Fito Rodriguez
Idazlea

Belen edo jaiotza?

Perretxikoak bezala ari dira Jaiotzak edo Belenak agertzen gure inguruan. Urte guztietako sasoi honen seinale bihurtu dira honezkero. Nik, halere, hemen agintzen den Estatua “akonfesionala” zela uste nuen baina, aldameneko euskaldunen ardura estatala duenak, izenez behintzat, “laikoa” izan arren, antzera funtzionatzen duela ematen du. Toki publiko askotan, baita Erakunde ofizialetan ere, kristautasunaren irudiz bete dira garai hauetan aipatu Estatu haiek beren Konstituzioetan noraino betetzen duten agerian uzten.

Izan ere,nahiz eta testu bietan Estatua edozein erlijiotik at badagoela adierazi, eguberrietan kristautasunarekin bat eginik azaldu ohi da batera lotsarik gabe. Dena den, egun hauetan oinarrizko legeen aurka doan harreman nabarmen hura ohiko bezain funtsezkoa dela uste dut eta, areago, mendebaldar sistema politiko osoa kutsatzen duelakoan nago.

Esaterako, Palestinako Belenen egon nintzenean, egungo Estatu inperialisten birmoldaketaz ohartu nintzen.Hau da, hemeretzigarren mendearen erdialdean, 1853an, haiz zuzen ere, Palestinako lurraldeak, pertsonak nahiz ondareak, turkiarren menpe zeuden eta orduan bertan zeuden erlijioak arazorik gabe bizi ziren elkarrekin laikoa ez zen estatu batean. Jakina da, ordea, leku jakin batean erlijio bat baino gehiagotako zaindari desberdinak egoten dira zelatan. Deikunde deritzon elizan, adibidez, katolikoak, ortodoxoak eta armeniarrak elkarri beha zeuden ( eta daude !), nor mesfidatiago. Aipatutako eliza hori, oso zaharra da, Justinianok eraiki omen zuen VI. mendean Konstantinok egindako baten gainean eta hark Kristoren jaiotza‑lekua gogoratu nahi du Belenen nahiz munduan. Nahiz eta bere garaian Justinianoren oso gustuko ez geratu eta eraiki zuen arkitektoari burua moztu, handik aurrera mota askotako batimenduak atxikitzen joan zaizkio. Hemeretzigarren mendearen erdialdean, berriz, toki haiek zaintzen zituzten frantziskotarrek Kristoren jaiotza zilarrezko izar batez markatu nahi izan zuten. Kristau ortodoxoek, beren aldetik, hura ez zela benetako tokia zioten eta, haien aburuz berez zenarekiko metro batzuetako tartea zegoela argudiatuz ez zuten hori egiten utzi nahi. Halere, turkiarrak frantziskotarren alde lerratu ziren eta izarra  jartzeko baimena eman zuten. Orduan, ortodoxoen defentsan, Errusiako Nikolas Tsarra gatazkan sartu zen. Frantziak eta Erresuma Batuak parte hartu zuten eta Krimeako gerra ere irabazi. Horren ondorioz, Palestina britainiarrek eskuratu zuten. Garai hartan,  10.000 judu, 25.000 kristau eta 250.000 islamdar bizi ziren lurralde hartan, orain, jakina, biztanleria zeharo aldatu da juduen alde…
Belengo erlijio borrokak, beraz, egungo egoera geopolitikoa itxuratzeko balio izan zuen inperialismo garaikideari bidea irekiz.

Baina hau guztia Estatuak erlijioarekin dauzkaten barne-loturengatik izaten da, beren buruak “laikotzat” nahiz “akonfesionaltzat” aldarrikatu arren.

Egun, mendebaldar demokraziak oinarritu zituen Ilustrazioaren iraultzak lege kode berria ekarri zuen, zeinean herritarrak eskubideak zituen “errugabea” zela aitortzeko. Honek erlijio moralarekin apurtu zuen zeren erlijioren ardatza erruduntasunaren kudeaketa izan ohi da eta. Horren partez, norberaren aitormenaren ordez alegia, berez eta hastapenetatik errugabea jotzen denaren errua frogatu behar izan zen berme guztizko epaiketa publiko batean.

Erlijioari, bada, Estatuaren legea gailendu zitzaion, hitzetan bederen.

Arazoa da, Belenen adibidean bezala, Estatuak ez duela denekin berdin jokatzen eta Islamaren sinboloen aurrean, demagun, “laiko” edota “akonfesional” gisa agertu arren, jaiotzak besterik ez ditugula ikusten hemen eta Frantzian !

Antzekoa suertatzen da “errua”ren auzian. Zergatik eskatu beharko du barkamenik bere burua, legez, errugabetzat jo izan duenak?

Erantzuna, nire aburuz, sinplea da: Estatua sakralizatu delako eta erlijioaren jiteak eskuratu dituelako. Hau da, Estatuak erlijioren sakratua izan dena gainditu beharrean ordezkatu egin baitu eta bere iraupenerako erabiltzen duelako. Ondorioa ere argia da: mota horietako Estatuak ezin dira demokratikoak izan.

Baina joan gaitezen honi buruz kristauen artean eman ohi den adibide nabarmenena aztertzera: lehenengo kristauen konbertsioa. Hartan, metanoia edota epifania suertatzen omen zen, hau da, bide aldaketa bat, nolabaiteko bihurtze edota iritzi aldaketa… baina ez zuela, berez, aurrekoarekiko hausturan, inolako erruduntasunik eskatzen. Aitzitik, autoikasketa izanik, norberaren bizimodu berria zekarren hautu librea zen eta, berria izateagatik hain zuzen ere, ez zuen lehenago bizi izandakoaz damurik eskatzen.

Nire ikasle garaian metanoiaren metafora erabili ohi zituzten antipsikiatrek (Cooper, Laing, Basaglia eta abarrek) ustezko eroen aldartearen mudaketak (bipolaritatea, neurosiak etab) azaltzeko eta ondorioztatzeko nortasunaren aldaketak autoikasketa prozesuak direla eta, horretarako, erlijioetatik eratorritako erruduntasun errepresiboetatik at jakin beharra zegoela antzematen joera aldaketa haiei.

Nolako Belena muntatua dagoen sasoi hauetan zeinetan iritzi politikoaren birmoldaketaz gain damutzeak eta barkamenak eskatzen duen…nork eta berdintasunaren legearen partez erlijiozko oinarri ezkutua besterik ez duen Estatuak…

Mota horretako Belenetan ez naiz ni sartuko…

Buscar