Aitor Montes Lasarte
Familia medikua

Azpiegiturak nonahi, arreta soziosanitarioak jai

Goiz gorri euritsu, arrats gorri haizetsu. Aramaion trenarekin nahikoa ez eta, laster, eolikoak jarriko dituzte, mendiak txikituz. Erreka-haizeak (Gasteiztik datorrenak, alegia) bide beretik eramango gaitu: errekara. Azpiegiturak bai, nahi beste, baina arreta soziosanitariorik (oinarrizko eskubiderik) ez: aurten, berbarako, Aramaio bost astez egon da medikurik gabe. Antzerako egoera bizi dute Euskal Herriko hainbat herri txikik, non askotan ez dagoen medikurik edo erizainik. Aipagarria da horietako asko euskararen arnasguneak direla, UEMAko kideak alegia. Medikurik ezean, beste herrietara jo beharko dute dagokien arreta jasotzera, sarri gazteleraz.

Euskal Herriko herri guztietan medikua eta erizaina egotea oinarrizko eskubidea izanik, esan beharra dago ez dela nahikoa. Prozedura administratiboak askotarikoak eta asko dira, eta ez da euren eginkizuna horiek egitea. Pazienteei laguntzeko, hitzorduak antolatzeko, argibideak emateko eta abarrerako administrari bat ere beharrezkoa da. Oinarrizko lantalde honi (administrariak, erizainak eta medikuak osatzen dutena, alegia), mikrotaldea deitzen zaio, eta eredu honen aldeko apustua egin du Osakidetzak. Zoritxarrez, herri askotan ez da horrela gertatzen eta Aramaion, adibidez, ez dago administraririk, pazienteen eta langileen kalterako.

Arreta soziosanitarioa ez da osasun-langileen esparruan amaitzen. Gure gizarteak bizi duen aldaketa soziodemografikoa, zahartzaroa eta mendekotasun egoerak bistakoak dira. Arreta soziosanitario integrala eta bateratua beharrezkoa da eta, horretarako, gizarte-langileak, erizainak, medikuak, administrariak eta botikariak elkarrekin lan egitea ezinbestekoa bilakatu da. Elkarrekin eta, ahal bada, toki berean. Eta Aramaion hori ezinezkoa da, osasun zentro berri bat egiten ez bada. Kontuan hartu beharko litzateke horrelako osasun-etxe batek mediku egoiliarrei prestakuntza eskaintzeko aukera ere ematen duela; hau da, familia medikuntzako espezialitatea egin nahi dutenei aukera egokia eskain diezaiekeela. Gaur egun guztiz beharrezkoa EAEn eta Nafarroan.

Aramaiok esfortzu handia egin du besteen onerako: abiadura handiko trena, EAEko hiriburuak lotuko dituena, bertatik pasatzen da, ingurunea goitik behera aldatuta. Parke eolikoa ere abiaraziko da, Aramaioko mendiak txikituko dituena. Ez da, beraz, horrenbesterako ganorazko arreta soziosanitarioa eskatzea osasun-etxe batean.

Eredu hau Euskal Herriko herri txiki guztietan aplikagarria dela esan daiteke: gizarte-langileak, administrariak, botikariak, erizainak eta medikuak batera eta elkarrekin lan egitea. Herri txikien sustapenerako estrategikoa dela ere esan daiteke. Izan ere, zerbitzurik gabeko herriek aurrera egitea zaila da.

Bide batez: bertan lan egiten dugun langileak euskaldunak gara eta horrek euskara lan hizkuntza izatea ahalbidetzen du. Hizkuntzaren gaia ez da nolanahikoa, eta eredu hau ezartzea estrategikoa izan daiteke UEMAko herrietan: arreta soziosanitario integral eta bateratua, batetik euskaraz (euskarazko zerbitzuak, alegia) eta bestetik lan hizkuntza euskara izango duena. Euskararen arnasguneak, baita osasun arloan ere. Hau da beraz, hemen proposatzen dena: arreta soziosanitario integral eta bateratua herri txikietan, tokian tokiko hizkuntzan. Aramaion, adibidez. Gure politikariek kontuan hartuko dutelakoan.

Buscar