Aitor Montes Lasarte
Familia medikua Aramaion

Azken guda dantza

Helburua, eredu biopsikosozialari jarraituz, pertsonan ardazturiko arreta bada; lana burutzeko tresna edo bitartekoa ebidentzian oinarrituriko medikuntza baldin bada, arreta soziosanitario integratuarekin batera, orduan eztabaida pertsonen osasun eta hizkuntza-beharren arloan kokatu beharko dugu. Arretaren normalizazioan, alegia.

Aurreak erakusten du nola dantzatu atzea. Bilbon osasungintza eta hizkuntza izan ditugu mintzagai, unibertsitatearen eskutik, hizkuntzaren gaiari hizkera berriekin heldu nahian. Bide berriak bilatuz. Aspaldiko lagunak ikusten, adiskidantzak sendotuz. Baina gezurra zahartzen ez den moduan, etsipenaz ikasitakoak ez dira ahazten, eta behin berriro entzun dugu gauza bera: zenbat zailtasun, oztopo, traba eta baliabiderik eza osasun arreta euskaraz bermatzeko. Nahi eta ezin.

Batetik, zenbait euskaltzale zintzo, lanean buru-belarri dabiltzanak, egindakoaz nahikotuak, aurrera goazela defendatuz, gerrara baino euskaldunok dantzara ateratzeko unea dela esanez. Bestetik medikuak, gazteleraren itsasoan itota, ez dela nahikoa argudiatuz eta borrokatzeko garaia dela.

Mila konplexu, ziurgabetasun, gaiaren inguruko ezjakintasuna mahai gainean, lapikoa betetzeko adina. Bada garaia zenbait gauza argitzeko. Horretarako, zilegi bekit Odriozolaren hitzak mahaira ekartzea: «Horregatik esan izan da, eta ez arrazoirik gabe inondik ere, auziaren eztabaida askotan esatari-idazle moderatua bere arerioaren eremu semantiko ideologikoan aldez aurretik garaituta dagoela. Eztabaida hasi aitzin. Eta ez, jakina, arerioa dialektika joriago baten jabe delako, baizik eta hizkera-lanabesa bere eskutik daukalako». Hasteko, gurean ez dago oinarri teorikorik, ez ganorazko helbururik, ez funtsarik ez mamirik. Jo eta su ariko dira lanean, nola ez ba, euskararen erabilera bultzatu nahian, baina garrantzitsuena ahaztu zaie. Pertsonak. Izan ere, pertsonak baitira gure jardueraren helburua. Dantzara gonbidatu nahi dituzten horiek behin eta berriro erantzungo diete euskara ez dela lehentasunezkoa, arretaren kalitatea baizik. Mediku ona edo euskalduna. Aldez aurretik galdutako eztabaida, medikuan kokatzen baduzu zelai-jokoa, eta ez pazientean; euskaran eta ez osasun-jardueraren paradigmetan.

Helburua, eredu biopsikosozialari jarraituz, pertsonan ardazturiko arreta bada; lana burutzeko tresna edo bitartekoa ebidentzian oinarrituriko medikuntza baldin bada, arreta soziosanitario integratuarekin batera, orduan eztabaida pertsonen osasun eta hizkuntza-beharren arloan kokatu beharko dugu. Arretaren normalizazioan, alegia. Osasun zerbitzua pazientearen hizkuntzan, ahoz eta idatziz, ulergarria eta bere tasun guztiekin bateragarria, errespetuzkoa eta ekitatezkoa, edonon eta edonoiz, bere osasun-beharrei erarik egokienean erantzuteko. Ez urtero odol analisiak eskatzen dituen gazte osasuntsuaren apetak; ahuldade egoeran, gaixorik dagoenaren beharrak baizik. Beste guztia albaitaritza da, edo txarrenera, ezjakintasunagatik edo asmo txarrez egindako praxi gaiztoa.

Gerra edo dantza, eman zaigu aukeran. Erresistentziak gainditzeko ez dugula konfrontaziorik behar diote, aurkaria limurtzea hoberena. Baina jakin badakigu hartza, ez badute estekatzen, ez dela dantzatzen. Osakidetza zein Osasunbideako zuzendari eta kudeatzaileak ez dira mugituko, ez baditugu horretara behartzen. Mina duena aieneka ibili ezean ez zaio jaramonik egingo. Eta bada onartezina den gauza bat, muga bat, marra gorria: norbanakoaren zein komunitatearen gaitzerako, gure pazienteen eta etxekoen kalterako, egiten den edozein jardunbide. Gaixorik dagoena ez baitago dantzarako.

Duela 80 urte Churchillek ingeles hizkuntza gerrara eraman zuen. Ingelesa aipatuz eta goraipatuz, aldi berean goi-mailako ingelesa erabiliz, ingeles hiztunak hunkitu zituen, sentiberatu, euren bihotzen barrenean sartu eta mobilizatu zituen, gerrarako. Ez zuten etsi, ordurik beltzenean ere. Hizkuntzak bidea egin zuen, lurrean nola, hala zeruan eta itsasoan. Guk, gure aldetik, ezinbestean, bizirauteko beste aukerarik ez dagoelako, euskara erabiliz eta goretsiz, euskaratik, osasun arloko euskal komunitatea mugiaraziko dugu, kosta ahala kosta. Azken guda dantzara.

Buscar