Betirako gerra vs bake inperfektua
Aspaldi aditu nion Antanas Mockus Bogotako alkate izandakoari esaldia: «nahiago dut bake inperfektu bat betirako gerra baino».
Kolonbiako bake negoziazioen testuinguruan esan zuen, hango azken hauteskundeetan zeinek gobernatuko zuen baino herrialdeak hartuko zuen norabidea jokoan zegoenean. Alvaro Uriberen bentrilokuoa zen Ivan Zuluaga eta egungo presidente Juan Manuel Santos ziren lehian. Aurrena, gerrazalea, mendekuzalea, gerrillen aurkako garaipen militar azkar eta erabatekoaren aldekoa eta bake negoziazio ororen aurkako fanatikoa zen; bestea, aldiz, bake inperfektuaren defendatzailea, presoen askatzea bideratu eta biktima guztien minak eta eskubideak aitortuko zituen akordio eta konpromisoen aldekoa. Aurrenak gerrarekin irabazi egiten zuen, dirua eta botere politikoa, eta, bakearekin, berriz, galdu egiten zuen. Bigarrenak, bere aldetik, gerrarekin galdu egiten zuen: sinesgarritasuna, karrera politikoa... Zorionez Santosek irabazi egin zuen eta Kolonbiako prozesuak bide malkartsuan darrai, anbibalentzia eta anbiguetatez lepo, inperfekzioaz josirik.
Gauza jakina da Alvaro Uriberen alter ego espainiarra Jose Maria Aznar dela, herrialdeko presidente ohi infamea. Gerrazale amorratuak dira biak ala biak, berdin Irakeko basamortuetan ala Kolonbiako oihanetan; armak sutan ala isilik egon, iraganean bezala etorkizunean, igual zaie. Horiek bezalakoentzat bakea gerra da, etsaiak ezinbesteko baitituzte euren interesen makinaria olioztatzeko, mundu biolento bat behar baitute negozio politiko eta ekonomikoa egiteko.
Eskala handian, azken bi hamarkadotan atzera begiratuz, Hego Amerikan, Asian ala Ekialde Hurbilean egin diren «terrorearen kontrako gerrak» ez dira irabazi, «demokrazia zabaltzen» kale egin dute. Ezegonkortasun handiagoa sortu dute, gatazkak gaiztotu dituzte, etsaiak biderkatu eta sarraskia betikotu. Nahita, hotz eta oso ongi pentsatuta, kontrola eta irabaziak bermatzearren.
Logika zital hori berori, gure txikian, Euskal Herrian bertan ere betikotu nahi dute. Bakea zigor egin eta gerra betirako bihurtu, mendekuaren logikarekin eskola egin eta ondorengoei «hauxe da dagoena, hartu ala hartu beste aukerarik ez duzue» mezua pasatu. Ez dauka zerikusirik «terrorismoa» delakoarekin, botere kontua da, kalkulu totala, ekuazio madarikatua.
Hitzak hiztegietan bezainbat adibide ditugu. Zein baino zein aberranteago eta krudelago. Bilduma makrabo horretan, niretzat azken aldiotako mingarriena, adibideak ez dira falta: Nagore Mujika, ia-ia sedatuta zegoen arte bakean utzi ez zuten Iosu Uribetxeberria, edota azken asteotan berriz ere espetxeratu dituzten Santi Arrozpide eta Jorge Olaiz euskal militanteak. Euren zigorra beteta ere, edozein unetan, edozein aitzakia aurrefabrikatuta, nornahi, nahi bestetan, berriz kartzelatzea posible dute. Ireki nahi duten betirako bide mendekatia da. Amorrua bularrean biltzen uzten ez duen izugarrikeria totala da. Militante konkretuen kontrako praktika da, bai, baina terrorea eta umiliazio sistema bat betikotu nahi du, ezkerreko komunitate abertzaleari bere ideal eta indarren gaineko konfiantza kentzeko, borondate kolektibo independentista likidatzeko. Pertsona konkretuen aurkakoa da, bai, baina gure herriaren kontrako biolentzia masibo mekanizatua ere bada.
Egunkari konkretu batzuek erbia haizatu eta atmosfera girotu egiten dute. Isilik geratzen direnen epelkeriak lagundu egiten die, eta, hala, betikoan gabiltza: espainiar boterea gogortasunaren sinonimo eginez Euskal Herrian, mentalitate irekientzako nazkagarria den populismo zigortzaile bat elikatuz, pasio baxuenak xaxatuz salbuespenezko egoera normalitate bihurtu eta berradiskidetzea xede duten dinamika oro blokeatzeko.
Madarikatuak izan daitezela horrela jokatzen dutenak eta beren kalkuluak! Izango al gara aski argi ezarri nahi duten larreostia horren bizkarrezurra ahalik eta azkarren puskatzeko! Maite ditugulako. Kalean behar ditugulako. Euskal Herriak, betirako gerra baten kondena baino, inperfektuenetan den bake inperfektuena ere merezi duelako