Botika, erregistroa eta independentzia
Botika bateko langile batek behinola esan zidan botiketan eskuratzen dituzten mozkin handienak, botiketatik baino, jaioberrien osagarrietatik datozkiela, gurasoek (lehenengoz guraso badira, are gehiago) jaio berrientzako beti onena nahi izaten dutelako, prezioari erreparatu gabe.
Lagun batek beti konparatzen du gurasotasuna norabide gabeko bidaia batekin, bidegurutzez betea dagoena, etengabean aukeratu beharra eragiten dizuna. Esan beharrik ez, guztietan lortuko ez baduzu ere, beti saiatuko zara biderik egokiena aukeratzen.
Umea jaiotzerako –bere bizitza osoan izan dezakeen transzendentziagatik– kontu garrantzitsuenetako bat izena aukeratzea izaten da. Gurasoek hor topatzen dute aurreneko bidegurutzea, eta zeresanik ez, asmatu beharra dago; izan ere, izena, printzipioz, haurraren bizi guztirako izango da, eta, askok dioten moduan, zenbaitetan izenak izana ordezkatzen du.
Izena aukeratzeak gorabehera eta buruhauste ugari ekartzen ditu eta fonetika dela, toponimoak direla, historia dela, familiaren iritzi subjektiboak direla… kasuistika ikaragarria dago, erabaki horretan gurasoez gain jende eta elementu askok hartzen baitute parte.
Espainia aldean polemika piztu da, guraso batzuek euren umeari «Lobo» izena ipini nahi, eta zegokien erregistratzaileak izen hori onartzen ez zuelako. Uda izanik, kontuak oihartzun handia jaso du, eta badirudi, gurasoek abiatutako kanpaina eta aurkeztu duten errekurtsoa dela medio, azkenean, ume horren izena Lobo izango dela.
Erregistroaren Legea argia da, esanbidez debekatuta daude pertsonari kalte egin diezaioketen izenak eta identifikatzea zaildu dezaketenak, baina horrez gain, lege horrek zera ere badio, debekatuta daudela sexuaz okerra eragin dezaketen izenak, eta debeku hori indarrean dago, gutxienez 2017ko ekainaren 30era arte.
Konstituzioaren indarraz, Estatuak konpetentzia esklusiboa dauka erregistroei buruz. Hortik abiatuta, Erregistro Zibilari buruzko legeek aitortzen dute estatu osoan Erregistro Zibil bat eta bakarra egongo dela, ekintza batasunaz arautua izango dena, eta horregatik Estatuko Erregistro eta Notariotzako Zuzendaritza Orokorraren instrukzioak, ebazpenak eta zirkularrak bete beharrekoak izango dira, estatu osoan jakina.
Nahiz eta ia-ia inguru euskaltzalera bakarrik mugatu den, Erregistroaren Legearen indarraz izenaren bitartez sexua edo generoa bereizi behar hori eztabaidagaia izan da geurean ere.
Aipatu Erregistro Zibilaren legearen ondorioz, 2001. urtean, Eusko Jaurlaritzak “Euskal Izendegia” argitaratu zuen, eta liburu horrek muga bat markatu zuen, lehena eta geroa; izan ere, Jaurlaritza, argitaratzeaz gain, Erkidegoko Erregistro guztietara zabaltzeaz arduratu zen, eta hori izan da erregistroetako funtzionarioek izaten duten Katona, izenak legaltasunera iristeko galbahe nagusia. Hor agertzen dena bada, eta hor agertzen ez dena ez. Beraz, hor agertzen ez dena egiaztatzea interesdunari dagokio, eta zenbaitetan ez da batere erraza izaten.
Aitortu beharra dago Euskaltzaindiak –Seaskako arduradunek bere garaian bezala– izenak biltzen lan ona egin duela, baina hortik aurrera badira bi jarrera inongo ikuspuntutatik begiratuta ere onartu ezin direnak: lehena, atzizki absolutiboa erabiltzea generoaren bereizketa egiteko, Borjako “Ecce Hommo”-ren birgaitzea bezalakoa izan delako; eta bigarrena, Jaurlaritzako Justizia Sailak, arau positiborik gabe, izen bilduma horri emandako zabalpena, Izendegi horretan agertutako genero bereizketa artifizial horri ixilbidez «arau indarra» eman diolako.
Uda honetan Euskaltzaindiko ordezkari baten deklarazio batzuen harian, auzi honek berriro hartu du indarra, eta, euskaldunon ohiko gidoiari jarraituz, sare sozialetan, kritika latzak jaurti izan dira euskaltzainen kontra, baita irainen bat ere. Horren inguruan oso bitxia iruditu zait, egindako kritiketatik harago, ia inork ez duela kuestionatu ea zein puntutaraino Espainiako lege batek inposatu diezaiekeen generoa gure umeen izenei; ea zein puntutaraino, Murtzia, Zamora edo Salamancako diputatuek erabaki behar duten Aretxa neska izango dela eta Aretx mutila.
Profesionalki, bulegoan bi kasu izan genituen «a» bat tartean zela, lege horrek guraso batzuei galarazi egiten baitzien euren umeei ipini nahi zieten izena ipintzea. Oraindik ez daudenez preskribatuta, ez dut esango nola lortu zen, baina ume horiek, oso gazteak izan arren, badute DNIa gurasoek nahi zuten izenarekin, Euskaltzaindiak ezarritako irizpideen kontra. Esan beharrik ez dago bi ume horien izenak «ilegalak» direla.
Espainiak ezarritako inposaketetatik askatzeari begira, asko izan gara euskal herritarrak Kataluniako emantzipazio urratsak katalanengatik «inbidia» handiz eta geuregatik kezka handiz segitu ditugunak.
Euskal Herrian orain artean pausoak askoz ere motelagoak izan dira, baina iaztik hona sortu da eguzki printzarik. Orain dela gutxi Arkaitz Rodriguezi, Sortuko bozeramaile berriari, irakurri nion euren merezimendu bakarra izan zela orokortua zegoen gogo bat mahai gainean ipini eta euskal gizarteari eskaintzea. Horrekin lotuta, Logroñoko kartzela ondoko zelaietan eta geroago Anoetako belodromoan, Arnaldo Otegik fase independentista ofizialki inauguratu zuela sentitu nuen, eta horrek eman zidan pentsatzeko, fase independentista abiarazita, «Bateragune auzian» zigortutakoek berriro asmatuko dutela.
Botikariak esan zidana hona ekarriz, agian garesti aterako bazaigu ere, Independentzia nahi dugu, geure umeentzako onena nahi dugulako.
Ez daukat zalantzarik lortuko duguna.