Mikel Zubimendi
GAUR8

Ederra da Bilbora etortzea; tristea, ordea, etorri beharra

Gaur Bilbon presoen eskubideen alde batuko den jende oldea ustez ezkongaitzak diren bi adjektiborekin lot daiteke: edertasuna eta tristura.

Presoak, eta haien senide eta lagunak, maitatzean eta defendatzean indar hunkigarri batez erakusten den edertasuna; eta tristura, aurten ere, beste urte bat gehiagoz, konpontzeke eta konponbide aurreikuspen argirik gabe dagoelako presoen auzia; psikologia kolektiboa hainbeste mintzen duen egoerak berdin-berdin segitzen du, herri honek hainbeste desira eta merezi dituen bakea eta elkarbizitza ezinezko egiten dituen auziak zuzentzeke segitzen du, eta, horrek, tristura izugarria sortzen du.

Emozioak oilo-ipurdi eta malkoak masailetan behera ez dira, gaur ere, faltako. «Ez ditugu sekula atzean utziko» asmo irmoa argi ikusiko da, «gure presoak dira» sentimendua adieraziko da. Bilboko kaleak etorbide bihurtu arte, azkar eta osasuntsu preso guztien etorreraren lekuko izan arte, lanean, sakaka eta bultzaka, jarraituko dugula adieraziko da. Jakin badakigulako euskal presoen egoera gure min eta ezinen poligrafo dela, bizi dugun aro politikoaren zailtasun eta kontraesanen erakusle. Eta horiek guztiak ulertzen eta maneiatzen jakin behar da, ustez denborak ekarriko zituen erantzun asko gure kontzientziak mailukatzen dituzten galdera ikur baitira oraindik, ez dagoelako ziur esaterik presoen auziak urgentziaz, baldintzarik gabe eta zentzu onaren bidetik hobera egingo duen ala ez. Politika ez delako sekula ziurtasun borobil baten bueltan mugitzen.

Euskal presoei ezarritako espetxe politikak aspaldi lausotu zituen justiziaren eta mendekuaren arteko mugak. Euskaldunak kartzelatu eta giltza itsasoan betiko hondoratu dutela sinistarazi nahi digute, kaleratzeko zirrikituak hain estuak direla horietatik pasatzeko modu bakarra belaunikatuta egitea dela. Kalkulu hotz eta madarikatu baten politika da: zenbat eta preso gehiago denbora luzeagoan eta egoera okerragoan, orduan eta pasibo handiagoak gure herria dagoen tokitik merezi duen tokira eramateko politikaren bizkarrean. Itxaropena zapuztuz, desesperantza eta larrimina hedatzea, konfiantza propioak hustea, borondate politiko kolektiboa likidatzea, helburu.

Euskal presoen egoera zaurgarria konpontzea, kaleratzeak bideratzen hastea, urgentea eta zentrala da. Zaila baita, bestela, hankamotza erabat, elkarbizitza eta normalizazio politiko arrazional minimo bat lortzea. Pertseberantzia behar da, egiten diren apustu guztiak berez inperfektuak eta bukatu gabeak direla barneratzea, etengabeko kuestionamendua, erabakietan eta existitzen ez diren soluzioetan asmatzea. Hartuko diren erabakien aurrean, betikoek betiko «nahikotasun eza» adieraziko dute; beste batzuek, zintzotasunez, ez direla goiz hartu eta ez dadila beranduegi izan aipatuko dute. Baina denok, orain eta nonahi gaudenok, moldeak aldatuz, jokoa zabalduz eta partituz, jendea batuz, ekin behar diogu jardunari. Presoek eurek, banan banakoa eta mailakatua den bide kolektibo berriarekin, gauza batzuekin bukatzeko eta beste batzuekin hasteko, lur hartzeko eta aire hartzeko, pista berria zabaldu nahi izan dute. Denoi dagokigu, pertseberantziarekin batera, horizonte hori sakontzea, balore eta baliabidez hornitzea, taula politikoan irekiera berriak entseatzea, zehatz eta gauzagarriak diren urratsekin ibiltzea.

Ahalegin horretan, gure herriarentzat bakea zigor bezala ulertzen dutenak, eskakizun ororen aurka hitz eta jokabide gerlariak darabiltzatenak izango ditugu aurrez aurre. Beren erara, diren moduan, beren zelai eta joko arauak inposatu asmoz. Amorrarazi egingo gaituzte, bularrean amorru hori biltzeko nahiko lan izango dugu, baina lezioa ondo ikasita dugu: gure herriarekin bat eta munduaren aurrean, arma, arrazoi eta estilo propioarekin aurrera egitea dagokigula badakigu. Eta goiari eutsiko diogu, horixe baietz! Bai baitakigu hura ez dela eroriko. Badakigulako beste etorkizun bat iragartzen duten hodeiak metatzen ari direla Euskal Herriko zeru gainetan. Eta inork ez duela eragotziko euria!

Buscar