Larraitz Ugarte
Abogatua

Badatoz bidesariak Gipuzkoara... hiru urte beranduago

EAJ-PSEko foru gobernuak aurkeztu du Gipuzkoan garraio astunari bidesariak ezartzeko sistema, 2018ko urtarrilean martxan egotea espero duena. Sorpresa ez da makala izan eta honen arrazoia sinplea da: Bilduk iragan legegintzaldian aurkeztu zuenaren copy-paste bat baino ez da. Teknikoki xelebreagoa eta ekonomikoki interes gutxiagokoa. Baina teknologikoki eta kontzeptualki berdin-berdina.

Ezustea bikoitza izan da, hemengo erregimenaren alde jarduten duten hedabideek hemeroteka lan txikienik egin gabe, 2013ko udatik 2014ko urtarrilera arte Bilduk aurkeztu zuen proposamenaren imitazioa erabat berritzailea balitz bezala saldu dutelako. Ez dakit jendeak bi urtez atzeragoko kontuak memorian gordetzeko joerarik ba ote duen baina hala balitz, Diputazioak erridikulua egin duela esatera ausartuko nintzateke.

Ikusteke dago bidesariaren aurka hain oldarkor atera ziren eragileen jarrera zein izango den (talde interes legitimoak izanik ere), baina badut susmoa Bizkaian Supersurrarekin egin zuten bezala otzanduko direla, beste garaietan hedabideek eman zieten kobertura ez dutela ikusirik eta ziurrenik izaera ekonomikoko akordioren bat erdietsiko dutelako (flota berritzeko laguntzak iragarri berri ditu diputatuak, bide fiskalaren arriskuaz ohartaraziz). Azkenik badut susmoa, oraingoan ez direla ez Erkidegoko gainerako diputazioak ez Nafarroako Gobernua edo Eusko Jaurlaritza kontrakotasunaren orkestran sartuko.

Bilduk konstatazio bat egin zuen Foru Aldundira iritsi zenean: batetik, Bidegi foru sozietatearen egoera oso larria zela, 900 milioi euroko zorra zuela eta ondorioz 2016-2017tik aurrera berau ordaintzeko zailtasunak izango zituela; eta bestetik, Aldundiaren ohiko aurrekontutik kudeatzen ziren errepideen egoera oso kaxkarra zela (hurrengo hamar urteetarako 230 milioi euroko ezohiko inbertsio beharra zegoen eta ohiko aurrekontutik ezin zitzaion honi aurre egin). Arrazoi ekonomikoez gain, eta garrantzian horien pareko, bazegoen Gipuzkoako lurraldean arras injustua zen egoera bat: gipuzkoar batzuek bidesariak ordaindu behar zituzten ardatz batean bizitze edo lan egite hutsagatik (Gipuzkoako mendebaldea eta kosta guztia) eta N-1aren inguruan bizi zirenek ez. Lurralde desoreka ez zegoen inongo arrazoitan  justifikatua.

Eztabaidarik egon ez zela esaten badut ez naiz ari egia esaten. EH Bildun sentsibilitate ezberdinak daude gai honen inguruan. Batzuek uste dute beste hainbat zerbitzu publiko bezala errepideak ere zergen bitartez ordaindu behar direla, eta beste batzuek, aldiz, ingurumenari trafiko astunak eta ibilgailu pribatuek eragiten dioten kaltea ordaindu egin behar dela. Autobidearen eraikuntza amortizatuta dagoela dioenik ere bada A-8ari dagokionez, baina azken hauei, garbi esan behar zaie ez dela egia. Errepideak ez dira amortizatzen, ohiko mantenu gastuez gain, beti dagoelako ezohiko inbertsioen beharra. Eztabaidan garbi geratu zen proposamena egungo azpiegitura-eraikuntza eredu basatiak utzitako errealitatetik abiatu behar genuela.

Bazegoen eztabaida politiko horretan beste elementu garrantzitsu bat ahaztu ezin duguna: gaur-gaurkoz, zergak igotzea bezala, bidesariak jartzea ez da batere herrikoia. Jendeak ordaintzearen aurka egiten du eta ez da erraxa erabaki horiek hartzea. Horixe da seguruenera EAJk aldundian egon den urte luzetan bidesari sistema berririk ez jartzeko arrazoia: alderdiaren intereserako, gobernua mantentzeko kaltegarria izatea, alegia. Bilduk, baina, zintzotasun ariketa bat egin zuen eta edozein alderdi interesen gainetik arduraz jokatzea erabaki zuen.

Foru gobernuak lehenik lurralde orekaren gaiari heldu zion: hileko 25 euroko topea jarri zien gipuzkoarrei AP-8 eta AP-1 autobideen erabileran. Herritar askori, beren ohiko ibilbideak lanerakoak izanik, urteko 1.000 eurotik gorako aurrezkia suposatu die. Politika espektakulua eta alderdi interesak tarteko gure proposamena iraindu besterik ez zuten egin gainerako alderdi politikoek baina inor ez zen ausartu kontra bozkatzen. Nolakoak diren gauzak, paradoxikoki joan den hilean Bizkaian ere 30 euroko topea onartu zen, hau ere hedabideetan proposamen berritzaile gisa aurkeztuz.

Bigarrenik, Aldundiak bidesari sistema errealista bat proposatu zuen Gipuzkoako lurralderako. 22 milioiko inbertsioa eginda urtero 26 milioiko diru bilketa aurreikusten zen garraio astunarentzat ezarritako bidesariaren bidez eta 12 milioikoa arinentzat ezarritakotik. Urteko mantenu kostua 4,4 milioikoa izanik lehen zazpi urteetan 10 milioiko diru sarrerak eta zortzigarren urtetik aurrera 17 milioikoak. Diru sarrera horiekin Gipuzkoako Aldundiaren aurrekontua arintzen zen eta errepideen egoera segurtasun estandarretara egokitzeko beharrezko inbertsio guztiak burutu zitezkeen. Azkenean, eta kontsentsu politikorik eskuratuko ez zela ikusirik, garraio astunarentzat bideratutako bidesari sistema bat proposatu zen N-1, A-15, N-121 eta GI-632an. Txosten ekonomikoak, inbertsio planak, eta inplantazio sistema teknologikoa landu ziren aditu ezberdinekin. Kataluniako gobernuko kideekin partekatu zen sistemaren funtzionamendua. Eta ahaztu ezin dena: Europako Batzordearekin bilerak eta lan handia egin zen, garraio astunarentzako bidesari sistema bat ezartzeko derrigor bere baimena behar baita lehiakortasun zuzentarau edo direktibak direla medio. Lan guztia egina utzi zitzaien ondorengoei, beraz.

Foru araua prestatu eta Batzar Nagusietara jo zen. Ez ziren kazetari gutxi izan hori egiteko adorerik izango ez genuela esan zigutenak pasilloetan barna. Alderdi interesentzat txarra zela zioten. Halaxe izango zen agian 2014ko urtarrilean gobernuak aurkeztutako foru arauari kontra bozkatu ziotenean «La oposición tumba la propuesta de peajes de Bildu» edo «La soledad de Bildu» bezalako titularrak idatzi zirela ikusita.

Gizarte eredu ezberdinen eztabaida politiko serioa, herritarren interesen alde egitea, interes publikoa egoki kudeatzea… alboratu ezin diren balioak dira. Baina bidesarien aferan ez da, politika fiskalean edo politika ekonomikoetan bezala, zilegia den alderdien arteko ereduen talkarik egon. Kasu honetan alderdi guztiek bat egiten zuten bidesariak jarri beharrarekin. Ez zitzaion Bilduri tanto politiko bat eman nahi, ordea, porrotaren argazkia bilatzen zen. Eta Bilduk eman egin zien, arrazoi sinple bategatik: gu ez garelako haiek bezalakoak, ez dugulako haiek bezala izan behar. Galtzailea, baina, ez zen Bildu edo foru gobernua izan, gipuzkoarrok galdu genuen: gure errepideen egoera seguruagoa izatea galdu genuen eta aurrekontuetatik beste politika batzuk egin ahal izatearen aukera galdu zen.

Paradoxikoki, bi urte beranduago EAJk Bilduren proposamen bera atera du. Zilegi da hori egitea. Zilegi da eta sanoa esango nuke, «aizue, nire posizio politikotik mugitu egin naiz eta zuen proposamena ona zen» aitortzea. Horrek politikaren ariketa prestigiatu egingo luke. Orain, Bilduren Arkupe sistemari AT izena jarri eta proposamen berritzaile gisa aurkeztea politika espektakuluaren eta alderdikeriaz aritzearen adibide da eta ez da zintzoa.

Haiek bezalakoak bagina, proposamenaren kontra egingo genuke eta kitto. Baina beste behin ere gu ez gara haiek bezalakoak izan behar. Ez dugu beste aldera begiratu behar arazo baten aurrean gaudenean. Ez zaie, halere, argazki polita kritika politiko ozpinik gabe ateratzen utzi behar.

Gipuzkoan arazoa eta eztabaida dago bidesariekin. Baina gauza bera gertatzen da Durangaldeko herrietan, zeinak lurralde desorekaren biktima diren, edota Nafarroan (kasu honetan, arazoa atzeratu baino ez da egin). Bilduk globalitateari ere heldu zion eta Euskal Herriaren banaketa administratiboak suposatzen dituen egituratze arazoak gainditzeko Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeekin aldebiko bilerak egin zituen proposamen amankomunak lantzeko, bai bertakoei ezarri beharreko topearen inguruan, bai lurralde ezberdinen arteko fluxu librea bermatzeko eta garraio astunari planteatu beharreko neurrien inguruan.

Saiakera antzua izan zen une hartan, berriro ere alderdikeria edo heldutasun politiko falta zirela medio, baina interesgarria izango litzateke herri bezala aurrera egin nahi badugu urriko hauteskundeetatik ateratzen den Eusko Jaurlaritzak, EAEko diputazioekin eta Nafarroako Gobernuarekin batera, gai honi serioski helduko balio.

Buscar