Ernaiko kidea
Bihar ere kalera, gazteon oraina borrokatzera!

Arrazoiak, beraz, soberan ditugu bihar protesta egiteko. Gure miseriaren erantzuleak seinalatu eta Euskal Herrian bizitzearen aldeko aldarriz beteko ditugu kaleak

29/01/2020

Urteak pasa dira azken greba orokorretik, baina hau ez da izan egoerak hobera egin duelako: prekaritatearen normalizazioan sakontzen ari den sistema kapitalista heteropatriarkala egiturazko krisia bizitzen ari da. Aberastasunaren birbanaketaren iruzurra agerian geratzen ari da, gizartearen %99aren kaltetan. Desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira, eta ezagunak zaizkigu miseriaren adibiderik gordinenak diren prekaritate egoerak. Gazteon soldatak %21 jaitsi dira aberatsenen soldatak %10 igo diren bitartean, enplegua lortuta ere, gazte asko pobrezia mugaren azpitik bizi gara. Emantzipatzeko batez besteko adina 30 urtekoa da nahiz eta gehienok dexente lehenago nahiko genukeen (24 urterekin, ikerketen arabera), eta gure diru sarreren %60tik gora bideratu behar izaten dugu etxebizitza ordaintzeko, esaterako. Honi guztiari gehitzen zaio lehiakortasunean oinarritutako harreman eredu kontsumista eta kapitalista. Arrazoiak, beraz, soberan ditugu bihar protesta egiteko. Gure miseriaren erantzuleak seinalatu eta Euskal Herrian bizitzearen aldeko aldarriz beteko ditugu kaleak.

Euskal Oasian prekaritateari alfonbra gorria jartzen dioten horiek patronalarekin eta herritarren %1arekin lerratu dira berriro ere. Sabin Etxetik mugimendu sozialak eta langile borrokaren aurka esan eta egindakoek argi uzten dute greba orokorrerako deialdia euskal burgesia urduritu eta jeltzaleen statu quoa zalantzan jartzeko gai izan dela. EAJ ez da sekula greba orokor baten alde egongo, prekaritatea banatu eta langileak esplotatzen dituenaren ordezkari politikoa delako. Españolismoaren argudiotegia ere bere egin du EAJk, pentsiodunen mugimendua zatitzeko saiakerak eta Podemosen posizio politikoa hauspotzeko ahaleginak Teleberriaren eguneroko ogi izan dira azken asteetan.

Zorionez Euskal Herrian, batzuek Andaluziatik hemengo agintarien hitzen aurka argi ikusten duten bezala, bada ehun sozial nahikoa antolatua eta hamaika aldarrikapenekin ulertzen duena borroka eremuak mila eta bat direla. EAJrekin aurrekontu-akordioa sinatzeak eta Espainian X gobernu egoteak ez du egiturazkoa den kapitalaren diktadura eta prekaritatearen normalizazioa ekidingo. Testuinguruak eskatzen du hemen eta han piztutako borroka sektorialak duintasunaren txapelpean kokatzea. Herri bezala ekitea; izan ere, hori da Podemosi gustatzen ez zaiona, Euskal Herrian sustraitutako mugimendu politiko eta sozialak erritmo eta aldarrikapen propioak izatea. Burujabetza da, finean, langile eta herri sektoreen askapen eta emantzipaziorako giltzarria.

Greba «politikoa» dela salatu dute eta berau irain bezala erabili. Nola ez da ba, greba bat, ekintza politiko bat izango? Batzuek, politika, poltronan eserita garatzen den praktika dela uste dute. Demokrazia bera modu pribatiboan ulertzearen ondorioak direla uste dugu guk. Eredu neoliberala zalantzan jartzera datozen olatu sozialak politika egiten dute eta kasu honetan, borroka tresnarik eraginkorrena greba dela ulertu. Honela, azken urteetan ehuntzen eta elkarrekin borrokan aritu garen mugimendu eta aldarriak era kolektiboan borrokatzeko ezinbesteko tresna da. Mahai gainean kolpe bat eman eta aurrera urrats garrantzitsu bat ematekoa. Greba Komiteetatik hasi eta Gazte Aldarrikapen Taularen sorrera egitasmora, konfluentziarako eta sistemaren beraren eraldaketarako indarrak batuko dituen mugimendu baten osaketan laguntzeko oinarria izatea nahiko genuke aukera hau.

Xinaurri lana, desburokratizazioa eta herritarren protagonismoa, elementu hauen baturan dago greba orokorra arrakastatsu egingo duen formula. Bihar arte gazte, kalean egingo dugu bat eta kaleak egingo gaitu bat!

Artículos
Iñaki Egaña
22/02/2020
Alizia Iribarren eta Mertxe Mugika
22/02/2020
Víctor Moreno
21/02/2020
Cartas
Iñaki Revuelta Lertxundi | Cantante
20/02/2020
Xabier Rodríguez y Nicolás Xamardo
19/02/2020
Manu Ballesteros
19/02/2020
Iraitz Lazkano Garitaonandia | Elgetako alkatea
18/02/2020
Últimos posts
Joseba Iturria
15/02/2020
Fito Rodriguez
11/02/2020