Patxi Saez Beloki
Soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea

Berezko hiztunik gabe, arnasgunerik ez

Berezko hiztunik gabeko arnasgunerik ez dago. Berezko hiztunak dira arnasguneen euskarri, orakarri, zutarri eta zimentarri. Baina has gaitezen hasieratik: zer dira arnasguneak? Arnasgune hitza Mikel Zalbide euskaltzainak euskarara ekarritako hitza da, Joshua Fishman soziolinguista estatubatuarrak 1991n erditu zuen kontzeptua adierazteko: physical breathing space (Arnasa hartzeko tokia).

Arnasgunea zer den horrela azaldu zuen Estatu Batuetako Joshua Fishman euskaltzain ohorezkoak Reversing "Language Shift" (Hizkuntza Indarberritzea) liburuan: «Demographically concentrated space where Xish can be on its own turf, predominant and unharassed» (RLS, 58). «Demografikoki kontzentratutako espazioa, non Xish [mehatxupean dagoen hizkuntza gutxitua: gurean euskara] bere eremuan egon baitaiteke, nagusi eta jazarpenik gabe».

Mikel Zalbide euskaltzainak horrela azaldu zuen kontzeptua bere hitzekin: «Zer da arnasgunea? (...) Euskaraz nolabait esateko, demografia aldetik euskara «bere kabian» sentitzen den bilgunea, inork xaxatu eta eraso gabe «etxeko jaun» sentitzen den eremua. Hori da, funtsaren funtsean, Fishman-en physical breathing space edo arnasgunea. Euskaldunak euskaldunekin euskal giro sendoan bizi diren lekuetan, gurasoen hizkuntza belaunez belaun eskuratzen den lekuetan, hizkuntza-plangintzarik eta inolako interbentzio berezi (zenbaitentzat «xelebre»)-rik gabe diharduten ingurumenetan, horietan dago euskara bizien. Hor du euskarak osasunik hoberena. Hori da euskal arnasgune petoa, hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioa bere betean (beste leku gehienetan baino askoz nabarmenago) segurtatzen duena».

Beraz, arestian adierazitakoak adierazita, arnasgunearen ekuazioan bada ezinbestean sartu beharreko elementu bat: berezko hiztuna. Horrela, arnasguneek ondorengo ezaugarriak dituzte: euskararen ezagutza eta erabilera zabaleko guneak dira, berezko hiztunen kontzentrazio demografiko handiko elkargune naturalak dira eta gune horiek berezko hiztunen sorburu eta harrobi dira, ama-hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioa indartu, segurtatu eta mantentzen dutelako.

Goazen orain berezko hiztunak zer diren azaltzera:

Berezko hiztunak hizkuntza ororen hiztun naturalak dira, sorburuko hiztunak, jatorrizko hiztunak edo berbadun natiboak. Belaunez belauneko katean gurasoengandik jaso eta modu naturalean hizkuntza, gurean euskara, bere-berea eta berezkoa duten hiztunak dira. Hizkuntza horretan bizi eta pentsatzen duten hiztunak. Dakizkiten gainontzeko hizkuntza guztiekin alderatuta, berezkoa duten hizkuntza hori dute erraztasunik handieneko adierazpide. Berezko hiztunek ardatz duten hizkuntza bihurtzen dute inguratzen dituen errealitatearen ulerbide eta beren hausnarketak arrazoitzeko mintzabide, izan ere, bere-berea duten hizkuntza hori dute beren kolkorako barne-mintzo eta gogoetarako tresna.

Berezko hiztuna da hizkuntzaren funtsezko bizigaia, izan ere, berezko hiztunek hizkuntzaren zuhaitza erro-errotik izerdi berritzen, kimu berritzen, hosto berritzen eta arnas berritzen baitute, giza komunikaziorako lanabes zorrotz eta zehatz izan dadin. Berezko hiztunek sorberritzen dute hizkuntza, mendiko iturri zaharretik etengabe berritzen den ura bezalaxe edota sutatik txingarra eta txingarretatik sua gar-berritzen den bezalaxe. Berezko hiztunak baldin badira, hizkuntza izango da.

Berezko hiztunen arteko gizarte harremanak edo harreman-sareak sortzen direnean, berezko hizkuntza ardatz duten gune, espazio, leku edo giza egiturak sortzen dira. Hain zuzen ere, berezko hiztunen hizkuntza ardatz duten gune horiek hizkuntzaren arnasguneak dira, hots, hizkuntzaren nagusitasun-guneak.
Berezko hiztunez osatutako giza egitura eta harreman-sareak –familiak, lagunak, ikaskideak, lankideak, auzokideak, herrikideak– elkar lotu, saretu, ehundu eta trinkotzen direnean, orduan sortzen dituzte arnasgune geografikoak (auzoak eta herriak).

Gaur egun, ordea, euskaraz egiteko aukera ematen duten gune guztiei arnasgune esateko joera nagusitzen ari da, baina dena, jakina, ez da arnasgune.

«Euskararen arnasgida ez-perfektua» osatu berri dute joan deneko otsailaren 25ean Aiaraldeko Ekintzen Faktorian. Bertan euskararen babesguneak eta arnasguneak izan zituzten aztergai.

Babesguneak euskaraz egitea ziurtatzen duten guneak dira. Euskararen babesguneak, estres linguistikorik gabe, euskaraz eroso hitz egitea ahalbidetzen duten guneak dira. Giza komunikaziorako euskara erdigunean duten guneak dira baina –gune erdaldunetan batik bat– euskara ez dakitenek bertan erdaraz egitea ere ohikoa izaten da. Babesguneak kontzienteki sortzen dira, pentsatuak eta planifikatuak dira, sorburuan berariaz hartutako erabaki bat dute, erabaki adostua, Euskaraldiko ariguneak bezalaxe. Babesguneak esplizituak dira eta ikusgarritasuna daukaten aldetik, erreferentziazko gune izan ohi dira, batez ere, euskaradun hiztunen artean.

Babesguneen aldean arnasguneak  –bereziki arnasgune geografikoak– natural sortutakoak ditugu, planifikatu gabeak, pentsatu gabe sortutakoak, nahiz eta, gaur egun, azken hauetan ere, hizkuntza planifikazioa ezari-ezarian ari den bidea egiten. Arnasguneetan arraroa, ezohikoa da norbait erdaraz entzutea, izan ere, harreman-sare horietan berezko hiztunen kontzentrazio demografikoa erabat nagusi izaten baita.

Babesguneak hizkuntzaren oasiak dira, batik bat euskaldunak gutxiengo diren gune soziolinguistikoetan. Baina arnasgune geografikoetan ere babesguneak behar-beharrezkoak ditugu euskarazko gizarte bizitza gehiago ehuntzeko, saretzeko eta trinkotzeko. Besteak beste, arnasgune geografikoetan ere premia gorria dago lantegi-fabrikak eta lan-bizitza oro har euskararen babesgune bihurtzeko euskarazko bizierari hauspo handiagoa eta sendoagoa emateko.
Urepelgo Xalbador handiak esan zigun: «Herria da gorputza, hizkuntza bihotza». Eta bihotza tauparazteko, behar-beharrezkoak ditugu zainetatik gorputz osora odol berria eta bizi-indarra daramaten berezko hiztunak, izan ere, horiek gabe, euskararentzat eta herriarentzat ez baitago arnasgunerik, ezta etorkizunik ere.

Buscar