Beñi Agirre

Donostiak 1.000 urte

Orain dela 1.000 urte, 1014an hain zuzen ere, Antso III.a Nagusia Iruñeko errege baskoiak egindako dohaintza batean Donostiako itsas bazterreko monasterio baten izena aipatzen da, oraingo Antigua auzoko Loretopeko inguruan: «in finibus Ernani ad litus maris Monasterium unum, quod dicitur Sancti Sebastian…».

Alegia, «Hernaniko mugetan, itsasoaren ondoan, San Sebastian esaten zaion Monasterioa eta bere lurraldea» aipatzen da Leireko monasterio beneditar –orduan euskaldunari– ematen zaion lurren gaineko hamarren zergan, «lurrekin, sagastiekin, itsas arrantza tokiekin, mendi, lepo, bailara, zelai, zerga, larre, hamarren abantaila, eskaintza eta edozein ondare eta edozein moduan esandako monasterioari, inguruan, itsas barruan zein kanpoan dagozkionak, gure arbasoak eta guk geuk gaur egun arte ditugun bezala».

Beraz, 1.000 urte bete dira Donostia (San Sebastian) lehenengoz dokumentu idatzi batean aipatu zenetik. Efemeridea ordea, oharkabean pasatzera kondenatua ez ote den beldur gara. 2006an Tolosa, Segura, Ordizia, Agurain eta beste batzuk ere Gaztelako erregearengandik hiri-gutuna jaso zutenaren 750. urteurrena ospatu zuten (herri hauek Gaztelak konkistatuak izan aurretik Nafarroako erresumaren baitan baziren arren). Iaz Bilbok Don Diego López de Harok Bilbo fundatu zuenaren 713. urteurrena ospatu zuen. Guzti honek zer pentsa ematen dio bati: San Sebastian izena agertu zeneko dokumentuaren sinatzailea Nafarroako erregea beharrean, Gaztelako erregea edo haren zerbitzariren bat izan balitz, ez ote genituzke dagoeneko ospakizun erraldoiak izango?, kanpai hotsak dilin-dalan eta Udaleko balkoitik kanoikadaren burrunbak?

Aitzitik, nor garen ezagutzeko ezinbesteko informazioa ematen digu historiak. Batzuk harro erabiltzen dute Urgull, Aiete, Morlans eta antzeko izen gaskoiak; horrekin, Donostia gaskoiek sortu zutela justifikatu nahi izateko edo. Gaskoiak Donostiara etorri aurretik bertan ez euskaldunik ez beste inor bizi izan ez bailitz bezala.

Leireri egindako dohaintza dokumentu horretan, ordea, euskal izen mordoxka ematen du aditzera lekuen aipamena egiten denean: Irurdita, Anaizoz, Antzieta, Zurzaiate, Larraburu, Loizta… Ba al dago froga dokumental hobeagorik Iruñeko erresumaren, donostiarren eta hizkuntzaren arteko lotura zuzena egiteko?

Idatzia latinez egina dago, garaiko Erromako elizaren botere zerutiarrari zegokion neurriaren erakusle. Ez dago euskaraz, jakina; baina ez dago gaztelaniaz (garai horretan ez zen gaztelania existitzen, erromantzeak baizik), ez dago arabieraz, ez okzitanieraz, ezta frantsesez ere. Antso III.ak Iruñeko erresumaren izenean (izen horrekin euskal lurralde ia osoa hartzen zuen) eta bere emazte Maiorak egiten dute dohaintza eta semeen, artzapezpikuen, noble eta gobernadoreen izenpea darama euskarazko leku izen ugari duen latinezko testuak. Nola ondorioztatu, beraz, horiek denek latinez gain, ez zutela euskaraz egiten?

Gure historiaz inor harro egotekotan, euskaldunok beharko genuke egon. Donostiakoak eta egungo Euskal Herri osokoak, harro egon beharko genuke gure jatorri politiko nafarraz, haien hizkuntzaz, gureaz. Denok nafarrak ginela frogatzen duen gertaeraren 1.000 urtea ez aldarrikatzea akats galanta izateaz gain, utzikeria ere bada. Hortaz, barkaezina litzateke Donostia lehenengoz bere jatorria aipatzen den agerkaria ez nabarmentzea, ospatzea edo gogoratzea.

Buscar