Patxi Alaña Arrinda
Iberbako aholkularia

Denokrazia: demokraziarako eredu berria

Euskal Herria arlo askotan aurreratuta ibili den herria izan da, esate baterako, arlo publikoa gobernatzeko izan duen antolaketari dagokionez. Herri mailako batzar irekiek eta Foru Sistemak garrantzi handia izan dute horretan, beraien bidez, Europa eta mundu mailan sistema demokratikoenetarikoa izan dugulako: batzarraren garrantzia herriaren antolakuntza sozio-politikoan, herrietako ordezkariak batzar irekian aukeratu ahal izatea, ordezkari horiek kargugabetzeko sistema, legeen oinarria herritarren ohitura eta arauak izatea eta ez alderantziz, etab.

Ondoren, bi estatuek gure sistema deuseztatu ondoren ezarritako sistemak nagusitu dira: alderdien bidezko aukeraketa sistema, lau urterik lau urterako hauteskundeak, etab. Sistema horiek, denbora joan ahala, hobetu dira. Adibidez, boto erosketa zuzen eta nabarmena (Sabino Aranak asko lagundu zuen horretan) eta emakumeekiko diskriminazioa desagertu dira.  

Baina berriro ere, hauteskunde sistema herdoiltzen ari da eta herritarren iritziz, gero eta nabarmenagoa da birmoldaketa behar duela. Horren barruan, denokraziaren proposamenak zerbaiterako balio lezakeela uste dugu, emandako botoarekiko errespetuan oinarrituta dagoelako. Izan ere, gaur egun herritarrek ematen duten boto asko gobernutik “kanpo” geratzen dira, arrazoi askorengatik.

Beraz, hainbat lekutako ekarpenak jasota, hona hemen ideia berri hau izendatzeko erabil litekeen denokrazia kontzeptuaren dekalogorako proposamena:

1. Hautetsi guztiek hartuko dute parte erakunde baten gobernuan. Hauteskundeak ez lirateke borroka bezala hartu behar, non irabazleak dena berarentzat hartzen duen. Parte hartzen duten herritarren iritzi eta nahiak islatzen dituzte. Ez da denokratikoa alderdi bakar batek edo koalizio batek aurrekontuaren %100 kudeatzea, nahiz eta gehiengo absolutua lortu. Gainerako hautetsien atzetik dauden botoak lau urtez baztertuta geratzen direlako eta kanpo geratzean gobernuaren kontrako jarrera gailendu ohi delako eta ez elkarlana.

Jose Maria Gorordok horixe egin zuen, Bilboko Udaleko Gobernuan zinegotzi guztiak sartu eta sailen ardura botoen araberako proportzioan banatu zizkien (hobetu ahal izan arren). Hau da, gobernatzeko erantzukizuna hautetsi guztiei dagokie, inolako esklusiorik gabe.

2. Proportzionalitatea eta gutxieneko boto kopururik gabe. Hautetsiak lortutako botoen arabera aukeratu behar dira, d’Hont legearen moduko iragazkirik gabe edo gutxieneko %5 edo antzekorik gabe.

3. Abstentzioa hautetsien kopuruan islatzea. Lortutako hautetsiak izandako botoen araberakoak izan behar dira eta ez, abstentzio handia ala txikia izan, ezarritako kopuruaren araberakoak. Hau da, hauteskunde batzuetan abstentzioa %20koa bada, legealdi horretan hautetsien %20 gutxiago egongo da. Abstentzioa beste aukera politikoetako bat da eta herritarrek sistema politikoan duten sinismenarekiko errespetatu beharreko termometroa.

4. Zerrenda irekiak, alderdi berean eta alderdien artean. Herritarrek nahi dituzten pertsonak aukeratu ahal izatea, adibidez, lehenengoa alderdi bateko zerrendan dihoan bat, bigarrena beste alderdi bateko beste pertsona bat… Puntu honekin gure arbasoek Batzar Nagusietarako erabiltzen zuten sistemara hurbilduko ginateke: pertsonak aukeratu ahal izatea, alderdi edo ideologia bat baino.

5. Ordaindutako publizitatea debekatzea. Hauteskunde prozesu batean ordaindutako publizitatea baimentzeak berdintasunaren printzipioa errotik hausten du, baliabide ekonomiko gehien duenak abantaila duelako. Nahikoa litzateke doako publizitatea eskaintzea hedabide publikoetan, adibidez, %70 aurreko hauteskundeetan ordezkaritza lortu duten alderdien artean eta lortu zuten portzentajearen arabera, eta, gainerakoa, hautagai guztientzat proportzio berean.

6. Hautetsien %10 erreserban, aurkeztutako alderdiek lortutako ordezkaritza doitzeko. Barrutika egiten diren hauteskundeetan, batzutan, boto kopuru txikiak dituzten alderdiek ez dute ordezkaritzarik lortzen nahiz eta guztirako boto kopuru soilaren arabera, ordezkariak edukitzeko eskubidea izango luketen. Kasu horiek zuzentzeko erabiliko lirateke.

7. Herritarren parte hartze zuzena gai garrantzitsuenetan. Hauteskunde guztiak aprobetxatu herritarrei beste gai bati buruz galdetzeko: udal mailako erabaki bat, lurralde mailakoa…

8. Aukera txikienak bereziki zaintzea. Gaur egungo sisteman alderdi berriek edo txikiek zailtasun izugarriak dituzte leku bat egiteko. Haien aukerak hobetzeko, ordezkaritza lortu ez duten alderdiek haien botoak batzeko aukera izango lukete ordezkari bat lortzeko adina boto batuz gero. Horrela, haien artean koordinatu, elkartu eta haien ideia berriekin parte hartzeko aukera edukiko lukete.

9. Kargugabetzeko eskubidea. Lau urteko legealdietan, bigarren urtea pasatu ondoren, boto emaileak haien Gobernu, Aldundi edo Udalak daraman politikarekin ados ez badaude, boto emaileen sinaduren %25 jasoz gero hauteskundeak errepikatzeko aukera egongo litzateke.

10. Udal txikietan ordezkaritza ”zuzena” bultzatzea. Alderdien sistema udal txikietan ez da egokia, herritarren artean zatiketak sortu eta elkarbizitza zailtzen dutelako. 1.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan, adibidez, 12 urterik behin erreferenduma egin liteke ordezkaritza politikoa alderdien edo pertsonen bidez kudeatu nahi den erabakitzeko. Ordezkaritza zuzena nahiago izanez gero, udal hauteskundeetan zinegotziak pertsonen artean aukeratuko lirateke. Auzolan elkarteak proposatutako batzar irekiak berreskuratzea beste aukera ezin hobea litzateke.

Udal, aldundi edo gobernu baten eguneroko kudeaketan, gutxienez, emandako botoen %90a eguneroko lanean ordezkatuta egotea lortu beharko genuke, gure arbasoek izan zuten batzar sistemaren eta elkarlanaren gobernantzara berriz ere itzultzeko.

Buscar