Bildu Elizara

Ez al dira gure alderdi politikoak Elizaren pare? Elizak jarraitzaileen espiritualtasunarekin bezala, alderdiek gure erabakimenarekin jokatuz? «Bozka nire alde, nik eramango zaituztet-eta ongizatera»

16/11/2019

Jesusek iraultza ekarri zuen. Erromatarren zapalkuntzari intsumisioz erantzun zion. Biolentzia gabeko konfrontazioz. Erail egin zuten, eta herriari bere hilotza erakutsi, halako jarrerak nola zigortuko zituzten eredugarri. Herriak ez zuen Jesusen gogoa ahaztuko.
Historia errepikatu egiten da, forman bederen. Menperatzailea, menperatua, askatasun gogoa, ekina eta zigorra. Menperatzailea inoren gaindi, lege. Herriak baina, gogoan izan, eta berriro ere, gogora ekarriaz, gogotik ekin askatasun borrokari. Zigorra berriro, eta buelta. Gogoa, memoria, baden bitartean, errepikatzen den zikloa, menperatzailea ahul aurkitu arte. Eta orduan, menperatuaren garaipena. Askatasuna.

Menperatzailea, baina, zitala da, eta badaki bere burua berrasmatzen. Nola ekidin zuen Erromak porrota? Inperio militarra iltzear zela, menperatuen gogoaren baitan erein zuen hazia: gogo hura, kristautasun deitua, ofizializatu egin zuen. Bere egin. Instituzionalizatu. Estrukturatu. Eta estrukturaren gorenean, Aita Santua. Inperio erlijiosoaren burua.
Erabakigune ziren lekuetan, auzo batzarrak egiten ziren horietan, elizak eraiki zituzten. Haritzaren pean eta zutik, borobilean parez pare elkartzetik, pulpituari behetik gora begiratu eta goitik behera zetorrena aditzera pasa ginen, elizen handitasunak eta mezuen ederrek itsututa. Pentsamendu kritikoa alboratu eta etorkizun espirituala «goiko» apaizen esku utziz. Trukean, elizari ordaina: sosak, eta apaizaren jatekoa, sexua barne.

Elizak, berak esandakoa eginez gero, askatasun espirituala promestu zigun. Hil ondorenerako, bistan da, kontrakorik frogatu ahal ez izateko.

Ez al dira gure alderdi politikoak Elizaren pare? Elizak jarraitzaileen espiritualtasunarekin bezala, alderdiek gure erabakimenarekin jokatuz? «Bozka nire alde, nik eramango zaituztet-eta ongizatera».

Orduko kristauenak bezala, gogo askatzaile batek bultzatu zuen oraingo alderdien jatorrizko mugimendua. Gero, baina, beren burua arriskuan ikusten zuten inperio zaharrek hazia erein zuten mugimendu askatzaile haietan, beren sistemara erakarriz, alderdi eran. Lurraldeak instituzionalizatu, sistema estrukturatu, botere kuota eman, eta gure sosak, kupora, erdi bana.

Elizako sabaian nekez irekiko zaigu zerurik. Nekez gorpuztuko askatasun gogorik, alderdien jarraitzaile izanik. Eliza lako izateaz gain, bildu ezinezko alde erdi direlako. Eta askatasunak osotasuna ezinbesteko. Orduan, auzo batzarretan bilduko gara berriro, zutik, borobilean eta parekidetasunean, burujabe.