Botila zulatua
«Euskara galtze prozesu baten atarian egon daiteke. Erabilerak gora egin dezan baldintzak aldatu behar dira; hiztun kopurua handitu; hiztunei euskara erabiltzeko aukera gehiago eman; euskaraz bizitzeko nahia sustatu; eta jokaleku berria sortu. Gero eta jende gehiagok argi du botila erdi betearen edo erdi hutsaren planteamenduak ez duela zentzurik. Botila zulatua dago.»
Frantzia eta Espainia estatu gisa egituratzearen biktima da euskara. Eta biktima orori egia, justizia eta erreparazioa zor zaizkio. Aldi historiko berri batean gaude eta baliatu behar dugu oinarri berriak jartzeko. Euskal Herriari inposatzen zaion hizkuntz borroka bukatzeko eta euskararen normalizazio osoa bideratzeko, euskaldun eleanitzez osatutako Euskal Herri euskalduna berrezartzeko.
Euskal Herri euskaldunaren garapen osoa bi estatu handien mehatxupean da. Euskara frankismoan debekatua izatetik, legezta- tua eta sustatua izatera igaro da, Euskal Herriko zenbait lurraldetan. Aldaketa handia, noski; baina egoerak defizit asko ditu: euskara desagerrarazi eta minorizatu duen prozesuaren memoria ofizialik ez da; estatuek ez dituzte kalte-ordainak kitatu; alderantziz, erasoan jarraitzen dute (Lomce legea, Seaskako ikastolei jarritako debekuak, zonifikazioa eta kriminalizazioa Nafarroan); hizkuntz eta kultur asimilazioak bere horretan jarraitzen du.
Estatuek egiten duten hizkuntzen arteko hierarkizatzea ez da onargarria. Euskaldunak bigarren mailakoak gara. Ezin dugu euskaraz egin nonahi eta noiznahi. Arrotzak gara gure herrian. EAEn ere bai. Gure eskubideak sistematikoki urratzen dira. Ez ditugu madrildarrek Espainian, paristarrek Frantzian edo berlindarrek Alemanian dituzten hizkuntz eskubideak. Oso urrun gaude.
Pertsonak, hizkuntzak eta herriak berdinak gara duintasunean; eta ondorioz, tratamendu berdina eskatzen dugu: Euskal Herri osoan, espainierak eta frantsesak, bakoitzak bere estatuan duten berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko egoera lortzea, maila juridikoan, politikoan eta soziolinguistikoan. Hori baita modu bakarra, guri dagokigunez behintzat, Euskal Herri euskaldun bat, Europako kultur aniztasuna eta europarren berdintasuna bermatzeko. Denon onurarako eta inoren kalterako.
«Mundu zabalean eredu da EAEko euskararen biziberritze prozesua», dio Jaurlaritzak. Baina eredu hori nabarmenki hobegarria da. Besteren artean, aipa daitezke Quebec, Flandria, Israel. Konparazioak gorrotagarriak omen dira. Herri horietan, ordea, Euskal Herrian ez bezala, normalizazio politika ez da hiritar bakoitzaren gain bakarrik utzi; ez da elebitasunezkoa izan; ez borondate hutsezko; ez dute elebitasun sozialaren mitoa erabili berezko elebakartasun sozialaren helburuaren kontra; eta irakaskuntza sistemak ikasle guztiei gaitasuna ez ezik, beren hizkuntzan bizitzeko gogoa ere bermatu dizkie.
Eredu horietan gobernuen jarduera arautzailea eta suspertzailea eraginkorra izan da hizkuntza beharrezko bihurtzeraino. EAEko ereduari borondatea, eskumenak eta lurraldetasuna falta zaizkio.
Ez ditut hil kanpaiak jo eta hizkuntz politikaren lorpenak gutxietsi nahi; are gutxiago, herri ekimenaren ekarriak mespretxatu; baina gure hizkuntz komunitateak gaitz larria du, neurri a- ringarriekin konpontzen ez dena.
Gutxiengo baten hizkuntza da gurea; 800.000 euskaldun; Euskal Herriko biztanleria osoaren heren bat; denak espainieraz eta frantsesez erdaldunduak; denok elkar ulertzen dugu erdaraz, baina ez euskaraz; eta egiturazko joera negatibo horrek, (7 euskaldun+erdaldun 1=8 erdaldun) egoera ezaguna eragiten du uneoro, euskararen kaltetan. Hau da, etengabe desagerrarazten du euskara geure bizitza sozialetik.
Unescok adierazi du «euskararen hizkuntz komunitatea ahula» dela. Eta datuek hori frogatzen dute. Kale Erabileraren VI. Neurketaren arabera, euskal herritarren erdiak bizi diren hiriburuetan, Bilbo Handian, Gasteizen eta Iruñean, euskararen erabilera %3 ingurukoa da, eta espainierarena, %90ekoa. Euskararen kale erabilera ez da hazi azken hamabost urtean eta %13 eta %14 artean goia jo du. Eustat-en datu ofizialak aztertuta, euskaldunen proportzioa, EAEn, bi hamarrenetan jaitsi da 2006-2011 artean: %37,4 zen 2006an, eta %37,2 zen 2011n.
Xabier Isasik egindako irakurketaren arabera, EAEko udalerri euskaldunenak kontuan hartzen baditugu, euskaldunen proportzioa 91 udalerrik galdu dute. Horien artean, adibide modura, Tolosaldean 21 udalerri hauek daude: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Bidegoian, Elduain, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu, Lizartza, Orendain, Orexa.
Euskara galtze prozesu baten atarian egon daiteke. Erabilerak gora egin dezan baldintzak aldatu behar dira; hiztun kopurua handitu; hiztunei euskara erabiltzeko aukera gehiago eman; euskaraz bizitzeko nahia sustatu; eta jokaleku berria sortu. Gero eta jende gehiagok argi du botila erdi betearen edo erdi hutsaren planteamenduak ez duela zentzurik. Botila zulatua dago.