Antxon Gomez
Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionaleko lehendakaria

Baso politika eta baso osasuna

Artikuloaren egileak azaltzen du banda marroia deituriko gaixotasunak EAEn pinudi sail ugari kutsatu izanak basogintzan krisia eragin duela. Honen aurrean baso-jabe ugarik espeziez aldatzea erabaki dute, paisaian aldaketa nabarmena izaten ari delarik. Egileak eztabaida falta salatzen du, baita baso politika mailan dauden gabeziak ere.

Euskal basogintza mundua paradoxaz beteta dago. Gure eguneroko paisaian garrantzi handia duten baso eta zuhaitz landaketen artean bizi gara, eta euskaldun askok gure aisialdi orduak ere zuhaitzen artean paseatzen igarotzen ditugu. Halere, ez dago inongo eztabaidarik gure herriko baso politikaz eta oso berri gutxi agertzen dira komunikabideetan horren inguruan. Topiko ugari erabiltzen ditugu: pinuak txarrak dira eta eukaliptoak txarragoak, pagoak eta haritzak onak dira, arbolak landatu behar dira, suteen aurka borrokatu behar dugu. Baina apenas dago artikulurik edo aditurik basoen erronkaz aritzen denik. Erakundeek osatzen dituzten txostenak datu batzuk jasotzera mugatzen dira (azalerak, espezieak, mozketak, landaketak, suteak…), edo orokortasunak besterik ez dituzte adierazten (lurzorua babestu behar da, ekoizpena eta babesa uztartu, bertako lanpostuak sustatu…).

Gure mendietako zuhaitz espezie hedatuena eta nagusiena, zalantzarik gabe, intsinis pinua da, Monterreyko pinua (Pinus radiata). Espezie hau Ipar Amerikatik ekarri eta hemen zabaldu zen orain dela 100 urte eskas, eta Gipuzkoa eta Bizkaiko baso azalera handia hartzen du, baita Nafarroa eta Arabako iparraldeko eremuren bat ere. Denok ezagutzen dugu intsinis pinua, bere onurak eta alde txarrak.

Paradoxikoa da nola 2000. urte inguruan, gure mendietan egur eskaintza gehien zegoen momentuan, zutik zegoen egurraren salneurria inoiz baino altuago egon zela. Baina ondoren salneurriak beherantz jo eta baso-jabeak beren pinudiengatik erdia kobratzera pasa ziren. Eraikuntzaren krisiak, ziklogenesiek, atzerriko egurren konpetentziak eta beste eragile batzuek izan zuten krisi horren errua.

Eta orain berriz, apenas aipatzen den gaitz bat agertu zaigu: banda marroia (Lecaonosticta acicola). Urteak daramatzagu prozesionaria edo pinu-beldarraren aurka borrokan, fusarium gaitzarekin alarma guztiak piztu ziren, baina kontrolatu genuen nolabait, eta orain, ia oharkabean banda marroia kostaldetik barrualdera hedatu eta pinudi sail zabalak jota utzi ditu.

Eta orain zein aukera hartu? Hori da baso-jabe ugarik egiten duten galdera eta inork erantzuten ez duena. Batzuek intsinis pinuarekin jarraitu nahi dute eta berriro landatu dute. Askok nahiago dute espeziez aldatu eta eukaliptoa aukeratzen dute (Australiako zuhaitza). Espezie hau, Kantabria edo Galiziako ereduari jarraituz, Bizkaiko toki askotan erabiltzen zen, baina orain asko zabaltzen ari da; Gipuzkoako kostaldetik barrualdera ere zabaltzen ari da. Eukaliptoa oso azkar hazten da eta bere egurra papergintzarako erabiltzen da. Beste zuhaitz espezie batzuk ere aukeratzen dira, bai iparramerikarrak (Douglas izeia, sekuoiak, akazia) bai Asiakoak (zedro japoniarra). Halere, baso-jabe bakar batzuek bertako zuhaitzen alde egiten dute eta pagoak, haritzak, lizarrak edo gereziondoak landatzen dituzte, edo landatu beharrean, basoa bere kasa datorrela uzten dute. Azken aukera honek, halere, ez du inongo laguntza publikorik jasotzen.

Pinudiak bota eta kanpoko espezieekin landatzeko diru-laguntza ederrak ematen ditugu, apenas irizpide tekniko edo jarraibiderik eman gabe. Gure basoetako paisaian aldaketa nabarmena gertatzen ari da; eukaliptoa zabaltzen ari da eta ondorioz biodibertsitatearen galera eta sute arriskua handituz, baina ia inork ez du ezer esaten, ez dago eztabaidarik eta gainean dugun erronka honi aurre egiteko ez da zehazten baso politikarik. Inork ez du ohartarazten eukaliptoek dituzten gaitzez, hala nola Mycosphaerellaz, ezta ere kanpoko koniferoak gehiegi landatzeak ekar ditzakeen arazoez (birsorkuntza gaitasuna, gehiegizko itzala, beste espeziekin lehia, ongarrien erabilera, gaitzak…). Horretaz gain, ez dago batere garbi zein izango den etorkizunean zuhaitz horien egurren balioa, ez zerrarako erabiliko denarena, ez papergintzara bideratuko denarena.

Gaur egun gizarteak naturarekiko errespetua aldarrikatzen du eta, baso landaketen balio ekonomikoa ahaztu gabe, ingurumenaren babesa bermatuko duten neurriak hartu behar dira. Bertako zuhaitz espezieak sustatu behar dira, herri mendietan bereziki, denontzat eredugarri izan daitezen. Ezin dugu ahaztu basoek berez, naturalki, birsortzeko duten gaitasuna; badirudi zuhaitzak landatzen ez badira, basoa ez dela gai berriro sortzeko. Espezie bakoitza, bertakoa zein kanpokoa, irizpide teknikoak erabiliz aukeratu behar da eta lursail bakoitzaren egoerara egokitu beharko da. Landaketek eta zuhaitz ustiaketek (matarrasak bereziki) ibai eta errekastoak kontuan izan behar dituzte, baita bide publikoak edo etxebizitzak ere. Ondo aztertu behar da zein sail diren egokiak eukaliptoak landatzeko, eta zeintzuk ez, eta noski, ez erabili espezie hori herri mendietan. Era berean, kanpoko beste espezieak erabiltzerakoan ere tentuz jokatu behar da. Ezin da intsinis pinua erabili banda marroia gaitza hedatuta dagoen tokietan edo hedatzeko arriskua badago, ezta prozesionaria jasotzeko arriskua duten lurzoru eskaseko lursailetan ere. Aitzitik, intsinis pinudi heldu batzuek balio ekologiko handia dute eta babestu beharko lirateke; hori lortzeko bide egokiena erosketa delarik. Bat baino gehiago harritu egingo da proposamen honekin, baina harrapakari ugarik (miruak, zapelatzak, arrano txikiak, zuhaitz belatzak …) pinuen adarretan egiten dituzte habiak; hainbat okil espeziek pinu enborretan bizi diren harrak jaten dituzte; eta pinuen azpian berriz erraz datoz haritzak, gaztainondoak, lizarrak, pagoak, urkiak… Paradoxa bitxia: intsinis pinuak faltan bota behar ditugu!

Basogintzan inertziak indar handia du, baina gaur egungo erronkei aurre egin nahi badiegu, garai berrietara egokitzeko ahalegina egin behar dugu. Basozainok ere, nola ez, badugu zer ikasi eta ohitura zahar batzuk aldatu beharko ditugu. Ez da gure zeregina, ezta pentsatu ere, baso politika erabakitzea, baina egunero ikusten ari garenaren aurrean ezin dugu isilik jarraitu, eta basoan ardura duten erakundeei, aldundiei bereziki, eta beste eragileei (baso-jabeen elkartea, egurzaleak, sindikatuak…) bizi dugun egoera honen inguruan hausnarketa serioa, eta egungo baso politikak jarraitu beharreko ildo nagusiak zehazteko eskatzen diegu.

Buscar