Larraitz Ugarte
Abokatua

Berritzailetasuna, esan ez, praktikatu

Pradales jaunak ez dirudi orain arteko politikekiko zuzenketarik egiteko asmorik duenik. Eta zuzenketarik gabe ez dago ez aldaketa ez erregeneraziorik

Azken hilabetean aurkeztu diren inkesta guztiek bat egiten dute datozen hilabeteetan ospatuko diren hauteskunde autonomikoetan EH Bildu eta EAJren arteko lehia estua iragartzean. EITB Focus edo Lehendakaritzaren datuek ere, tradizionalki alderdi jeltzalearen aldekotasun agerikoagoa jarri dutenek, halaxe diote. Badirudi beraz, azken urteetako hautes-lehia emozionanteenak izango direla, herritarrek aldaketarako bidea ematen duten edo ez erabakiko duten ikusteko baitago.


Azkenaldian asko hitz egin da aldaketaz. Asko belaunaldi aldaketaz, hautagaitzek emakumezkoenak izan behar luketen... orain arte mahai gainean ez zeuden elementu berritzaileak sartu dira hautagaitzen egokitasunari buruzko tertulietan. Modu erabat desenfokatuan, ene ustez, gaztea edo emakumea izatea berezko balioak balira bezala. Adineko gazteak eta feminismoz blaitutako gizonezkoak izan badirelako eta politika publikoen norabidetzea ezin delako pertsona bakarrean soilik irudikatu. Baina biek ala biek badute sakonean «orain artekoa ezin da betikotu» baten gogoeta. Honek alderdietako zuzendaritzak mugitzera eraman ditu eta mundu guztiak hitz egiten du jada politikagintzan aldaketa beharraz. Bada zerbait.

 

Baina hitz egitea eta horrekin kontsekuentea izatea bi gauza dira. Aldaketa edo erregenerazioa ez baitira hortz bete erabili behar diren demak, hautagai eta alderdientzat etxeko lanak baizik. Eta hor, betiko inertziekin eta politikekin reset bat egitea zenbat kostatuko den irudika dezakegu jada. Oraindik alderdiek ez dituzte programak aurkeztu, baina hasi dira euren ustez herri honek etorkizunean izan behar duena erakusten.


Pradalesek bizitza osoa politika instituzionalean darama, eta, beraz, politika klasikoak egiten dituena aurkeztu dute EAJren aldaketaren lemazain. Bizitza osoan eraman duen gorbata kendu eta hara non hasi den Sortuk etxebizitzaren inguruan egindako ekimen irudimentsua kritikatzen. Putre funtsen jabetza pribaturako eskubidea EAEn etxebizitza eskubide subjektiboaren gainetik jarri du. «Egon lasai funtsok, nirekin zuen jabetza ez baita ukituko, milaka pertsonak etxebizitzara irismena ukatua badute ere» esan nahian bezala. Eta paraleloan etxebizitzak promestu  dizkie gazteei. Kontatuko digu hori nola burutzeko asmoa duen, jabekide handien pribilegio eta norbanakoen eskubideak uztartuz. Eraikuntzari lotuta ekarriko digu soluzioa segur aski. Izan ere,  eraikuntza sektoreak jan egin behar du. Ze klasiko berritzailea!

 

Sektoreak jan behar duelako egin nahiko ditu Urdaibaiko Guggenheima eta ibai azpiko errepidea ere. Biek ala biek herri hau punta-puntan jarriko ei baitute Europan eta munduan. Baina hori gutxi ez eta Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu kargua kanpainarako profitatuz, hara non Kanpazarren 830 metroko tunela  iragarri digun, Maria Ubarretxena bere Gipuzkoako homologoarekin batera. Biak gazte eta bata emakume, erregenerazio politikoaren adierazle. Fotomuntaketa batez lagunduta, nola ez, bihar bertan irekita egongo dela irudikatu dezagun, eraikitze lanak 5-6 urte barru arte hasiko ez diren arren.


Bizkai eta Gipuzkoako herritarrontzat 6 milioi euroko kostua duen erredakzio proiektua eta 120 milioi euroko gastua izango duen eraikitze kostua Elorrio eta Arrasateko herriak lotzeko, herri honen bertebraziorako ezinbesteko obra omen. 40 minutuan iritsiko omen gara Arrasatetik Bilbora (gaurko 46 minutuekin alderatuta aurrerakuntza handia). Kanpazarko portua ezagutzen dugunok badakigu trafiko handia dabilela, trafiko astuna sarri. Baina azken urteetan obretan dabilen errepidea dela eta bikoizte batzuk eginda obra hauek amaitzean aski dela ere badakigu. Ondotxo dakigun bezala bide horrek baduela alternatiba erabilgarri bat, AP-8 eta AP-1a alegia, denbora berbera emanez autopistatik eta bide horretatik Durango eta Arrasateko ibilbidea egiteko (bai, proba egin dut eta bata edo bestea erabiliz denbora bera ematen dut). Kapazitate altuko bi errepide paralelo izatea beharrezkoa da? Eta hartara 126 milioi gastatu, Kanpazar barrutik zulatuz? Zein da obra honen onuragarritasun soziala? Zementuaren politika «berritzailea» erabat berritzailea izan da formetan ere. Herri afektatuetako alkateek prentsaz jakin dute hain estrategikoa omen den obraren iragarpena. Gobernantza kolaboratiboaren eredu garbia.


Beste arlo batzuetan Pradales jaunak politikaren norabidetzea norantz eramango duen ikusteke dago, baina ez dirudi orain arteko politikekiko zuzenketarik egiteko asmorik duenik. Eta zuzenketarik gabe ez dago ez aldaketa ez erregeneraziorik.


Erregenerazioa beste zerbait da, Pello Otxandianok berak idatzitako “Begirada” entsegu politikoan proposatzen diguna bezalako zerbait. Pausa bat hartzera gonbidatzen gaitu, herri honek bizi duen momentu historikoa irakurri eta aurrean ditugun erronkak aztertzera; diagnostiko partekatu bat egin eta adostasun eremuak eraikitzera, herri honen ikuspegi ezberdinak jasoko dituzten kontsentsuekin politika publiko sendoak proposatzera. Motzean, datozen lau urteetan egin beharrekoak, baina baita sakonagoak izango diren aldaketak jostera, 2040ko ortzi-mugan herri hau non ikusi nahi dugun hara eramango gaituztenak.

 

Gehiengo berri eta lidergo berriek gidatutako gobernantza kolaboratibo batean oinarritutako politika egiteko modu berriak jarri ditu mahai gainean Pellok, hori eta erronka berrietarako burujabetza ahalmen berriztuaren beharra. Eztabaidaren maila igotzea proposatu du. Ona litzateke entsegua irakurri,  gauzak egiteko orain arteko moduak herri honi ekarri dizkion bertute eta arazoen gogoeta sakon bat egin eta aurrera begira gauzak nola egin behar ditugun ondorioztatzea.  Ikusitakoak ikusirik, halere, politikari berri batzuen berritasunean itxaropen gutxi.

Buscar