Beste talaia batetik begira
Nire ordenagailua gelditu egin da. Amaitu du bere ibilbidea, hain justu, larunbatean publikatuko den artikulua idatzi beharra dudan honetan. Ordezko ordenagailurik ez. Izua zabaltzen hasi da. Eskerrak, azkenean, ordezko ordenagailu bat topatu dudala eta posta elektronikoaren bidez testua bidali ahal izango dudala. Konponbidea aurkituta, orain artikulua idatzi behar.
Horrelako egoeratan konturatzen gara teknologiak gure bizitza nola aldatu duen. Gauzak era batera egiteko ohitura hartzen dugu, eta zerbaitek huts egin arte ez gara jabetzen zenbait gailuk noraino duten eragina gure egunerokotasunean. Batzuetan ohiturek itsutu egiten gaituzte. Noizean behin komenigarria da albo batera urrats bat ematea eta ohiko talaietatik kanpo begiratzea. “Financial Times” egunkariko bere zutabean Martin Wolfek egunotan pasadizo bat kontatu du. 1955ean, AEBetako automobilgintzako sindikatuaren buru Walter Reuther Ford enpresaren planta automatizatua ikustera joan zen. Robotak erakustean, bere anfitrioiak “langile” horiei sindikatuaren kuotak kobratzea nola pentsatzen zuen galdetu zion. Reutherrek berehala erantzun zion beste galdera batekin: «Eta zer egingo duzu zuk robotek Ford automobilak eros ditzaten?». Teknologiak pisu handia du gure bizitzan, baino askoz pisu handiagokoa da gure ikusmira. Izan ere, ikusmirak, era batekoa edo bestekoa izan, zeharo baldintzatzen du arazoei ematen diegun irtenbidea.
Horren adibide hurbila dugu kreditua bera ere. Espainiako Bankuak pasa den urteko kreditu berankorren estatistikak publikatu ditu aste honetan. Estatu espainoleko bankuek dituzten zalantzazko kredituen kopurua inoizko kopuru handienera iritsi da: 197.000 milioi euro. Kopuru hori Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroaren barne produktu gordin zenbatua baino 2,5 aldiz handiagoa da. Banketxeek emandako kreditu guztiekin alderatuz gero, kopuru horrek %13,6 suposatzen du. Proportzio horren zenbakitzailea begiratzen badugu, zalantzazko kredituen kopurua arrazoi ezberdinegatik igo da: batetik, egoera ekonomiko kaxkarrak ez du laguntzen kredituak bueltatzerako orduan, eta, ziurrenik, gero eta atzerapen gehiago izaten ari dira ordainketetan –edo zuzenean kreditua itzultzeari uzten dioten zordunak gero eta gehiago dira–; bestetik, arauak aldatu egin dira eta pasa den urtetik aurrera birfinantzatutako kredituak, hau da, baldintzetan moldaketak izan dituzten kredituak, txarren artean sailkatu behar dira. Hori guztia logika baten baitan koka dezakegu.
Halaber, dena ez dago zalantzazko kredituekin lotuta. Proportzio horren izendatzailea begiratzen badugu, beste gauza batzuk ere ikusten ditugu. Kasu horretan, kreditu masa orokorra ikusten dugu, hau da, banketxeek kreditu bidez emandako dirua. Kopuru hori urtebetean 156.000 milioi euro jaitsi da –kreditu kaxkarren pareko kopurua da hori–. Kreditu kopuru orokorra jaisten bada, zalantzazko kredituen pisua igo egiten da. Are gehiago, kreditua murrizten denean gertakari xelebre bat ematen da: kaudimena dutenek kredituak epean bueltatzen dituzte, baina ez dute kreditu berririk lortzen, banketxeek zalantzazko kredituak mantendu behar dituztelako. Kreditua murrizten denean, kaudimen handiko bezeroak ere kreditutik baztertuta geratzen dira. Banketxeek badute baliabideak kreditu gehiago emateko; funts-hornidura jaitsi egin da azken urtean eta horrek esan nahi du baliabide kopuru bat askatu egin dutela. Non daude baliabide horiek? Ba, segur aski, zor publikoan: etekin handia eta arrisku gutxi.
Banku sistemak ez badu ekonomia kredituarekin hornitzen, ez du ezertarako balio. Ondorio horretara iritsi da NER Group. Eta horren arabera lanean jarri da. Sistema bat planteatu du kooperatiba batzuen fondoekin beste kooperatiben kreditu beharrak finantzatzeko. Banku sistemak betetzen ez dituen funtzioak beste harreman batzuen bidez betetzea da helburua. Horretarako beste talaia batetik begiratu behar da, eta, noski, ikusmira berriaren arabera jardun. Bikain.