Gorka Etxebarria
Historian lizentziatua

«Barrura begirako leihoak» eta memoria historikoa

Memoria historikoa gai katramilatsua da. Are gehiago gure artean, zenbaitek memoria ariketarik txikiena ere oztopatu nahi dutenean. Batez ere memoria ariketa horrek gertatutakoa kontatzea, hots, kontakizun bat egitea, eskatzen duenean. Erakusgarri dugu ‘Barrura begirako leihoak’ filmaren harira piztu den (hobe esanda, piztu arazi duten) polemikarekin. Sar gaitezke amaraun judizialean, Urkixotar erret-ordezkariak egin bezala, eta adierazpen askatasuna eta bere behar eta mugen inguruan aritu gaitezke.
Baina funtsean, argitara ekarri beharreko gaia honakoa da: Estatu espainoleko memoria eta historia. Bai Donostiako udaleko oposizioaren jarrerak, bai espainiar gobernuaren mehatxuek eta bai Zinemaldiko zuzendaritzaren erabakiek, argi uzten dute hautsak harrotzen dituela kontakizun bat eratzeko saiakerak, memoria egiteko aukerak. Izan ere, espainiar jendartean (eta Euskal Herriko biztanleen zati batengan) min berezia eragiten du gaia.

Hori ulertzeko egungo espainiar Estatuaren izaerari erreparatu behar zaio. Bereziki bere mito fundatzaile handiari,‘“Espainiar Trantsizio Demokratikoa’, zeina Euskal Herrian ireki diren aldaketa politiko eta sozialerako aukera berrien aurrean indartu eta blindatu nahi izan den. Horren erakusgarri EITB taldeak gidaritza politiko «ez identitario eta desidiologizatuarekin» sortu dituen ‘La transición en Euskadi’ dokumental sorta, Mario Onaindia zenaren hagiografia filmikoa eta, batez ere, ‘El asesinato de Carrero Blanco’ telefilma.

Azken film horren izenburua dugu eredu Trantsizioak suposatu zuena ulertzeko: erregimen nazional-katolikoaren aurka borrokatu zuten hainbat eta hainbat militanteak terroristak dira, eta frankismoaren garapenerako ezinbesteko pertsonai eta agintaria, terrorismoaren biktima. Eta mugarri bezala 1960 urtea jarri duen azken Terrorismoaren Biktimen Legeak, ikuspuntu horixe bera indartzen du. 1975ean, generalisimoaren heriotzarekin, hasi zen ofizialki Trantsizioa, baina erregimena aurreragotik zegoen krisian: langile mugimendua gero eta antolatuago eta indartsuago zegoen, talde armatu ezberdinak (bereziki Euskal Herrian) segurtasun indarren buruhauste ziren, auzoetako elkarteak antifrankismo politikoarekin lerratu ziren, kleroaren zati batek gero eta kritika ozenagoak egiten zituen eta, hori gutxi balitz, 1973 osteko krisi ekonomikoa (eta zetorren desindustrializazioa) nabaritzen hasiak ziren.

Egoera hartan, erregimenaren zati batek oposizioa Estatuan integratzea bilatu zuen zenbait erreforma abiatuz, zeintzuek 1978ko Konstituzioan iritsi ziren goren unera. Baina kontuan hartzen badugu kalean oposizioak «apurketa demokratikoa» exijitzen zuela, Trantsizioa adierak berak adierazten digu zein hurbil egon zen prozesu guztia elite frankistaren zati baten proposamenetik. Erregimenean integratzea erabaki zuen oposizioaren buruzagiek, frankismoak bere lan ideologiko eta hertsa-boterearekin eratutako «frankismo soziologikoa» eta altxamendu militarrerako etengabeko mehatxua izan zituzten muga eta, azkenean, zenbait printzipio oinarrizko beretzat hartu zituzten: monarkia, ejertzitoa eta aparatu judizial eta burokratikoa, erreinuaren apurtu ezinezko batasuna… Eta garrantzitsuena, ‘Trantsizioko espiritua’, 1977ko Amnistiaren Legea ikur duena: «denak kalera, hemen ez da ezer gertatu». Beste era batera esanda, oposizioaren zati batek apurketa demokratikoa lortzeko bidean porrota onartu zuen eta axioma handi bat ezarri zuen erreinuko politikaren gainean: ahanztura, hots, memoria historikorik eza.

Horrela, geroztik gertatu den guztia ahanztura horren gainean eta Trantsizioa «hiritar apolitikoen lorpen demokratiko» bezala irudikatu duen kontakizun mitikoaren harira interpretatu dute. Hori onartu zuten guztiak (etorri alde batetik zein bestetik) «onen taldean» egon dira, eta gainontzekoak «gaiztoen taldean», —terminologia berezi batekin gainera 1980ko hamarkadaren bukaeratik: demokratak eta biolentoak—. Era horretan, memoria eta historia modu serio batean egiteko aukera lurperatu egiten da, «memoriarik eza» delako egungo Estatu espainolaren oinarri ideologikoa. Euskal Herrian aldaketa sozial eta politikorako aukera handiak irekitzen ari diren unean, Barrura begirako leihoak filmean ibilbide ezberdinetako jendeek egin duten proposamenak memoria eta kontakizunaren errealitateari aurre egitera behartu ditu batzuk. Horregatik, alde batetik, bidean izan dituzten (eta izango ei dituzten) oztopo guztiak, baina lanaren egokitasuna eta benetan asmatu dutenaren seinale, bestetik. Zorionak.

Buscar