiegikeriak eta errepresioaren aurka ozen oihukatuz, finean sistema kapitalista heteropatriarkalaren aurka borrokatu dugu. Honen guztiaren aurrean berresten gara: bestelako bizi eredu bat urgentea da! Ekintzek dute hitza.

Denborak bakoitza bere tokian ipintzen omen du eta garaia da aitortzeko eredu horren sen terrorista. Sistema beldurgarri horren aurrean, ezker abertzaleak beti izan du argi zein den irtenbidea: borroka. Eta borroka koiuntura honetan bizitzaren aldeko eredua martxan jartzea da, alternatibak eraikiz. Egun hauetan, horren adibide txiki-handi batzuk ikusi ditugu auzo eta herrietan. Zaintza sareak sortu dira, bolondresak biderkatzen doaz eta auzokideen arteko elkartasuna sendotu egin da. Era berean, lehen lerroan dauden garbitzaile, osasungintzako langile, dendari eta suhiltzaileen lana balioan jarri da, hala bedi! Ezin aipatu gabe utzi indar armatu eta errepresiboen jarrera lotsagarria. Ezin dugu ahaztu herri honetan eragin duten sufrimendua, ez ditugulako nahi, ez ditugulako behar, alde hemendik!

Bolondres asko izan ditu gure herriak, frankismoaren aurka loratutako amapolak, meatzetako pasionaria ezberdinak, Burgosko prozesuan ukabila altxatu zuten Itziar Aizpuruaren gisakoak, borrokan eroritako Olaia Castresana gazteak. Borroka garaia da oraingoa, alternatibak planteatzeko borroka garaia. Bestelako testuinguru batean gaude, bestelako tresna eta baliabide batzuekin, baina ez dezagun inoiz ahaztu borrokak soilik eramango gaituela azken geltokira.

Buscar