Gerarta Inaki Arotzena Otxotorena

Bullying-ari mozorroa kendu

Harreman errespetozkoak nahi baldin baditugu, has gaitezen errespetozko oinarriak ipintzen. 
Askatasunean bizitzeko heldu nahi baldin badugu jende gaztea (eta gure onasmoek horixe aldarrikatzen dute) askatasunetik izan dadila, ezin dugu benetan hazi bide horretan askatasunik ematen ez baldin badugu. Hasieratik.

Horrela izeneko (ala bederen hori esaten duen) kanpaina baten berri izan dut gaur bertan irratiz. Eta eskola jazarpenari mozorroa kentzera laguntzera nator. Bai horixe! Baina eskola jazarpenaren eragile nagusiari ordea, hots, Eskolari.

Gutako edonor zerbait (ez) egitera behartuta sentitzen denean gaizki sentitzen da. Pentsa ezazu zuk zeuk, maite ez duzun, gustuko ez duzun norbaitekin egotera behartuko bazintuzte, zein gogo-egoera izango zenukeen, egunero 5 edo 8 ordu artean, teilatupe berean, auto berean, lantoki berean, ohe berean... Noski zure aldartea ez litzatekela primerakoa izango, eta, gainera, horretara behartzen zaituenaren aurrean ezer egin ezinean aurkitzen baldin bazara (zu zigortzeko ala kaltetzeko bere gaitasunarengatik, oro har), zer egiten duzu?

Zure gogo txarra aldameneko(ar)ekiko bideratu, harekiko harremanak kaltetuak, hondatuak gertatuko dira. Behintzat hori gertatzeko arrisku handia izango da. Aldian aldian besterik ezbaldin bada ere.

Are larriagoa da elkarrekin egotera behartuta egote horri inolako zentzurik ikusten ez baldin badiozu. Ze lantokian ala sendian gustuko ez duzun norbaitekin egotera behartuta egonez gero, baliteke jasan ahal izatea, baina elkartze berari zentzurik ikusten ez diogunean, ekintza bera ezgustuko ala zentzubakoa denean...

Eta gogora dezagun, haurren kasuan, zati handi batentzat, hala dela: eskolara behartuta doaz, interesa ez zaizkien edukiak (batzuk ala denak) nahikoa barneratu dituztela frogatzera. Eta hautatu ez duten jendez inguratuta.

Batzuekin bai, harreman onak izango dituzte, baino ez dituzte denekin izango, are gutxiago presiopean daudelarik.

Ez da harritzeko behartuta eramaten (ala joanarazten) gaituzten tokietan abegi txantxak («nobatadak») egiteko ohitura izatea, jasaten dugun presioa ateratzeko, kanporatzeko, uxatzeko ahalegina besterik ez da.

Kontziente den heldu bat haurren artean egonda, beregana ditzake haurrek batak besteari egiten dizkioten erasoak, horrela, giroa ez gaiztotzeaz gain, haurrak terapia saioa jasotzen du, haurrek, denek, egia erran, eta taldeko giroa hobetzen da. Ordea, errepresiora, zigorrera, erruduntzera jotzen baldin badu, koitaduak besterik ez ditu sortuko, hondoan zorigaitzeko den jendea, egunen baten, handik ala hemendik lehertuko dena.

Harreman errespetozkoak nahi baldin baditugu, has gaitezen errespetozko oinarriak ipintzen. 
Askatasunean bizitzeko heldu nahi baldin badugu jende gaztea (eta gure onasmoek horixe aldarrikatzen dute) askatasunetik izan dadila, ezin dugu benetan hazi bide horretan askatasunik ematen ez baldin badugu. Hasieratik.

Pertsonarteak ezingo lukeela hori jasan?

Ez litzatekeela bideragarri izanen?

Agian pertsonartea aldatzeko garaia iritsi da.

Eskola unibertsala (hasieran mutilentzat besterik ez) XVIII. mendeko Prusian jaio zen, bertako enperadoreak beren armada hobetzeko abian jarritako plangintzaren barruan, derrigorrezko zerbitzu militarrera zetozten gazteek oinarrizko ezagutza batzuk izan zitzaten bermatzekotan. Eta obeditzeko ohitura. Horrela aunitz hobe prestatutako militarrak lortzekotan, esanekoagoak. 
Eta urte batzuz horrek abantaila eman zien prusiar indarrei. Gero Europako beste estatuek berdin egin zuten, bata bestearen atzetik, mundura ere zabaldu zen. Horrela, denek aldeak gutxitu zituzten, beraz, beste bide batzuetatik bilatu zuten nagusitasun militarra lortzeko modua (badakizue, gero eta arma boteretsuagoak ala hilkorragoak).

Egun, gure inguruko armada gehienak bolondresek osatzen dituzten garai honetan ere (Alemania, Austria, Danimarka, Suezia, Suitza...salbu) eskola oraindik derrigorrezkoa da. 
Zergatik?

Eskolak zeregin berriak (eta gehiago) hartu zituelako: neskak ere hezi behar dira, eta, zertan edo zertarako?

Nagusiki heterodisziplina ikasteko, hau da, zaude geldirik, zaude isilik, egin hau, hori ez egin. 
Zeregin haspergarriak, zentzugabeak, ulertzen ez ditugunak, eta, nagusiki, erakartzen ala interesa ez zaizkigunak egi(naraz)teko...

Hau guztia, azkenean, etorkizunean izango (ez) dugun lanpostu batera ohi gaitezen. 
Bai, ze eskolak ere, langabetu zein gaizkile proportzio jakin bat sortu beharra du, egungo pertsonarte sistema manten dadin. Inkomunikazio dosi egokia izan dezagun, segurtasun sistemak eta indarrak onar eta kontsumi ditzagun, beldurra izan dezagun, ze beldurraren bitartez manipulagarriak eta kontsumitzaile patologikoak (izanen) gara.

Hori da eskolaren zeregin nagusia, egia esan, haren ezkutuko kurrikuluma: egungo sistema depredatzaile eta zorigaitzekoa berriztatzea.

Eskolan gazte(txo)ek lehiatzen ikasten dute, ez lankidetzen aritzen.

Eskolan gazte(txo)ek benetan behar ez dituzten gauzak kotsumitzen ikasten dute, ze bertan sortzen den azpikulturan ala azpipertsonartean, egoera horri aurre egiteko, kontsolagailuak bilatzen dituzte eta elkarri ezagutzera ematen. Gainera, ondasun eta kontsumogai gehiago dituenak, besteen miresmena, adiskidetasuna izango du.

Eta, noski, bertan besteen borondatea inposatuta daudenez gazteak, eskolan borondatea inposatzen ikasten dute, ala menpeko izaten. Indarkeria, azken finean, eragiten ala jasaten. 
Eskolan edoskitzen den beste elementua hipokrisia da: eskolak asmo onak iragartzen ditu, baina, egitan, gezurra dela ikusirik haurrek horixe bera egiten ikasten dute.

Gorotoa ikasten da bertan. Ez zaude ados? Esaidazu zure irakasleetarik nork ez zuen ezizen iraingarri ezin egokiagoa. Uste dut horrek nahikoa argi lagatzen dituela gauzak.

Errespetuzko eskola batek (eta horretarako lehen urratsa eta nagusiena bertara joateko askatasuna da) ez du jazarpenik sorten, ez baitu jazartzen.

Kenduko al diogu behingoz mozorroa eskola jazarpenari?

Kenduko al diogu eskolari?

Buscar