Juan M. Sansinenea, Javier Castroviejo, Eugenia Soret, Laly Zatarain eta Ana M. Aizpurua

Donostiako Manteo auzoaren egoera

Egun hauetan Donostiako eta orokorki Euskal Herriko mass-medietara, Donostiako auzo hau lehenengo lerroetara jauzi egin da, kasu honetan inguru honetan legez-kanpoko asentamendu baten eraispena gertatu delako.

Historia labur bat egiten, Manteo auzoa edo ingurua, 60eko hamarkadan eraikia izan zen eta betidanik izan da leku lasaia eta atsegina bizitzeko. Etxeak ez dira, noski, azken modelokoak baina trukean badituzte aldeko aspektu ukaezinak: Gros auzoarekin eta Gros hondartzarekin gertutasuna, Ulia mendiarekin gertutasuna, kasu askotan kotxeak aparkatzeko inguru pribatuak, hegoalderako orientabidea, etab. Eta batez ere, lasaitasuna, trafikoaren eskastasuna, bere kokapen bereziak eraginda.

Hau guztia esanda, egia da ere azken aldietan auzoak degradazio edo endekatze prozesu bat sufritu duela: azpiegiturak ez dira behar bezalako mantenduak izan, Udalak ez du auzoaren beharrei behar zuen arreta eman, Basque Culinary Center-ren eraikuntzak auzoari kendu dio honek erabiltzen zuen lasaialdiko eremu bat, degradazio horren beste faktoreen artean.

Testuinguru honetan, orain dela zazpi hilabete edo legez-kanpoko asentamendu baten lehenengo zantzuak hasi genituen antzematen Manteoko auzokideek. Hori egiteko asentamendu honen sustatzaileek erabili zuten zuhaizpean dagoen eta sastraka erruz duen inguru bat. Baina hau garrantzitsua da eta azpimarratua izan behar da, inguru hori oso gertu dago Manteo kaleko etxeetatik, honek suposatzen dituen arrisku guztiekin.

Hasieratik auzoa mobilizatu zen asentamendu honen aurka, Udalarekin ipini zen harremanetan, salaketak jarri zituen, etab. Eta arauz kontrako egoera hau lehenago konpondu ez bazen izan zen Udalaren erantzun berantiarengatik. Eta azkenik, asentamendu horren eraispena gertatu denean etorri da kalapita, auzoaren arazoak ezagutzen eta partekatzen ez zituztenen ahotsak eta deiadarrak: arrazakeriak, giza eskubideen aurkako neurriak etab. Justu gure arazoak ezagutzeko hurbiltzeko ere gai izan ez direnen ahotsak. Eta egoera honen aurrean, fermuki azaldu behar dira puntu batzuk: 1) Manteo auzoan gertaturikoa ez da inola ere izan arrazakeriaren agerpen bat 2) PPko zinegotzi baten sare sozialetako mezuek ez dute eraispena eragin, ziur gaude horiekin edo horiek gabe egoera jasanezin hau berdin bukatuko zela 3) Eraispenaren atzean auzokideen bultzada eta hauen aurrez-aurreko aurkakotasun izan dira 4) Auzokideek berdin erantzungo zuketen asentamenduaren pertsonek euskal herritartasuna izan balute eta bakoitzak zortzi abizen euskaldun izan balitu.

Azken finean auzoko jendeak bilatzen zuena eta duena zer zen?: legez kontrako asentamenduak sortzen zituen arriskuetatik libre bizi, egoera tamalgarrian bizitzen ziren pertsonen arazoa azaldu eta arazo hau modu eraginkorrez mahai gaineratu, egoera larri hau konpon dezaketenek arazoari hel diezaioten. Eta hemen diogun hau ez da inola ere erretorika-ariketa bat. Pentsatu al du inork zer arrisku eragiten dituzten butano botilak eta suak kontrolik gabe, jendea bizi den etxeen ondoan eta landarez betetako eremuetan manipulatzen pertsonek? Orain dela gutxi Basaurin gertaturiko hondamena ahaztu al zaie batzuei? Pentsatu al inork du osasun-zerbitzurik gabe bizitzen ziren hamaika pertsonek sortzen zuten zikinkerian? Eta puntu honetara iritsita legitimoa da galdetzea, zergatik asentamendu hauek antolatzen dituztenek ez dituzte inoiz aukeratzen Donostian dauden 2 edo 3 miloi euroko etxeen urbanizazioak? Edo Gipuzkoa edo Kataluña plazak? Edo Alderdi Eder? Gutxienez aipatzen ditugun leku horietan eraiki izan balituzte, legez kontrako asentamendu hauek sortzen dituzten arazoak eta eragozpenak donostiar guztiek edo behintzat gehiagok partekatuko lituzkete eta ez, orain arte bezala, gutxi batzuen bizkarrean utziz.

Legez kontrako asentamenduetan bizitzen diren pertsonen arazoa ezin da konpondu Manteo auzoan eta beste tokietan ikusi ditugun prozedurekin, Donostia hiriaren kasuan aginteen eta aurrekontu publikoen parte hartzearekin baizik, eta ziur aski parte hartze hau ez da nahikoa izango fenomeno hau globala dela eta ez lokala kontuan hartzen badugu. Etortzen diren pertsona horiei zerbait duina eskaini behar zaie eta ez txabolismoan oinarritutako sistema bat. Eta hori bai, duintasun hori Donostiak dituen baliabideen mugen barnean, ez dezagun ahaztu behar azken finean baliabide horiek gure zergen bitartez ordaintzen direla.

Manteo kaleko inguruak zituen arazoak ez dira amaitu aste honetan izan den eraispenarekin. Baditugu oraindik irtenbidearen zain zorro bete bat eta helburu horrekin harremanetan gaude Donostiako alderdi politiko eta Alkatetzarekin. Gure itxaropena da elkarrizketa horretatik auzoaren arazoak guztien irtenbidea aurkitzea ez bada posible, gehienena aurkitzea gutxienez bai. Itxaropen berdina ipintzen dugu urrutitik eta oso baldintza latzetan gure hirira etortzen diren pertsonen beharren konponketan.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Buscar