Juan Luis Mugertza Unanue

Beldurraren askatasuna

Danielek, orduan, ustel asko izan ohi zituen, baina beldurraren ikasgaia, eta ikaskideen aurrean barregarri gelditzeko lotsarena berehala barneratu zituen, nota bikainez, gainera: «Ez daki irakurtzen!», «Ez daki idazten!», «Ez daki ezer».

Danieli sasoi hartako eskolaren tamainak atentzioa ematen zion. Hain zen handia, ezen inurri baten itxura hartzen baitzuen egurrezko besaulki deserosoan. Sarri askotan aurreko aulkiaren ertzari helduta entzuten zuen irakasleen matraka. Eta luzera! Huraxe zen luzera, eta ez gaurko umeen eskolena! Mutur batetik bestera gorengo futbol zelaien bestekoa ez bazen, hortxe-hortxe ibiliko zen. Danieli, behintzat, hori iruditzen zitzaion aurreko lerroetara irakasleak aginduta ikasleen aurretik igarotzen zenean, eta irriñoen kilika maltzurra entzuten zuenean. Irakasleak bere lepotik barrerik ez egiteko esaten zien, baina ikaskideek ez zuten kasurik egiten: «Nola egiten du astoak?».

Atsedenaldietan bakarrik izan ohi zuen aukera gustukoaren irribarrea ikusteko. Orduan, eskolatik hurbil zegoen kioskora joaten zen, eta han bere begirada inozoa litxarrerietan pausatu, eta... «Horrelako bi pakete, eta... horrelako bat», esaten zion gurpil-aulki batean esku gainen zainek eskolako mapetako ibaien itxura hartzen zuten Tomasi. Honek paper zatia eta arkatza hartu eta... «Pezeta bat eta berrogei zentimo», esaten zion gozo-gozo emandako erregalizen antzera. Poltsikoaren sakonean eskutxoa murgildu, eta arrantzan aritutakoak bezala txanpon txikiak atera, eta... «Hartu!», esaten zion eskolara bueltatzeko inolako gogorik ez zuelarik.

Tomasekin izaniko elkarrizketak zirela eta, behin baino gehiagotan berandu heltzen zen eskolara, eta irakasleak errieta egiten zion: «Izan dadila azken eguna!».

Halarik ere, Danieli berdin zion irakasleak esandakoak. Izan ere, unerik politenak eta bakarrak Tomasekin pasatzen zituen, eta horrelakoak aprobetxatu behar.

Batean, Tomasek aurreko egunetan ez bezala ikusi zuen, eta momentuan jabetu zen goibel  zegoela, nahiz eta negar malkoak begien barruan ezkutatzeko ahaleginak egin: «Eskolakoek jo egin zaituzte, ezta?».

Danielek, orduan, ustel asko izan ohi zituen, baina beldurraren ikasgaia, eta ikaskideen aurrean barregarri gelditzeko lotsarena berehala barneratu zituen, nota bikainez, gainera: «Ez daki irakurtzen!», «Ez daki idazten!», «Ez daki ezer».

Etengabeko eskola-jazarpenak kezkatzen zuen, eta nor edo nori laguntza eskatu behar izan zion. Badaezpada, tutorearengana joan zen laguntza eske, baina honek emandako erantzunak ez zion ezertarako lagundu: «Ikasi beharko duzu beldurra soinean bizi izaten».

Tutoreak esandakoa ez zuen ulertu; bera oso lasai bizi izaten zen, auzoan lagunekin, baina eskolakoa jasanezina zen. Gainera, irakasleek ez zuten inolako ahaleginik egiten integratzeko. Bere ustez, irakasleek ere beldurra zioten eskolako ikasle askori; bereziki, Franciscoren taldekoei, beraiek agintzen baitzuten eskolan, eta eskolatik kanpo.

Inoiz baino gehiagotan eskolarena bertan behera uztea pentsatu izan zuen, baina aitonak esandakoa «Ikasi behar duzu, Daniel», ezin zuen burutik kendu, eta horrek indarra ematen zion aurrera egiteko.

Tarte batean, nahikoa lasai ibili zen. Ez zuen nabarmentzeko moduko istilurik izan. Hori bai, eskolako patioan bakarrik ibiltzea gustatzen zitzaion, burdina-hesitik hurbil, eta gainontzeko ikaskideengandik urrun.  

Behin, zuhaitz baten ondoan zegoela, kardantxilo bat ikusi zuen. Momentuan konturatu zen eskuineko hegalean minez zegoela, eta ezin zuela hegan egin. Eskuetan hartu ostean, badaezpada, inguruan habia topatzen saiatu zen, baina ez zuen inon ezer ikusi, eta etxera eramatea pentsatu zuen: «Nik sendatuko zaitut». Kardantxiloa berari begira gelditu zen esandakoa ulertu bazion bezala, eta esku ahurrean kukubilkatu zen goxo-goxo.

Harrez geroztik, kartoizko kutxatxo batean egon ohi zen, eta Danielen ohe ondoan egiten zuen lo. Denborak aurrera egin zuen, eta aitonak izena jartzeko esan zion. Etxeko katuari «Txarli» jarri zion Danielek, baina txoriari ez zekien zer nolako izena jar ziezaiokeen. Azkenean, aitonak hartu zuen ardura, eta «Txipilin» esaten zioten.

Beraien arteko harremana gero eta estuagoa izan zen. Desiratzen egoten zen eskolako arratsaldeko saioak bukatzeko, eta Txipilinekin ondoko lorategietan buelta bat emateko. Askotan zuhaitz baten azpian esertzen ziren, eta Txipilinik kutxako zulotxoetatik leku guztietara begiratzen zuen; bere lagunekin egoteko gogoa zuela ematen zuen. Maiz eskolako kontuez mintzatzen zitzaion Txipilini, eta beldurraren gainean ere hitz egiten zion. Batzuetan ematen zuen esandakoa ulertu egiten zuela, txio-txioka aritzen baitzen.

Txipilin poliki-poliki saneatzen joan zen, eta logela barruan lehenengo hegalaldi laburrak egin zituen: lurretik leihora, leihotik ohera. Eta behin baino gehiagotan, logelako atea zabaltzean lepo gainean jartzen zitzaion: «Arratsalde on, Txipilin! Zer moduz pasatu duzu eguna? Nirekin gogoratu zara?».

Azkenean, askatzeko eguna heldu zen. Txipilin horretaz jabeturik-edo, inoiz baino urduriago zegoen kutxan: «Lasai, ez estutu».

Danielek sentsazio gazi-gozoak izan  zituen. Zer edo zer txarrik susmatzen zuen. Bat-batean, Francisco agertu zen, betiko moduan harro. Danieli hurbildu, eta kaiolari begiratu zion: «Zer daramak hor?».

Danielek ahaleginak egin zituen Txipilin ezkutatzeko, baina alperrik. Franciscok ahaleginak egin zituen txoria erosteko, edota tiragomaz trukatu. Baina Danielek ez zuen dirurik nahi, ezta tiragomarik ere. Askatasuna nahi zuen.

Franciscok beti lortzen zuen nahi zuena: modu onean ez bazen, txarrean. Gainera, ezin izan zuen onartu Danielen zakarkeria, eta esku biak erabili zituen lepotik heltzeko, gogor astintzeko. Daniel arnasestuka hasi zen, aurpegia gorri-gorri jarri zitzaion; beldurra ate joka zegoen berriro, baina ez zuen modurik ikusi aurre egiteko. Hori bai, kutxari heldu zion indarrez, eta ez zuen inondik inora askatzerik nahi. Pauso bat eman zuen atzera, eta lurrera erori egin zen, eta  hantxe zuen Francisco tente, berari begira, amorraturik: «Kaiola emateko esan dizut», oihuka. Baina Danielek inoiz baino indar handiagoz heldu zion kutxari. Danielen sabelean beldurrak bere habia eduki arren, amorruak ere bere kimua egin zuen. Aitonak aitaren gainean esandakoa buruan zuela «Inor gutxik kikiltzen zuen», zutik jarri zen, eta aurrez-aurrez egon ziren, hitzik egin gabe: «Zer! Borroka nahi duk, ala?». 

Daniel korrika hasi zen. Franciscok atzetik jarraitu zion, eta zangoetatik heldu. Biak lurrera erori ziren: «Muturra txikitzea nahi duk?», gorrotoz.

Bat-batean, Danieli kutxaren atetxoa zabaltzea bururatu zitzaion, eta kardantxiloak zalantzatan egon ostean, oso gora egin zuen hegan. Daniel begira gelditu zitzaion, txori bat hegan ikusi ez balu bezala, eta irribarrea margotu zitzaion ezpainetan: «Hireak egin du!».

Franciscok sekulako kolpea eman zion eskuineko begian. Min handia hartu zuen, eta ezin izan zuen ezer ikusi. Hala ere, tente jartzea lortu zuen, eta Franciscoren gainean egin zuen salto; ukabila amorruz itxi, eta sekulako zartakoa eman zion sudurrean. Francisco mutu gelditu zen, pasa-pasa eginda, eta beldurrez, sudurra odoletan ikustean. Danielek ere begiratu zion, harrituta, baina berarena ez zen beldurra izan, harridura baizik. Beldurrak Danielen gorputzetik alde egin zuen, kardantxiloak kaiolatik bezala.

Buscar