Itziar Aizpurua Egaña
Ezker abertzaleko militantea

«Carta magna» omen...

Oroit dezagun 40 urte betetzen direla abenduaren 21ean, Joxe Migel Beñaran Ordeñana, «Argala», Espainiako Konstituzioaren legepean erail zutenetik

Espainiako Konstituzioaren legeari emandako izena. Non plus ultra gisara «saldua» espainiarrei, baita euskaldunoi, zein katalanei, edota galiziarrei, eta ezkertiar orori, noski. Espainiako Gorteetan onartua 1978ko urriaren 31n, eta abenduaren 6an Estatu osoan egin zen erreferendumean, duela 40 urte!

Horrekintxe, aipatutako estatu gabeko nazioak, bertako abertzaleok eta ezkertiar oro epaituak izan gara eta izaten ari gara. Herritar asko, bereziki milaka euskal herritar, zigortuak, torturatuak, kartzelatuak, desagertuak, deserriratuak, erailak!!!

Estatuak bere Erregimenari emandako legeen arteko Lege Nagusiak agintzen du Espainia bat eta bakarra dela, handia lurraldez eta ekintzez, eta askea jainkoa bezala...
Ez dago ukitzerik, ez dago neurri horretako legearen aurka joaterik! Izan ere, hain onuragarria den legeari nolaz aurre egin? Eta ausartzen direnei aipatutako guztia datorkie gainera, ondo merezita, jakina!

Francok ederki asko esan ohi zigun behin eta berriro: «Dena lotua eta ondo lotua utziko dut». Horixe bera! Gaur arteraino heldu zaigun agindua gure erraietan sufritua, eta markaturik bizi osorako. Erregimen hilezkorraren antzera inoiz baino biziago agertzen zaigu geure egunerokotasunean.

Diktadurari, eta batez ere, diktadoreari botatzen zitzaizkion erru guztiak, baina, berrogeita hiru urte lurpean daramatza, gorpuak! baina ez bere erregimenak, Espainiako esentzia espirituala botere bakar eta indartsu bihurturik. Estatu baten botere guztiak bere aginduetara direlarik alegia, nahi duena egin eta inori kontuak eman beharrik ez: inpunitate osoz bizi eta biziarazi mendean gaituen guztiok. Berrogei urte beranduago...

Franco hil eta urtebetera, 1976ko abenduaren 15ean, erreferendum bidez Erreforma Politikoa onartu zen. Honek ahalbidetzen zuen bi urte beranduago Espainiako Konstituzioa onartua izatea. Erreferendum horretan Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan abstentzioa izan zen nagusi. Une hartan, bestalde, ezkerreko alderdiek, PCE, PSOE, eta Euskal Herriko eskubiak, PNVk ere, abstentziora jo zuten. Beraz, hemen, gure lurraldeetan bete zen agindua zintzo asko. Espainian, aldiz, baietza izan zen nagusi. Porrot galanta PCE eta PSOErentzat, baina emaitza horrekin ikusi zenez, ez ziren izutu, eta jarraitu zuten gainbehera Konstituzio espainiarra onartu arteko bidean.

Espainiako Konstituzioaren erreferenduma, 1978ko abenduaren 6an, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan ez zen onartu, abstentzio handiari eta ezezko boto garrantzizkoei esker. Garai hartan Herri Batasuna sortu berria zen, eta militantzia txingurrien antzera ibiliz, herriz herri eta auzoz auzo zuen guztia eman zuen. Kanpaina sutsua, arrazoiz betea, eta ilusioz egina. Buru-bihotzetan gordetzen ditut hainbat oroitzapen. Irabazi genuen! Franco eta bere ondorengoei aurre egin genien beren eremuan, beren legeekin! Baginen norbait. Beraz, 36ko gerratearen ondoren, bagenuen berriz itxaropenerako argia... Herri bat izateko haustura lortuz, eta Estatu zapaltzailearengandik aldentzeko!
 
Eta... urtebetera, 1979ko urriaren 25ean, itxaropena hil nahi izan ziguten betiko. Bai! “Konstituzio espainolari abstentzioa” eskatu bazuen PNVk, hiru lurraldeetako Estatutua onartzea lortu zuen Nafarroa kanpoan utziz. Eta ondo ulertuko duzun bezala irakurle, onartze hau Espainiako Konstituziopean egina izan zen: bat, handi eta askean gaur oraindik herri gisa, baita pertsona legez, ematen digun askatasun izugarrian!

78an balio ez zuena 79an baliozkoa zen PNVrentzat.

Carta magnaren artikulu guztiak ez dira alferrikakoak, ez dute baztertzekorik. Baina duela 40 urte egin genuen kanpainan lau artikulu jorratu genituen gure hitzaldi eta mitinetan:

1. «Subiranotasuna Espainiako herrian datza, eta berarengandik darizkio Estatuko botereak». Beraz, gainontzeko herrioi ukatzen digu autodeterminatzeko eskubidea, gu geuk izan nahi duguna erabakitzeko eskubidea, alegia.

2. «Konstituzioa Nazio espainolaren banaezinezko batasunean oinarritzen da...». Beraz, Estatu osoko lurralde guztiak Espainiakoak dira, ez euskaldunok, ezta beste estatu gabeko nazioek ere, ez dugu lurralderik... Ez gara existitzen, alegia.

3. «Gaztelania da Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainol guztiek jakin behar dute eta erabiltzeko eskubidea dute». Argigarri gisara hauxe: balio duen hizkuntza gaztelania da  eta ezinbestekoa da jakin eta erabili beharra. Gaur bertan ingurura begiratu besterik ez!

4. Eta, 8. artikuluak borobiltzen du, nire aburuz, carta magna honen asmo, intentzio, eta etorkizunerako bidea ere. Ahal badu, noski!

Espainolez ulergarriagoa egiten delakoan doakizu irakurle:

«Las Fuerzas Armadas, constituidas por el Ejército de Tierra, la Armada, y el Ejército de Aire, tienen como misión garantizar la soberanía e independencia de España, defender su integridad territorial y el ordenamiento constitucional.

Una ley orgánica regulará las bases de la organizazión militar conforme a los principios de la presente Constitución».

Saminez eta amorru biziz idatzi arren Espainiako Konstituzioari buruzko artikulu hau, ikusirik oraindik ere indarrean diharduela, aitortu beharra daukat zein emankortasun handi eta zabala izan duzuen Euskal Herriko herritarrok, oso bereziki ezker abertzalekook, berrogei urteotan.

Oroit dezagun 40 urte betetzen direla abenduaren 21ean, Joxe Migel Beñaran Ordeñana, Argala, Espainiako Konstituzioaren legepean erail zutenetik.

Gaur arterainoko ibilbidean bide-lagun izandakoak nire baitan bizirik ditudalarik, entzutea balute, hauxe: eskerrak zuei, arbasoek piztutako suak argi egingo digu aurrerantzean ere. Gure Konstituzioa geuk idatziko dugu, zalantzarik gabe!

Buscar