Kattalin Miner
GAUR8

BTN Fashion Year

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak utzitako aje eta gainprodukzio iritzizaleak ikusita, uko egin diot prestatuta nuen artikulua zabaltzeari. Ez esateko asko ez dudalako, ezta ere, barrenak hartu ez dizkidalako finalak (barrenak hartu, zentzu onenean eta txarrenean, gozatuz eta errez). Baina irakurketa horiek badirudi edo bat-batean bota edo denborara egin behar direla. Hala, ez-denbora une honetan, aurretik zorretan nuen artikuluari helduko diot: “Durango Fashion Week II”. Hau ere, atzeratua geratu ez ote zaigun, eta pentsatu dut “BTN Fashion Year” izendatzea, hor ere markatu baita tendentzia, eta nola!

Izan ere, bada oraindik txapelketa «moda bat» dela esatera ausartzen denik, eta agian ez zaio arrazoi parterik falta. Nik ez dut hori esango, baina modaz, euskal modaz zer edo zer esaten dela ezin dugu uka. Oholtza gainetik jainkotzen ditugun figura/pertsona/pertsonaia/sinbolo horiek ere uzten diguten oinordetza kultural eta artistikoaz gain, irudi estetiko zehatzak zabaltzen baitizkigute. Baina, nahikoa ardura bizi izan dute hilabete hauetan, eta zer esan aurreko asteburuan, beraz, oholtza azpian entzule doazen horiengan jar dezagun lupa.

Baina aurrekari gisa, aurreko zubian Durango Fashion Week horretan ikusi genituen aurtengo modak utzitako zertzelada batzuk. Hainbatek partea ere pasa didate, eta ikusi ahal izan dugu batetik moda kontu batzuk loratu direla, beste batzuk kontsolidatu eta beste batzuk atzean utzi nahian gabiltzala; hauek denak BECen ere azaldu dira.

Esaterako, duela urte bitik hona azaldutako buruko alde bakarra rapatzearen modak indarra galdu du, eta, ai lagunok, zenbat sufrimendu ikusi dudan ezbaian buru zati horiek luzatzen uzten dabiltzan horiengan! Ilea hazi egiten da bai, baina fase zailak uzten ditu honek ere. Animo. Hala ere, bada oraindik motz mantentzen duenik, eta esango nuke aurten fusioa gertatu dela, mozkera horri buru gaineko moñoa gehituta. Edozein kasutan, dibinoa.

Arropari dagokionez, oharkabean pasa zitzaidan prenda baten berri eman zidaten. Ba omen da, lanazko itxura duen etxeko bata antzeko bat. Gehiegi berotu ez eta ixteko botoirik ez duena. Harritu egin nintzen horrekin, akaso euskaldunak alde batera utzi du praktikotasunean oinarritutako tendentzia fashiona? Mendi-kale fusioaren gainbehera al datorkigu? Ez dakit, zuek epaitu.

Mutilek, ordea, euskaltasun eusnobari eutsiz edo, bizarrik ez moztea erabaki dute gero eta gehiagok. Horrekin kontentu ez eta koadrodun alkandora finak (bi zentzutan) atera dituzte kalera. Oso guapo hauek ere.

Eta azkenik, Alaia Martin eta Eñaut Elorrieta aipatzea falta zait. Badakit esango duzuela begi alboko hiru puntutxoak ez direla berriak, baina amiga, oholtzaren atzaparretan erori da euskal koketismoa, eta DFWn ez ezik BTN-n gero eta gehiago izan dira animatu direnak. Kontuz puntutxoekin baina, izaera markatzerainoko ikurrak izan baitaitezke, eta ez da jakiten noiz bukatu puntutxoen buklea.

Hala, aurten nobedade gehiegirik ez, mendi arropen dekadentzia, ile fashionismoan dudak, praktikotasuna alde batera uztea, eta koketismoaren gorakada. Gora ba!

Zer bota dudan faltan? Nekanismoaren moda (galtze arriskuan dagoen tendentzia da hau ere), ile luzeegiari intsumisioa egitea (noiz arte melenak?), buruko zapien berritze bat, eta, ezpainak koloreztatzen jarraituko badugu parrandaz parranda (galdera bat: nondik ateratzen dira margoak goizeko hiruretan?), Ugarteri kasu pixka bat egin, eta, goizeko hirurak izatera itxoin ordez, etxetik musugorri ateratzea.

Finalari helduz, puntuazioetan sartuta eta hemen berez behar lukeen artikulua fribolizatuz, ea zein den Maialenen alkandora bezalakorik janzten duen artista. Ez polita ez delako, hari bezala geratzea ez delako lan erraza. Horra estiloan txapeldunena! Ja!

Buscar