Bazter-Bideak
Hendaiako Irandatz auzotik Olhetako plazaraino eramaten gaitu Aurelia Arkotxa idazleak. Jean-Baptiste Elizabururen Piarres Adamen urratsek ekarri dute toki horretarat.
Orgabidea 3
Puskatzen ari dituzte bazter-bideak. Murriztuz doazkigu libertate-perimetroak. Hona, ene karrikaren muturrean, Irandatzeko lehengo lurretarik oraindik zutik dirauten arbolak. Intermarché-ren aparkalekua alde batetik dutela, etxebizitzak bestaldetik, Bigarrena karrika saltokiaren eta bizileku eraikuntzen artetik pasatzen dela. Karrika luzea hor bururatzen da (edo hasten), haritzen gunea urraturik, Txit Ondo eta Hegoiak karrikak ezberdinduko dituen biribilgunean. Abenduko lehen izotzak zuritzen belar-izpiak. Hosto gorrantzak han hemenka haizeak metatuak. Haritz andana bat, metro karratu eskasetan. Irandatzeko oihan galduaren metonimia. Herriak oraino "antolatua" ez duen eremua. Zakurrarekin banabil haritzetan barna…
John Burroughsen gogoetak, eta Jean-Baptiste Elizanbururen Piarres Adame urratsaren neurkadarekin ongi doaz. Nahiz Elizanburuk tokiei gune murritza dien, itxuraz, eskaintzen, bizkitartean hor daude narrazioaren harian ehunduak, urratsaren erritmoan. Piarres Adamek eta Pellok segitzen duten orgabidean dira josiak lekuak : "Piarresek hitztorio hori akhabatu zuenekotz, Azkaingo herritik hurbil ginen… Azkaindik Olhetara, ez da bide luzea; lekho baten ingurua nonbait han. Den baino ere hamar aldiz laburrago iduritu zitzaitan bide hori, nere laguna zela medio. Azkain gibelera utzi genuenean, Piarres, indarrak bildu berria baitzen, hasi zitzaitan mintzatzen gisa huntan."