Joseba garmendia
EHU-ko irakaslea

Covid-19 eta komunitatea

Ezin da dena administrazioaren esku utzi. Ardura pertsonala eta ekintza kolektibo eraikitzaile eta praktikoa ezinbestekoak dira. Egongo da denbora behar dugun gizarte eta ekonomia eredurako lezioak ateratzeko.

Sisaren legenda abiatzen da kontatzen nola Indiaren ipar-mendebaldean Rai Bhalit izeneko brahman boteretsua zegoen, hain aberatsa eta plazerez inguratua, ezen aspertu egiten zela. Hori dela eta, Sisa izeneko zerbitzari adimentsuari agindu zion entretenitzeko gai zen joko bat sortzeko. Denboraldi bat igaro ondoren, Sisak xakea aurkeztu zion jaunari. Gerra emulatzen zuen 64 laukiko jokoa. Brahmana hain gustura geratu zen, ezen saria aukeratzen utzi zion. Sisak esan zion: «Jauna, gizon apala naiz, eta konformatuko nintzateke gari-ale bat lehen karratuagatik ordaintzearekin, bi bigarrenagatik, lau hirugarrenean, zortzi laugarrenean, eta abar». Sisaren eskaera apalagatik pozik, Brahmanak berehala onartu zuen. Baina poza haserre bihurtu zitzaion ohartu zenean bere herrialdeko gari guztiarekin ere ez zela iristen kopuru hori ordaintzera. Kantitatea 18 trilioi (18 zero atzetik) ale dira, hau da, 2017an munduan produzitutakoa 1.195 aldiz.

Istorio hau segida geometriko edo funtzio esponentzial bat zein azkar hazten den erakusteko erabili ohi da. 1 dena 64 urrats beranduago kantitate astronomikoa bihurtzen baita. Antzeko arreta ezarri behar zaio koronabirusaren hedapenari, bere kutsatze tasa geometrikoa baita. Orain arteko Euskal Herriko datuek zera erakusten dute: otsailaren 28an azaldu ziren lehen bi kasuak, eta atzo eguerdian, 673 identifikaturiko kasu ziren. Horrek adierazten du batez besteko eguneko hazkunde tasa %47koa dela. Orain kalkulagailu batekin 673 bider 1,47 egiten hasi behin eta berriz. Eragiketa 17 aldiz egin eta gero, 17 egun barru alegia, martxoaren 31n hain zuzen ere, 673 kasuak 470.338 kasura igotzen dira.

Zorionez hiru egun daramagu eguneko hazkunde tasa apaltzen doala. Asteazkenean %42 igo zen kutsatu kopurua, eta ostiralean %26. Ez da nahikoa, ordea. Eguneko hazkunde tasa %20an utziko bagenu, sendatu eta hiltzen direnak deskontatuta, apirilaren 1ean 15.000 kasu izango genituzke, baina apirilaren erdialdean 100.000tik gora. Kontuan izan behar da kasuen %1-2k Zainketa Intentsiboko Unitatea (ZIU) behar dutela. Hego Euskal Herriko ospitaleetan 9.500 ohe inguru dago, eta 300-400 ohe ZIU zerbitzuetan. Gaurko egunean ospitale batzuk kolapsatuta daude, kirofanoak egokitzen ari dira zainketa intentsiboko zerbitzuak eskaintzeko eta laster nor bizi den eta nor ez erabakitzeko atakan egongo dira profesionalak. Pentsa zer gertatuko den hau orokortzen bada, esfortzu eraginkorrik egin ezean, agian hilabete barru 2.300 ZIUko ohe beharko lirateke, beren ekipamendu guziarekin. Horregatik dira beharrezkoak hartutako neurri murriztaileak. Italiako bidetik goaz. Jatetxeak, dendak… itxi eta mugikortasuna ezinbestekora mugatu. Nahikoa ez bada, Txina eta Hego Korearen bidetik jo beharko dugu, banakako jarraipen eta kontrol orokortua, alegia. Garaiz detektatzea ere gakoa da, eta ez dirudi horretarako beharrezkoak diren baliabideak jarri direnik oraindik: arreta telefonoak gainezka, kutsatu posibleak arakatzeko langile ez nahikoa, test eskasia… Eguneko hazkunde tasa %10aren azpitik jaistea da erronka, orduan izango baita egoera eramangarria. Eta hori guztion ardura da eta presazkoa. Herri batzuetan ardura horren erakusle dira zaintza sareak, eta tabernariek eta jatetxeek beraien negozioa ixteko hartutako erabakiak, administrazioaren aginduei aurreratuz.

Euskal Herrian baditugu sakon sustraituriko ohitura batzuk kalterako eta onerako izan daitezkeenak. Gure aisia ez dugu ulertzen lagunarterik eta poteorik gabe. Kostatu egiten zaigu senitarteko topaketa bat edo sagardotegi bat bertan behera uztea, gure artean distantzia ezartzea. Bestalde, badugu gure gizartea egituratzen dituzten hainbat sare, hala nola kuadrillak, kultur eta kirol elkarteak, gizarte mugimenduak, auzo elkarteak, jai batzordeak, sindikatuak, alderdi politikoak… Funtzio zehatzerako gizartearen adierazpen antolatuak dira, larrialdi batean komunitate osoaren zerbitzura jar daitezkeenak.

Ikusiko da aste biren buruan orain arteko neurriak (informazioa, kontzientziazioa, ikastetxeak eta zerbitzu publiko batzuk ixtea, ekitaldi masiboak bertan behera uztea, dendak eta tabernak ixtea, mugimenduak mugatzea…) nahikoak diren. Akaso neurri zorrotzagoetara jo beharko da, lantokiak itxi eta ardura soziala erakusten ez dutenekiko kontrola eta jarraipena egiteraino. Kontzientziazio, informazio eta formazio lanetan gizarte antolatua erabat eraginkorra izan daiteke, eta jokabide axolagabeak ekiditeko neurrien erabakitze eta ezarpenean ere bai. Galdera da azken funtzio hori indar koertzitiboen esku soilik uzten dugun, edo komunitateak bere gain (ere) hartzen duen ardura, beste eredu bat erakutsiz.

Nago aipaturiko sare sozial antolatu horiek guztiak baliabide eraginkorrak izan daitezkeela aurrean dugun erronkari eusteko. Baliagarriak informazioa, sentsibilizazioa, harremanak izateko praktika berriak, hartu beharreko neurriekiko legitimazio prozesuak, elkartasun dinamikak, zaintza zerbitzuak, kudeaketarako balio etikoak eta sen ona zabaltzeko, baita gaixotasunaren hedapenaren antzemate eta jarraipenean laguntzeko ere.

Gizartearen antolaketara bideratutako berrikuntza sozialeko ariketa hau, auzolanaren kulturatik edango lukeena, antolakunde hauen funtzioak egoerara moldatzea eskatuko luke. Kolaboraziozko lidergo partekatuak eraiki daitezke zentzu praktikoan. Alderdi eta sindikatuek ezinbesteko funtzioa dute ziurtatzeko, alde batetik, hartu beharreko neurrietan eta beren kudeaketan administrazio publikoak eraginkorrak direla. Beste aldetik, interes, azpiegitura eta baliabide pribatuak interes orokorraren zerbitzura ezartzen direla. Eta azkenik, klase sozial, genero, lanbide… arabera neurriak ahalik eta ekitatiboenak direla, sektore ahulenen bizkarrean zama pilatu ez dadin. Baina ardura instituzionalaz gain, proposamen, salaketa eta aldarrikapen funtzio beharrezkoez gain, haratago joan daitezke beraien sare egiturak, giza baliabideak eta esperientzia inplikazio komunitariora bideratuz. Ezin da dena administrazioaren esku utzi. Ardura pertsonala eta ekintza kolektibo eraikitzaile eta praktikoa ezinbestekoak dira. Egongo da denbora behar dugun gizarte eta ekonomia eredurako lezioak ateratzeko.

Herri honetan, nahi badugu, badugu esperientzia nahikoa herriz herri antolatzeko. Baliatu dezagun, eta indartu dezagun, batez ere, ustez zailagoa izango den guneetan, hiri eta herri handietako auzoetan. Atari bakoitzeko arduradunak koordina ditzakeen herri edo auzo mailako sarea sortzea ere posible litzateke. Informazio eta ekintzen protokoloa zehaztu daiteke osasun sistemarekin. Funtzioak eta atazak zorrotz zehaztu eta banatu daitezke. Informazio fluxurako kanal eraginkorrak eraiki daitezke, eta modu zentralizatuan eta deszentralizatuan ekin daiteke herri eta auzoetako osasun zerbitzuekin koordinazioan. Ideiak baino ez dira, baina krisi hau kudeatzeko gai diren profesionalei eskaini ahal zaizkien tresnak dira.

Buscar