Berriz min hauek, behin eta berriz
Aurreko batean topo egin nuen pertsona batekin kalean. Ezustean, 45 urte igaro eta gero, ihes-erbestea-kartzela ondoren, hor. Parez pare. Elkarri begira. Bihotzak salto: bera da! Itxura, biona, ez zen garai haietakoa, jakina. Istantean elkar ezagutu, hala ere. Pozaren pozez, besarkada estuan bildu ginen.
Elkarrizketa, nola ez: etxekoak, zer berri? Eta hor ezin esan zaharrak berri. 45 urte! Baina zer nolakoak garen! Lehen unetik, gure kezka politikoak azalean dar-dar: aldaketa latzak jendartean, teknologiak, gazteak oso bestelakoak... Indar armatu okupatzaileak, bertan. Horixe aldatu gabea, oraindik.
Hurbilekoari heltzeko premia nagusitu zitzaigun. Burkidea bai, baina laguna ere bai. Distantzia eta urte horien guztien gainetik: zenbat seme-alaba? Gurekin? Bestelako bidetan? Furgonetan babesturik, ihesi gurengandik?
Zorrotz aritzeko dohaina ez du galdu. Ez hitzez hitz hartu, baina ia-ia: «Bizi dugun mundu hau azkarregi doa, tarterik eman gabe atzera begiratzeko, arnasa hartu eta hausnar pixka bat ere egiteko». «Lau seme-alaba izan ditut. Haien berri, gutxi, oso. Ez dugu elkar ezagutzen, ez dugu eraiki kasik lotura afektiborik. Nitaz paso egiten dute dezente».
Agur esan eta berehala, hitz horiek buruan errotari. Gure etxeetan borrokaren ondorioak oraindik pil-pil. Gure maitasuna baino gehiago, gure hautu politikoen zama jaso eta jasan behar izan dute etxekoek. Hamaika aldiz goraipatu dugu lehen lerroa: eskuzabaltasuna, adorea eta determinazioa. Baina, arraina bezain funtsezkoa, areago!, ura behin eta berriz eskaintzen duten iturburu xume eta ezkutu horiek dira. Hemen eta Vietnamen. Saharan eta Palestinan. Kuban eta Irlandan. Ez dezagun ahaztu.
Etxekoak maitatzeko modua ere izan da gure konpromiso politikoa. Seme-alabei herri libre bat eskaini ahal izatea, geroan loratuko ziren irri horietan irudikatzen beti zoriontasuna, merezi duen bakarra. Erbestean izan, torturapeko egun-gau amaiezinetan, espetxeko isolamenduan... Lorpenak erdipurdikoak izaki, eta historian beti izaten da horrela herri txikien borrokan, badakigu zer utzi nahi izan diegun bizi-bizirik: hauturik okerrena, beti, menpekotasunean otzan bizitzea dela. Izan ere, munduan diren eskubide guztien oinarrian, dena eman zuten gizon-emakumeak daude. Eta berriro diot: ez naiz ari soil-soilik lehen lerroaz. Gure etxekoez eta lagunez baizik.
Zenbat seme-alaba hazi egin da aitarik, amarik edo gurasorik gabe haur txiki-txiki edota nerabe? Edota bietan ere. Zenbat bikotekide gure etxea eta Arestirena, biak ala biak, defenditzen bakardadean. Zenbat guraso joan zaizkigu azken muxua eman ahal izan gabe. Zenbat maitasun historia hautsi beharra, zenbat bikote hautsita ondoren eta ondorioz. Zenbat ordu psikologoarekin, barne zauriak sendatzeko. Torturaren orbanak edonoiz agertzen baitira. Minbizia izan daiteke. Depresioa. Lo ezina. Kotxean eta gauez ezin ibili itsu-itsua...
Albo-ondorioak? Ez, ez. Hori baino askoz ere gehiago. Bizkarrean hartutako motxilan min gehien egiten duten minak. Urte luzeak pasatu ondoren, bixi-bixi dirautenak, oraindik ere.
Eta herrira itzuli eta erabat jokoz kanpo sentitzen diren burkideak ikusten ditugu, gaztetako lagunak beste orbitetan, bakoitzak bereari so. Eta min horiek isiltasun betean daramatzate. Eta Gontzal Mendibilen kanta zirika, ezten: «Merezi ote?»
Galdera ez da gero arte batean garbitzekoa, noski. Min hauek guztiak aldarrikatzen ditut, ordea. Ez aitortu soilik, erreibindikatu ere bai. Ez harrokeria moldean, guzti-guztionak diren erantzukizunak agerian jarrita esanez. Gure artean beti egin ohi (izan) dugun bezala. Harrokeriarik gabe, diot, ez, ordea, gure harrotasuna isiltasun inposatu batean itotzen utzita. Hori sekula ez.
Nola onartuko dugu isiltasun-amore hori? Gure, eta guk eragindako, min horien gainetik, duintasun erraldoia garatu du Euskal Herriko herri langileak, Espainiako Erresuma eta Frantziako Errepublika inperialisten handikeriari aurre egiteko, zapalkuntza anitzari aldez eta moldez aurre egiteko determinazio xume askoren batuketa. Haritzak ere, olibondoak bezala, sustrai sendokoak. Herri honek erabaki sustraituak garatu ditu. Horri esker iraun. Ez gaituzte gure lurrean menpeko idortuak bihurtuko. Gernika Palestina ekimenak Donostian antolatutako azken ekitaldian palestinar lagunak ozen esan zuen eran: Ez gaituzue gure herritik erautziko!
Molda dezagun moldatu beharrekoa. Molda gaitezen moldatubeharra guztiz ezinbestekoa den kontuetan. Baina ikusmira luzean, perspektiban mantendu izaniko borroka, greba eta sortze ahalegin guztiak, gogoan bizirik belaunaldi berrientzako aukera, haiek ikusten dutenerako eta duten bezala hautu bihurtuko direnak, sustrai sakon hauen kimu eta ernai.
Sustrai horiek tinko utzi izana. Merezi ote duen galdetzen didazu? Ez da, ziur, errotze akasgabea, baina gure sustraitzea izan da. Arrain ibilitako guztien partez, egoki den amaiera bakarra hauxe: eskerrik asko eta esker a (u) nitz ura izan zareten guzti-guztiei. Minak ezkutatu gabe. Biba zuek!