Martxel Toledo Garmendia
Euskal Selekzioa Bai

Badator, heldu da, aprobetxa dezagun!

Hogeita hamahiru urte gurera etorri gabe egon ondoren, 2011n, Gasteizko Gobernua kudeatzen zuten PPk eta PSEk babestuta eta erabateko motibazio politikoak bultzatuta, gure errepideetan barrena ibili zen eta Bilbon eta Gasteizen burutu ziren bi etaparen amaierak. Saiakera ongi atera zaiela ikusita, alegia, «normaltasun eta euskal gizarteen onarpen» baten barruan burutu zela, Espainiako antolatzaileek, 2012an eta 2014an ere apustu berdina eginez, euskal errepideetara ekarri zuten, hain zuzen Nafarroa Garaiko eremuetara.

Espainiako txirrindularitza itzuliaz ari natzaizue. Aurten berriro izango dugu gurean, hain zuzen, Bilbon hasi eta Urdax-Dantxarinean bukatuko den etaparekin. Horregatik eta ekimen honen harira, batik bat, aukera aprobetxatze aldera, hau da gaur hona ekarri nahiko nukeen erreflexioa, eta guk zer egingo dugu?: itsuarena, alegia ez ikusiarena egin edo aipatu azken edizioetan egin dugun bezala, ekimenak gizartearen aurrean mediatikoki ematen dizkigun aukera aprobetxatu eta geurea aldarrikatzeko baliatu, alegia, Euskal Herria garela eta egoera ez demokratiko eta anormalizatu batean bizi garela argi eta garbi erakutsi?

Orain sei urte PPk eta PSEk itzulia berriro Euskal Herrira ekartzeko apustua egin zutenean, beraiek erabili zuten argudio nabarmenena izan zen, euskal zaleen eskaerari erantzuteaz gain, egoera normalizatu baten seinale baino ez zela Espainiako itzulia euskal errepideetara ekartzea. Guk, Esaiteko ordezkari gisa argi genuen, batik bat, motibazio politikoak bultzatuta egiten zutela, alegia, Euskal Herria ere Espainia zela demostratzeko. Eta hori azaleratzeko, aipatu urte horietan, etapak jokatzen ziren herrialdetako puntu konkretuetan, Muñekaseko portuan, Iruñeko irteeran, Arrateko igoeran edota Aralarreko San Migelekoan, hainbat ekimen ezberdin antolatu genituen euskal gizarteko hainbat alderdi politiko, eragile sozial eta sindikalen babesarekin, besteak beste, elkarretaratzeak, bizikleta martxak, eta abar, eta abar.

Esan gabe doa egun Euskal Herrian ez garela egoera normalizatu batean bizi, zeren horretarako batzuen aldetik urrats sendo eta garrantzitsuak eman arren, besteak beste, borroka armatuen amaiera, oraindik, tamalez, egoera ez demokratiko eta anormalizatu batean gaude. Ikusi baino ez egun Espainia eta Frantziako ziegetan dauden ehunka eta ehunka euskal preso, horietako asko kondena beteta eta beste batzuk, gaixotasun larriekin, beraien legedia beteta, etxean egon beharko luketenak. Edota, errepresioa tarteko, hainbat eta hainbat euskal herritar atzerrian bizitzera kondenatuta daudenak eta oraindik tamalez gurera itzuli ezin dutenak. Beraz, nola esan gurean egoera normalizatu batean bizi garela, aste honetan bertan jakin baitugu EAEko hauteskundeetan hautagai izateko Arnaldo Otegiri betoa jarri diotela? Nola egongo gara ba egoera normalizatu batean gure herriko kulturak, hizkuntzak eta hezkuntzak eguneroko jardueretan Espainiako eta Frantziako Instituzioetatik bultzatuta pairatzen duten egoera ikusita?

Badakit, bai, oso erraza dela hitz egitea eta mezuak botatzea eta zaila betetzea. Are gehiago, egun, ia gehienok, kontzientziatuta gaudenean, gu barne, kirola kirola dela eta ez dela politikaren nahasi behar. Baina uste dut, oraingoan ere, goi mailako kirol erakustaldi edo jarduera honek aukera ematen digula txirrindulariekin errespetuz jokatuz eta bakoitzak ahal duen neurrian, esaten ari naizen hori guztia azalduz, geurea aldarrikatzeko eta bide batez, pairatzen ari garen eskubide kolektibo eta sozial horren urraketa salatzeko. Eta horretarako ez dugu ezer berezirik egin beharrik, soilik, beste askotan egiten dugun bezala, itzulia pasatu behar den leku esanguratsuetara, batik bat, herri eta mendietara hurbiltzen garenean, Euskal Herrian gaudela eta euskaldunak garela adierazten duten ikurrak soinean hartuta joatea. Uste dut, merezi duela, berriro ere, norbanako gisa bada ere, orain arte egin dugun bezala, Euskal Herria garela eta inposizio eta urraketa guztien gainetik, txirrindularitza zaleak izateaz gain, geurea aldarrikatzen jarraitzen dugula. Hori ez baita inoren aurka joatea, geurea defendatzea baizik.
 
Horregatik, uste dut, Euskal Herria Kirolak aurkeztu berria duen goi mailako gizonezkoen Euskal Herriko Kopa eta horrelako ekimenak antolatzea herri honen nortasuna eta biziraupenerako garrantzitsuak direla, zeren ia gehienok euskal herritarrak garela jakin arren, ez dago inoiz soberan hori aldarrikatzea, are gutxiago, ikusita, gure betiko «etsaiek» kirola erabiliz, guztiz kontrakoa bilatzen dutela, Espainiako itzulia eta Espainiako txapelketak Euskal Herrian antolatuz egiten duten modura.

Beraz, josi dezagun gure ikurrekin, Bilbotik Urdaxeraino txirrindulariak eramango dituen errepidea eta herriko balkoiak, geure identitatearen seinale baino ez delako izango. Eta zergatik ez ekimen hori baliatu Arnaldo Otegiri jarritako betoa salatzeko eta bide batez Arnaldori berari eta ingurukoei gure babesa azaltzeko, finean geure eskubideak defendituz, txirrindularitza zaleak ezik, Euskal Herriak irabaziko lukeelako. Beraz, uzten badiote behintzat laster gure lehendakari izango den horrek dioen modura, aldarrikatuz egin dezagun irribarre, irabaztera goaz eta!

Buscar