Felipe Zelaieta Txurruka eta Miren Madariaga Tubet
Francisco de Vitoriako irakasleak

Batzen gaituen hezkuntza eredu bakarraren alde

Hezkuntza komunitateko langileak gara, A eta B ereduetako ikastetxeetan lanean gauden edo egon garen kideak. Gure ikasleen etorkizunaz arduratuta gaudelako gaude gaur hemen. Ez dugu ikusten izan behar duten gizarteratzea eta euskalduntzea lortzen ari garenik.

Hezkuntzaren legea dela eta, hizkuntza ereduei eusteko PNVk eta PSEk egindako emendakinaren harira hausnarketa bikoitza egin gura dugu eta hausnartzera gonbidatu gura zaituztegu.

Hasteko, Hezkuntza Saileko webgunean «Aniztasuna eta inklusioa» atalean jasota dagoena hizpide hartuko dugu: «Gizartean gertatzen diren aldaketak direla-eta, hezkuntza-sistema etengabe egokitu behar da. Ezagutzak helarazi baino askoz ere gehiago egin behar du XXI. mendeko hezkuntzak. Hain zuzen ere, belaunaldi berrien integrazio pertsonala, gizarteratzea eta laneratzea errazteko gaitasunak garatu behar ditu etengabe aldatzen den gizarte-testuinguru batean».

Eusko Jaurlaritzarentzat egindako lanean, Xavier Bonal soziologo eta eskola segregazioan adituak dio, batez ere A eta B ereduetan ematen dela eskola segregazio handia. A ereduko ikasleen profilak oso desberdinak dira pribatuan eta publikoan; lehenengoan maila sozioekonomiko eta kultural handia duten ikasleak kontzentratzen dira eta ez dago ia etorkinik; eta bigarrenean maila apalekoak dira eta ia gehienak etorkinak. Datuak irakurrita, A eta B ereduak «segregazioaren elementu katalizatzaileak» direla ondorioztatzen dute ikerlari askok.

Gure egunerokoan ikusten dugu. A ereduak ez du euskal gizartean ikasleen integrazioa bermatzen, inondik inora ere. Gainera, egia esan, ikastetxe publikoetan adibidez ikasle tipologia zehatz bat baztertzeko erabiltzen dela ematen du. Izan ere, ikasle asko berez ez dagokien ikastetxe batera doaz (askotan etxebizitzatik ia ordubeteko bidaia daukate ikastetxera heltzeko) edo dagokien zentroek A ereduetara bideratzen dituzte ikasle horiek, beraien «hobe beharrez» dela aitzakia hartuta.

Ikasle guztiek aukera eta bitarteko berberak dituzte aipatutako integrazioa, gizarteratzea eta laneratzea bermatzeko? Eta ikasgai bakoitzean eskatzen zaien irteera profila lortzeko? Eta goian aipatutako gaitasunen garapenera heltzeko? Gure ustez, ez! Goiko hitz horiek ondo aztertzen baditugu, ikusten dugu esan eta egiten direnak ez datozela bat. Hizkuntza-ereduek kontrako bidean eramaten gaituzte; integratu beharrean, segregatu egiten dute. Pertsona moduan integratzea zailtzen du horrek eta etorkizunean laneratzea ere eragotzi dezake. Beraz, zubiak eraiki baino, A ereduak gizarteratzea mugatzen duela argi dago.

Segregazio «fisikoaz» gain, hizkuntza eta kultura segregazioa ere eragiten dute A eta B ereduek, euskararen eta euskal kulturaren ezagutza ukatzen duten neurrian. A ereduko ikasle batek ez du lortuko ikastetxean jasotako euskara eskola orduekin behar duen irteera-maila; hau da, DBH bukatutakoan euskarazko B2 maila ez du izango. Urtean 100 euskara ordu baino gutxiago jasotzen duen ikasle batek ezingo du horra heldu. Hori ez diogu guk, hori horrela dela denok badakigu, baita Eusko Jaurlaritzak ere. Gutxienez 2006tik, hori frogatzen duen ikerketa egin baitzuten beraiek. Euskara eta euskal kulturaren ezagutzarik gabe integrazioaz, inklusioaz, kohesioaz edo berdintasunaz hitz egin daiteke?

Legea ontzeko Legebiltzarrean emandako eztabaidan aditu eta aritu ezberdinek, geletan, zentroetan, ikasleekin zuzenean lanean ari direnek esan dituzte gauza hauek, behin eta berriz. Ezer gutxirako balio du «legerik parte-hartzaileena» izatea, azken minutuan entzundako guztiari entzungor egin eta 180ºko itzulia emanez kontrako norabidean joaten bada. Arduragabekeria itzela litzateke hizkuntza ereduek eragiten duten guztia jakinda, horiek mantentzeko hautua egitea. Ez dugu inola ere ahaztu behar, gure herriko etorkizuna dagoela jokoan, egungo ikasleak baitira bihar herri hau aurrera eramango duten herritarrak.

Beste hezkuntza eredu bat behar dugu, benetako integrazioa bermatzen duena, maila sozioekonomiko edo kultural guztiena. Batzen duen, batzen gaituen, hezkuntza eredu bat behar dugu, ez banatzen duena edo gaituena. Gure hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna bermatuko duena, gure kultura, gizartea zein bizitzeko modua ulertarazten lagunduko duena. Hori lortzen lagunduko duen lege marko bat sortzeko garaiz gaude oraindik eta guk bide hori egin gura dugu. Hezkuntza komunitateko langileak, A eta B ereduetan lanean dauden edo egon direnak.

*Idatzi honek A eta B ereduetan lanean diharduten 25 ikastetxetan ari diren edo aritu diren 35 irakasleren atxikimendua jaso du.

Buscar