ELEAK-Libre mugimendua
Bost urtez euskal jendartea zigortzen

Mozal Legearen V. urteurren honetan, Madrilgo Gobernuan eman den aldaketa ikusita, premiazko deia egiten diegu indar politiko guztiei: ahalik eta epe laburrenean PPk aldebakartasunez inposatu zuen Mozal Legea indargabetu dezaten, orain posible delako.

01/07/2020

Bost urteotako datuek argi eta garbi erakutsi dute eskubide sozial, zibil eta politikoei aurre egiteko nolako tresna errepresibo garrantzitsua eta indartsua den Mozal Legea (eta Zigor Kode berria) Estatu espainolarentzat zein botere ekonomikoentzat. 2015eko uztailaren 1ean indarrean sartu zenetik ez dute etenik izan eskubide sozial, zibil eta politikoen aurkako polizia ezberdinen erasoek, ezta koronabirus garaian ere. Protesta sozial zein politikoaren aurkako jazarpen judiziala nahiz poliziala etengabe indartu da Estatu espainolean.

Bost urte hauetan adierazpen askatasunak, mobilizazioak egiteko eskubideak eta informazio jaso zein zabaltzeko eskubideek izugarrizko murrizketak jasan dituzte krisialdi sanitarioan, territorialean, ekonomikoan, politikoan eta baita sozialean ere murgilduta dagoen Estatu espainol ahulduan.

Horren froga dira Mozal Legea 2015ean indarrean sartu zenetik eta 2019 bitartean Estatu espainolean jarri diren 766.416 zigorrak eta bildu diren 416.527.489 euroak, Barne Ministeritzak emaniko datuen arabera. Egunero bostehun zigor baino gehiago. Catalunya eta Hego Euskal Herria zifra horietatik at daude, Mossoen eta Ertzaintza zein Foruzaingoaren datuak ez badituzte bertan barnebildu.

Isun horien guztien artean asko eta asko zuzenean eskubide sozial, zibil eta politikoen aurkakoak izan dira, 36.23 (interbentzioen irudiak zabaltzea), 36.6 (desobedientzia), 37.4 (errespetu falta) eta 37.1 (mobilizazio komunikatu gabea) artikuluetan oinarritutakoak. Berdin izan zaie etxebizitzaren eskubideen aldeko mugimendua kolpatzea, mugimendu ekologista, mugimendu feminista, euskal presoen aldekoa, langabetu eta prekaritzatuen mugimendua, ama hizkuntza erabili nahi izan dutenak zigortzea, errefuxiatuak espultsatzea... Dena bihurtu dute delitu: biltzea, manifestatzea, abestea, idaztea, hitz egitea, informatzea, protestatzea...

Hego Euskal Herriko emaitza ere izugarriak dira. Bi Legebiltzarrek 2016an Mozal Legearen aurkako iritzia eman zuten arren, eta Eusko Legebiltzarrak 2016ko ekainean Euskal Gobernuari Mozal Legea ez aplikatzeko eskatu zion arren, EAEn Ertzaintzak 2015-2018 urteetan 17.820 isun jarri zituela jakinarazi zuen. 2019ko datuak falta, baina 20.000 zigorretik gora zalantzarik gabe, hau da, 20.000 euskal herritar prozedura administratiboen mehatxupean.

Datu hauei gehitu behar zaizkie Nafarroan Foralek ezarritako isunak (3.000 inguru 2016rako) eta baita Hego Euskal Herri osoan Polizia Nazionalek, Guardia Zibilek eta Udaltzaingoak herriz-herri jarritako beste milaka zigor. Denetara Hego Euskal Herrian 28.000 espedientetik gorakoa izan daiteke estimaziorik ziurrena. Hauetatik, 8.000tik gora eskubide sozial, zibil eta politikoekin zuzenean lotutakoak, inolako zalantzarik gabe,

Catalunyan ere gogor jo du Mozal Legeak. Omnium Cultural elkarteak azaldu zuenez, herri kontsultaren inguruko protesta sozialean bakarrik, gutxienez 20.000 isun jarri ziren Catalunyan. Uka ezina da Estatuak Mozal Legea disidentzia politikoa eta kritika soziala zigortzeko sortu duela eta desobedientzia zibilaren aurrean noraino joateko prest dagoen: 155 artikulua eta autonomiaren suspentsioa.

Horregatik guztiarengatik, 2018an Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politiko gehienek Mozal Legearen indargabetzea eskatu zuten. Besteak beste, ELEAK-Libre mugimenduaren eskaerarekin bat egin zuten Ongi Etorri Errefuxiatuak, Komite Internazionalistak, Euskal Herriko Bilgune Feministak, Bake Ekintza Talde Antimilitaristak, Ernai gazte mugimenduak, Askapenak, NOR Euskal Herria Antiespezistak, Askekintzak, Errauskailuaren Aurkako Mugimenduak, Satorralaiak eta Errekaleor Bizirikek, ELAk, LAB, ESKk, STEILASek, Sortuk, Equok, EH Bilduk, "Argia"-k, Halabedik eta Topatuk… Bi hitzetan esanda, euskal jendartearen gehiengoak eskatu zuen Mozla Legearen indargabetzea. Baina kasurik ez.

2020an, Koronabirusaren larrialdian ere, indarrez erabili du Estatu espainolak Mozal Legea. Barne Ministerioak adierazi du lehen bi asteetan Mozal Legea erabiliz 180.387 aldiz erabili zuela Estatu espainolean. Hego Euskal Herrian, 29.673 aldiz erabili da hiru hilabeteotan, askotan oso modu bortitzean telebistan ikusi den moduan.

Horregatik guztiarengatik, Mozal Legearen V. urteurren honetan, Madrilgo Gobernuan eman den aldaketa ikusita, premiazko deia egiten diegu indar politiko guztiei: ahalik eta epe laburrenean PPk aldebakartasunez inposatu zuen Mozal Legea indargabetu dezaten, orain posible delako.

Eta, bitartean, desobedientziarako deia luzatzen dugu. Indartu ditzagun desobedientzia zibila, herri erresistentzia, kolaborazio eza eta baita ekintza zuzena ere, horiek baitira Lege injustuei aurre egiteko biderik eraginkorrenak.

Mozal Legerik ez! Desobedientzia aurrera!

Artículos
Joxe Martin Abaurrea San Juan
06/08/2020
Aitziber Sarobe Egiguren eta Edurne Huesa
06/08/2020
Iñigo Jaca Arrizabalaga
06/08/2020
Fátima Andreo
05/08/2020
Cartas
Goio González | Afiliado a CGT-LKN Nafarroa
05/08/2020
Juan José Dapousa Garma | Bilbo
05/08/2020
Jesús María Aragón Samanes | Secretario General Federal del Partido Carlista
05/08/2020
Últimos posts
Koldo Campos
04/08/2020
Koldo Campos
25/07/2020