Iker Otermin
Ezker Iraultzaikeko militantea

EAJ kanporatzeko ordua da!

EAJ kanporatu dezakegu, mobilizazioa indartzen eta langile klasearen aldeko politika altxatzen badugu!

Uztailaren 12an gure bozka EH Bildura eta murrizketekin eta langile klasearen aurkako erasoekin amaitzeko ezkerreko gobernu baten alde doa!

Kaleko borroka da bidea!

Begi bistakoa da EAJ benetan urduri dagoela EAEko hauteskundeak ahalik eta azkarren egiteko. Euskal eskuina beldur da, langile klasearen eta gazteriaren mobilizazioak arriskuan jar dezakeelako boterean jarraitzea. Eta ez da gutxiagorako. Urtarrilak 30eko greba orokorraren arrakastaren eta beste hainbat borroka sozialen ondotik oraindik argitu gabe dagoen Zaldibarko hondamendia gehitu zitzaion, non Eusko Jaurlaritzak ardurarik hartu gabe jarraitzen duen. Horri, osasun alarman zehar EAJren jardunak piztu duen haserre soziala batu zaio.

EAJren murrizketen altzora hedatu den pandemia

Osasun krisiak agerian utzi du, beste behin ere, EAJren benetako aurpegia. Bere «euskal oasia» gutxi batzuen negozioaren paradisua da, prekarietatea zabaltzearen kontura eta irabazi ekonomikoak denon osasunaren gainetik ezartzeko.

EAJ aitzindaria izan da osasunaren, hezkuntzaren eta zerbitzu publikoen pribatizazioan. EAEan pribatizazioa maila guztietako EAJko kargu ohiek maneiatzen duten negozioa bihurtu du. Jeltzaleen ate birakariek hamarkadetan zehar sortu duten ustelkeria sarearen izebergaren punta baino ez dute erakusten. Egoitza pribatuak eta osasun-enpresak horren adibide dira. Zaldibarrek zabortegien kasua azaleratu zuen, baina askoz gehiago daude: industria, obrak, energia, ikerketa, kiroldegiak... zerrenda amaigabea da.

Urkulluren gobernuak ororen gainetik enpresen etekinak defendatu ditu. Ez zaie axola izan osasun publikoa erabat kolapsatuta egotea, babes ekipamendu faltagatik osasun langileak etengabe kutsatzea edo egoitzetan izandako heriotzak. Jeltzaleentzat benetan garrantzitsuena ez dira langile familien osasuna eta bizitza, «koma ekonomikoa eragoztea» baizik, haien poltsikoak ez daitezen kalteturik atera. Horrela izan da, eta horrela jarraitu nahi dute krisiaren aurrean.

Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteetan 263,5 milioi euro aurreztu ostean (hilabete batez Osakidetza kostatzen dena baino gehiago) Confebaskek horiek luzatzeko eta hedatzeko eskatu du eta enpresek ez ditzatela Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaindu. Diru publikoko milioika eurorekin beren negozio eta aberastasunak erreskatatu daitezela eskatzen dute, administrazio publikoak zorpetuz eta enpresariei zergak jeitsiz. Baina nork ordainduko du zorra? Argi dago langile familiak izango garela ez badugu hori eragozten. Beren planak osasungintzan, hezkuntza, pentisoetan eta soldatetan murrizketa gehiago egitea dira, 2008an egin zuten bezalaxe.

EAJ kanporatu dezakegu, mobilizazioa indartzen eta langile klasearen aldeko politika altxatzen badugu!

EAEk azken legegintzaldi honetan trantsizio garaitik egon diren mobilizazio handienak ezagutu ditu. Urtarrilaren 30eko greba orokorrak 2019an euskal geografia osoan ugaritu ziren lan-gatazkak bateratu zituen: 400.000 egun inguru galdu ziren greben ondorioz, hogei urtetan egon den greba jarduera handiena izan zen, eta lau aldiz biderkatu zen 2018ko kopurua.

Bizkaiko metalaren gisako mobilizazioen alboan, etengabe bete dituzte kaleak pentsiodunek, borroka feministak, gazteriak aldaketa klimatikoaren aurrean, Kataluniako herriaren eta Altsasuko gazteen elkartasunean, edo Euskal Herriaren eta euskal presoen eskubide demokratikoen aldeko manifestazio erraldoiek...

Hori da eskuina erakundeetatik bota eta politika kapitalista guztiekin amaitzeko bidea eta lortzeko aukera handia dago. Baina horretarako, beharrezkoa da ezker abertzaleak eta EH Bilduk euskal patronalaren alderdiarekin erabateko konfrontazioa duen politika bat hartzea, bai legebiltzarrean eta baita kalean ere. EAJrekin «herri gisako irtenbideak» bilatzeko akordioetara iristeko ilusioak ezin dira eutsi inondik ere. Klaseko irtenbideak behar ditugu.

PSOE eta UP koalizio Gobernuaren esperientziak ere ikasgai handiak ditu zentzu honetan. Edo logika kapitalistarekin erabat hausten da, langile klasea defendatzeko neurri ausartak planteatzen dira –bankuen eta ekonomia kontrolatzen duten monopolioak nazionalizatzea esaterako– eta masen mobilizazioan oinarritzen da, edo azkenean botere ekonomiko handiek, Ibex-35ak eta bankuek beren baldintzak ezartzen dituzte eta gobernuaren politika markatzen dute. Egin daitezkeen erreforma txiki eta lotsatiak tanta bihurtuko dira ozeano erdian, baldin eta 78ko erregimen kapitalista kosta ala kosta defendatzen jarraitzen bada, eta proposatzen dena «batasun Nazionalaren» bidea eta klase arteko lankidetzaren politika bada.

Ezker Iraultzaileko marxistek datorren uztailaren 12an EH Bilduri bozkatzeko deia egiten dugu, helburu argi batekin: EAJ erakundeetatik botatzea, euskal eskuinarekin klaseen arteko lankidetza errotik moztea, eta ezkerreko indarrekin Gobernu bat eratzea politika kapitalistekin hausteko.

Jakin badakigu abstentzioak eskuinari bakarrik egingo diola mesede. Baina badakigu botoa ematea ere ez dela nahikoa. Alternatiba bat eraiki behar da Euskal Herrian, langileen eta gazteen artean programa iraultzaile eta internazionalista bat defendatzeko, modu irekian planteatuko duena sozialismoaren aldeko borroka, autodeterminazio eskubidearen defentsarekin batera. Hondamendi kapitalistarekin amaitzeko eta mundua errotik eraldatzeko, langileok eta gazteok gizartearen gidaritza hartu behar dugu.

Batu zaitez Ezker Iraultzailera!

Buscar