Kattalin Miner
GAUR8

‘Biktimak eta mailak’

Yakiri emakume mexikar bat da. Bere bortxatzailea hiltzeagatik kartzelaratutako emakume mexikar bat. Orain gutxi askatu dute, baina «gehiegizko defentsa» kargua egotzi diote. Bi gizonek egun batzuez hotel batean bortxatu zuten, eta ondoren, Yakiri hiltzera zihoazela, neskak labana bat hartu, bortxatzaileetako bat hil eta ihes egitea lortu zuen. Baina epaiak dio gehiegi defenditu zela. Gehiegi.

Emakumeok aspalditik ikasi dugu indarkeria dagoen giro, une edo harreman batean beti biktima papera egokitzen zaigula. Indarkeria jasan egin behar dugu, indarkeriaz bizi, eta ondoren, biktimak izan. Inoiz ez indarkeriari aurre egin. Gure gene sozialetan itsatsi digute defendatzeko beldurra, eta arau sozial eta penaletan azaldu dute, defendatzen den emakumearen santzio bikoitza, erasoak berak baina larritasun handiagokoa sarri.

Yakiriren kasuarekin nabilela, lagun baten kasua etortzen zait burura etengabe. Emakume bat hainbat indarkeria mota sistematikoki jasaten ari zen haren bikotekidearen eskuetan, baina nire laguna ez zen emakume otzana. Uste zuen, indarkeria horri erantzunda, jasaten ari zen indarkeria ez zela gertatzen ari. Egun batean, ordea, muturreko egoera batera iritsi zen eta Ertzaintzari deitu zion. Eskuak handituta zituen, denbora luzez erretenitua izan zelako eskumuturretatik gogor eutsita; begiak ubelduta, kolpeak nonahi. Hark, harramazka batzuk zituen lepo aldean. Nire lagunak, epaiketa azkar baten bitartez, kasua argi irabazi zuen. Horraino ongi.

Baina sistema judiziala, patriarkala eta jendartea ez da tontoa. Une horretan, nire laguna “biktima” zen, baina haien ustez ez zen “biktima bezala” portatzen, ez zen inondik inora zilegizko biktima.

Izan ere, burua tenteegi eramango balu bezala ikusten zuten mesfidati askok; isilik geratzen ez zen horietako bat zelako, «nik hark baino indar handiagoa izan banu, une hartan, akabatu egingo nuen» esaten zuelako. Ez, halako biktimak ez dira sinesgarriak, eta ez zaizkigu interesatzen, gaizki uzten dituzte “benetako biktimak”.

Hala, beste hainbatetan bezala, dudan jarri zen emakumea, eta ez hori bakarrik, berak defentsan eragindako harramazka eta oihuek jatorrizko erasoak baino larritasun handiagoa hartu zuten. Jendarteak epaia emana zuen: ez zen biktima, indartsuegia, zalapartatsuegia eta ero samarra baitzen.

Horrekin eta horrela bizitzen askok dakigu, ordea. Emakume egokiak izan gabe, eta horri ere buelta ematen zaio. Kontua, ordea, bereziki aurrerago larritu zen, bat-batean fiskaltzak erasotzaile izateaz akusatu zuenean emakumea, baita kondenatu ere. Eta paradoxikoki, legearen begietan, biktima eta erasotzaile izatera pasatu zen. Nire lagunak eta Yakirik antzekotasun asko dituzte. Ez dute gure burua defendatzea nahi, emakumeon autodefentsa oso kontu garestia da. Biktima papera besterik ez zaigu geratzen indarkeriari dagokion honetan guztian, eta defendatuz gero, erasotzaileak gara. Eta azken ideia batek kolpatu dit egun hauetan burua: biktima besterik ez izatera kondenatuta gauden honetan, eta nolako biktima, uste dut biktima merkeegiak garela emakumeok. Ez gara lehenengo edo bigarren mailako biktima izatera heltzen. Gure biktimismoak, eraildako emakume guztien biktimismoak, edota haien senitartekoenak ez du errentagarritasun politikorik izan sekula. Urtean behin ateratako argazki bat, horraino ematen du politikan gu biktima izateak.

Eta hau dena datorkit burura Yakiri entzuten dudanean, bortxatzaile bat gutxiago egotea eskertu behar geniokeen andre horren izena entzutean; hau dena datorkit burura nire lagunak bizitakoa oroitzean eta hau dena datorkit burura lehen eta bigarren mailako biktimak aipatzen diren bakoitzean, izan ere, emakumeoi pasatzen zaigun ia dena bezala, paradoxikoa da hau ere: hainbeste hildako eta hain garrantzi txikia izatea. Behin horma batean ikusi nituen hitz batzuek zioten bezala, «Espainiako matxismoak ETAk baino gehiago hiltzen du», eta ez zaigu asko axola.

Buscar