Ibai Alzaga Moreno
Mungiako Haizetara Kultur Elkarteko kidea

Baratz-pe: hutsune bat oroimenean

Hitz ugari geratu dira, batzuk orrialdeetan idatzita eta beste batzuk ahopeka esanak, argazkiren bat akaso, kartulinazko karpeta itxi baten barruan, beste karpeta batzuen artean pilatuta, artxibategi batean

Hego haizeak termometroa 21 gradutara igo zuen urriaren 21 hartan. Juanje Uriarte, azken 9 urteetan egin bezala, “Baratz-pe” tabernara abiatu zen goizeko 09:00ak aldera, barra barruan lan egun luze bati aurre egiteko prest, gertatu behar zenaren susmorik gabe.

Tabernako sarrera merkatu plazaren barruan, aterpean bazen ere, Juanjek plazako goiko pisutik biltegira zihoan atetik sartzeko ohitura zuen. Egun hartan ordea, harritu egin zen atea zabalik aurkitu zuelako. Barrura sartu eta biltegian uzten zuen alemaniar artzain txakurra erabat txikitutako neguko jersei gris batekin aurkitu zuen. Gainean bizi zen Maria Jesus auzokideak ere leihotik ea gauean zer gertatu zen galdetu zion. Juanjek ez zekiela erantzun eta Maria Jesusek  txakurrak gau osoa biltegitik kalera eta kaletik biltegira larri eman zuela esan zion. Juanjek ez zuen taberna barruan beste ezer somatu eta lapurren bat edo sartu eta txakurrak harrapatuko zuela pentsatu zuen. Garrantzi gehiagorik eman gabe, lanari ekin zion.

Asteartea zen eta astero legez, Jose Angel Txetxe Boyra, Juan Bilbao, Juan Garmendia eta Patxo Uribarrik lan jardunaldiaren ondoren pala partida jokatzeko hitzordua jarrita zuten, 20:00etatik 21:00etara Mungiako frontoian. Pilotaka aritu eta gero dutxatu eta aurreko astean Juanjeri agindu bezala, ondoan zen “Baratz-pe”ra joan ziren entsalada bat eta bere tortila gozoa afaltzeko asmoz. Martin Etxebarria eta Juan Luis Zelaia, Pini, ere batu zitzaizkien tertulian, Martinek afaltzera etxera alde egin behar izan zuen arren. Jende asko zebilen poteoan, umeak jolasean eta lagun talde bat karta jokoan telebistatik gertuen zegoen mahaian, tabernaren eskumako aldean. Txetxe eta beste puntan eseri behar izan ziren, plazako komunetatik gertuen zegoen mahaian, tabernaren ezkerreko aldean. “Baratz-pe” taberna luzea zen, puntatik puntarako barra batekin. Sukaldea ordea, eskumako aldean zuen, eta Patxo Juanjek entsalada ateratzeko eman behar izan zuen bueltaz ohartu zenean, altxatu eta beste aldean karta jokoan zirenei mahaia aldatzeko eskatu zien. Leku berrian afaltzen jarraitu zuten jendea joan etorrian ari zen bitartean.

Halako batean, tabernako beirate zabaletatik “Jai-Alai”tik “Baratz-pe”rantza etorriko balira bezala, lau gizon ikusi zituzten plaza zeharkatzen. Euretako bat Alberto Lopez zen, diktadura garaian Mungian zinegotzi izandakoa eta Patxoren lankide ohia IPSAn. Tabernan ziren ezagun batzuengana hurbildu eta hizketan aritu zen, beste hirurek jarrera arraro xamarra mantentzen zuten bitartean. Juan Garmendia bizkarra ematen zegoenez ez zen ezertaz konturatu, baina Patxo eta Txetxek susmo txarra hartu zieten. Izan ere, bero bazen ere, hirurek zeramatzaten jaka luzeak, eta euretako batek, gazteenak, lepo luzedun jertse gorri bat ere. Arropa azpian beste zerbait nabari zitzaien eta Patxo eta Txetxek polizien traza hartu zieten. Bitxiak ziren ordea. Jertse gorriduna txikia zen, ile kixkurra eta beltzarana. Bestea altua, aurpegiz argala ematen zuen baina jaka luze azpikoek gorputz lodia egiten zioten. Eta azkena, sudurluzea eta hizkera berezikoa. Frantziarra edo. Italiarra agian. Telebista azpian batu eta hainbat trago edan zituzten, bata bestearen atzetik.

Zaharrenak Juanjeri komunengatik galdetu zion, gazteleraz. Tabernatik atera eta ondoan zeudela azaldu behar izan zion, plazako komun publikoak zirela. Hura itzulitakoan, lagunari galdetu beharrean, sudurluzea Juanjeri zuzendu zitzaion baita ere. Eta bigarren hau tabernara berriz sartzean, lepo luzeko jertsedunak ere galdetu egin zion Juanjeri komunengatik. Patxo eta besteei atentzioa eman zien jokabide horrek. Azken honek denbora luzeagoa eman zuen komunean eta Txetxek tabernara berriz sartzen ikusi zuen, aurpegia erabat gorrituta, izerditan.

Handik gutxira alde egin zuten eta taberna hustu zen azkenik. Han ziren afarikoak, Jose Luis Elgezabal, gauero legez okindegira sartu aurretik kafea hartu eta Juanjerekin berriketan ari zena eta Jose Mari Gaminde, Santanderreko lagun batekin telefonoz hizketan. Pini orduantxe joan zen etxerantza. Patxok, beiratearen oinarrian freskotan eserita beste trago bat eman zion kubatari. Jose Mari Santanderreko lagunaren kezkak lasaitu nahian, Euskal Herrian ETArekin arazorik ez zegoela esaten ari zitzaion, bera taberna batean lasai-lasai zegoela trago bat hartzen, emakumeen komunetan jarrita zegoen lehergailuak eztanda egin zuenean. Erlojua 22:40an gelditu zen.
Ezertaz ohartu orduko, botilak eta kristalak elkarren atzetik txikitzen hasi ziren eta Juanjek metrailaketa bat zela pentsatu zuen. Juan Garmendiak bere burua lurrera bota eta leherketaren indarrak Txetxe aulkitik altxatu zuen, eroriaraziz. Jose Mari barra barrura sartu zen eta Jose Luis hantxe geratu zen. Pinik eztanda zertxobait beranduago entzun zuen etxera bidean zela, eta izuturik pausoa arindu zuen.

Berehala belztu zen dena, ke eta hautsez beterik, harri eta kristal zatiak nonahi. Patxok eskuetan zuen kubata utzi eta gainontzekoak ondo ote zeuden galdezka hasi ziren. Juan Garmendiak lurrean jarraitzen zuen, odol putzu txiki baten ondoan. Lagunak kezkatu egin ziren eta larri zegoela oihukatzen hasi ziren. Juanek bitartean, mugitu ere egin gabe, ea larri zegoena nor izango ote zen pentsatu zuen. Eskuan ebakiren bat egin zuen kristal zati batekin, baina berehala altxatu zen. Patxo Jose Luisen atzetik atera zen tabernatik, eta denak kanpoan batu orduko, Guardia Zibila jada bertan zela konturatu ziren. “Nola da posible?” pentsatu zuten. Zubiaga kalean zegoen koarteletik eztanda entzun, uniformeak jantzi, armak hartu eta leherketaren leku zehatzera eurek tabernatik atera orduko heldu ziren. Juanje izan zen azkena ateratzen, eta guardia zibilak bertan ikusi zituenean oihuka hasi zitzaien “¡Habeis sido vosotros!¡Hijos de puta!”. Guardiek ea zer gertatu zen galdetu zieten, ea susmo txarreko zerbait ikusi ote zuten, eta Txetxek Alberto Lopezen izena bota zuenean isiltzeko agindu zioten. Denak batzea lortu eta onik zirela ikusi zutenean, Jose Luis lanera eta beste guztiak euren etxeetara joan ziren, dardarti oraindik.    

Hurrengo egunean guardia zibilen aurrean deklaratu behar izan zuten. Aurreko gauean ikusitako guztia azaldu zuten, eta berdin egin zuten gero epaitegian, Alberto Lopez sarritan koartelean eta baita Sevilla epailearekin ere ardotan ikusia zuten arren. Ordurako ordea, Lopez jauna Mungiatik urrun zegoen, balizko delituek preskribatu arteko bere Alacanteko erbestealdira bidean.

Batallon Vasco Españoleko Esteban Beldarrain komandoak aldarrikatu zuen erasoa, separatisten bizitza eta ondasunen aurka jotzen jarraituko zutela aginduz. Juanjek bezperako txakurraren pasadizoa gogoratu eta konturatu zen, ziurrenik aurreko gauean saiatu zirela lehergailua taberna barruan, biltegian jartzen, baina txakurrarekin topo egiterakoan ihes egin eta hurrengo gauean itzuli behar izan zirela, ahal izan zuten bezala tabernaren parez pare ziren plazako komunetan jartzeko. Horri esker, hedatze-uhinak plaza barrurantza eta sabairantza aurkitu zuen aterabidea, komunetako burdinezko ate pisutsua 50 bat metrora bidaliz eta plazako goiko pisuan zulo handi bat zabalduz.

Orduantxe ere otu zitzaion Txetxeri, sudurluze hura Jean Pierre Cherid mertzenario frantziarra izan zitekela. OASen militatu ondoren, 1976ko Jurramendiko istiluetarako erreklutatua izan zen eta hortik aurrera gerra zikinean ezinbesteko gizona bihurtu zen BVE zein beranduago, GALen siglapean. 1978an Argalaren erailketan parte hartu zuen eta 1980an, “Baratz-pe” tabernaren aurkako erasotik hilabetera, Biarritzeko “Hendayais” tabernan bi hildako eta beste bost zauritu eragin zituen tiroketan izan omen zen. Abenduan ere Jose Martin Sagardiaren erailketan parte hartu zuela ematen du. Urte luzez horrela aritu zen, 1984ko martxoan, Biarritzen ustez euskal errefuxiatu batzuen aurkako auto bat prestatzen ari zela, lehergaiak eztanda egin eta bertan txikitu zuen arte.

Juanjek Udalaren eta inguruko lagun askoren laguntza jaso zuen taberna ahalik eta arinen konpontzeko, eta apenas 3 hilabete beranduago, 1981eko San Antontxuetarako, berriz ireki ahal izan zuen. Leherketak orduko 2 miloi pezeta inguruko kalteak eragin zituen plazako egituran, komunetan, tabernan eta ondoko beste postu batzuetan. Ikerketaz ordea, ez zuten beste berririk jaso. Egilerik aurkitu ez eta utzikeriak gainerakoa egin zuen. Kasua bertan behera geratu zen denbora laburrean.

Hitz ugari geratu dira, batzuk orrialdeetan idatzita eta beste batzuk ahopeka esanak, argazkiren bat akaso, kartulinazko karpeta itxi baten barruan, beste karpeta batzuen artean pilatuta, artxibategi batean, apalik altuenean, sarrera mugatuko eraikin bateko sotoaren sakonean, hamarkadek eta isiltasunak aldenduta.

Bertan izan zirenek aldiz, lagun arteko intimitatean izan bada ere, oroimenaren gainazalean agerian mantendu dute gertatutakoa, begi ninietan dizdiratsu, mihi puntan bizi, urtez urte.

Buscar