Dena erabaki nahi dugu

Euskal Errepublika euskal herritarrek burujabetza osoa lortzeko eraiki beharreko estatua da; gure bizitzako beharrak kolektiboki asetzea helburu hartuta behetik gora eraiki beharreko antolakuntza eredua da. Behetik gora eta kolektiboki eraiki behar horrek, gure egunerokotasunetik eraiki beharrekoa dela esan nahi du.

07/08/2018

Azken hamarkadetan bizkortu eta erabatekotu den globalizazioak gure errealitatearen aspektu guztietan izan du eragin esanguratsua: politikoa, kulturala, soziala, ekologikoa… Gerra Hotzaren osteko mundu mailako indar harremanen oreka aldatzen ari da eta interes kapitalisten baitan talka berriak sortzen eta areagotzen ari dira. Neoliberalismo global horretan lurraldeei eta pertsonoi etekinaren prismatik soilik begiratzen digute botere ekonomikoek: lehengaiak, produkzio-baliabideak eta merkatuak gara eurentzat.

Europar Batasuna kapitalismoaren erakunde globalen eta korporazio handien eskuetan dago. Beti ematen dio lehentasuna finantza-kapitalaren beharrei eta aberatsen eta pobreen arteko arrakala etengabe handitzen dihardu. Halaber, bere lurraldeko herriek burujabetza galtzen jarraitzen dute eta bere herritarren eskubideak ere murrizketa prozesu etengabe batean daude. Erabakiak gutxi batzuek hartzen dituzte, gutxi batzuen interesei erantzuteko.

Frantzia eta Espainiatik datozkigunak ez dira joera itxaropentsuagoak. Eskuina krisi ekonomikoak zein eskubide murrizketek babesgabe utzi dituzten herritarren amorruari eta noraezari etekina ateratzeko saiakeran dabil. Azken urteetan agertutako ezkerreko alternatibak ez dira gorpuztu gobernu alternatiba gisa. Kataluniako prozesuak agerian utzi du estatu mailako alderdien artean Espainiaren batasunaren inguruko kontsentsua ia erabatekoa dela. Horrez gain, ez zaizkigu falta seinaleak azken hilabeteetako gertakarietan estatu ustela, arrazista, patriarkala, errepresiboa eta antidemokratikoa dela ikusteko.

Euskal Herrian aro berri batean sartu gara. Independentzia eta sozialismoaren aldeko ekinbide armatuari amaiera eman eta bere burua desegitea erabaki du ETAk. Azken hamarkadetako gatazkaren ondorioek bizirik diraute, baina. Euskal preso politikoen aurkako salbuespeneko espetxe politikak, iheslari eta deportatuen itzuli ezina, indar polizial eta militarren presentzia masiboa gure lurraldean, giza eskubideen urraketa ororen aitortza eta justiziarik eza… Afera hauei konponbidea emanez herri honetan bake agertokia eraikitzea da aro berri honetako lehentasunezko eginbeharretako bat. 

Bigarren eginbeharra, berriz, ezkerreko independentismoaren estrategia berritua gorpuztu eta Euskal Errepublikaren sorrerara eramango gaituen prozesu independentistari forma ematea da. Madril eta Parisen erabakitzen da euskal herritarren pentsioen banaketa; gure lurretatik urrun arautzen dituzte euskal langileria esplotatu eta prekarietatera kondenatzen dituzten lan-baldintzak; atzerriko epaitegietan zigortzen dira libreki mintzatzen edo borrokatzen duten euskaldunak eta inpunitatea bermatzen zaie herritarrak zapaltzen dituztenei. Baina, aldi berean, gure erabakimenetik kanpo daude gure beste hainbat bizi-baldintza: zer jaten dugun, nola informatzen garen, non eta nola bizi garen, nolako harremanak ditugun edo nola zaintzen dugun gure osasuna. Merkantilizatu eta salerosi daitekeenaren eremuan daude gaur egun hauek guztiak. Gizartearen gehiengo zabala osatzen dugun emakume eta gizonak gara botere galeraren aurrean erantzun behar dugunak.

Horregatik, Euskal Errepublika euskal herritarrek burujabetza osoa lortzeko eraiki beharreko estatua da; gure bizitzako beharrak kolektiboki asetzea helburu hartuta behetik gora eraiki beharreko antolakuntza eredua da. Behetik gora eta kolektiboki eraiki behar horrek, gure egunerokotasunetik eraiki beharrekoa dela esan nahi du. Gure etxeetan, lantokietan, auzo eta herrietan, lagunarteetan edo ikastetxeetan egiten ditugun hautuak, hartzen ditugun erabakiak, burujabetzarantz zuzendu behar ditugu. Erosketak egitean, familiakoak zaintzean edo aisialdia antolatzean gure beharren autogestioa bilatu behar dugu. Dena saldu eta erostera bultza nahi gaituzten merkatu-indarretatik aske eta hainbeste mugatzen gaituzten espainiar eta frantziar egituretatik kanpo. Praktika burujabe zehatzak, txikiak hasieran, tokikoak, baina gizataldeen beharrei egokituak elkar konektatzea izango da estatu justuago baten oinarria. Gure bizitzako behar ahalik eta gehien estatuen eta kapitalismoaren sareetatik kanpo auto-asetzeko gai izanez gure buruak askatzen joango gara, herritarrak eta herria askatzen.

Prozesu independentista Euskal Errepublikaren prozesu eratzailea izan behar da; eta, esan bezala, pertsonen bizi beharretatik abiatu behar da. Gure bizitzetan eragina duen guztia guk geuk erabaki nahi dugu. Erabaki horiek guztiak gauzatzeko aukera da estatu berri baten eraikuntza. Euskal Errepublikarantz bidea gizarte justuago bateranzkoa bihurtu behar dugu: aberastasun banaketarantz, feminismorantz, euskararen normalizaziorantz, iraunkortasunerantz, elkartasunerantz, demokraziarantz eta, azken finean, askatasunerantz.   

Euskal gizartean badago ikuspegi kritikoa eta badago aktibismorako kultura zabala; herrigintzatik eta ekintza politikotik lanean dabiltzan herritarrak milaka dira. Hala erakusten dute mugimendu feministaren ekimenek, pentsio sistema propioaren aldeko dinamikek, sistema judizial injustuaren aurkako mobilizazioek edo tokian toki garatzen diren ehunka ekimen eta proiektuek. Parte hartze sozialerako kultura hori oinarri sendoa da egin nahi dugun biderako.

Helburu handiak dira eta bideko oztopoak ere ez dira txikiak izango. Parean izango ditugu, orain arte bezala, espainiar eta frantziar estatuak beren tresneria guztiarekin eta Euskal Herria menpeko izatearekin negozio egiten duten guztiak. Hori dela eta, funtsezkoa da mugimendu independentista herritar zabala osatzea: independentziaren hautua eguneroko erabakietatik elikatuko duen herritar eta talde konprometituen multzoak soilik egin diezaieke aurre lotuta eta isilik nahi gaituztenei. Sektore herritar ahalik eta gehien egiteko horri erantzunez jarriz, eztabaida eta erabakitze prozesuak bata bestearen gainean jarriz eta dinamikoki emango zaio forma independentziari eta Euskal Errepublikari. 

Eta hori da ezkerreko independentismoaren proiektu politikoaren ardatza. Hobeto bizi nahi dugu, bizitza onaren zentzurik soilenean; horregatik, dena erabaki nahi dugu. Gure ingurune hurbilenetik burujabetza ariketa etengabean, ingurukoekin partekatuz, independentziaren beharra agerian jarriz, antolatuz, ezberdinen artean eztabaidatuz, indarrak bilduz eta indar horiek kalera eramanez norberak bere ekarpena egiteko aukerak badaude. Donostiako Aste Nagusiaren hasieran ere kalera aterako gara behar hau eta desio hau ozen aldarrikatzera.