Karmele Aierbe, Marije Fullaondo, Pernando Barrena
ezker abertzaleko kideak

Egindakotik ikasiz, etorkizuna euskaraz irabazi

Ia mende laurdena igaro zaigu hamalau udaletako ordezkari politikoek euskararen galtze-prozesuari galga ezarri ziotenetik. Ia mende laurden herri gogoaren ondorioz dozena erdi pasatxo erakundek hizkuntza politika zuzentzeari ekin ziotenetik.

Ia mende laurdena igaro zaigu hamalau udaletako ordezkari politikoek euskararen galtze-prozesuari galga ezarri ziotenetik. Ia mende laurden herri gogoaren ondorioz dozena erdi pasatxo erakundek hizkuntza politika zuzentzeari ekin ziotenetik. Garai aztoratu haietan Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduak aurkeztutako udal araudiak ontzat jo eta udalerri euskaldunetako politikari euskaltzaleak Udalerri Elebakarren Mugimenduan batu ziren. Euskarak bizi zuen disfuntzio egoeraz jabeturik,  kalean euskaraz eta administrazioan gaztelaniaz, egoera bideratzeari ekin zioten. Ilusioz gainezka, herritarren babesarekin gaztelaniaren sarrerari euste-hormak ezartzen hasi ziren. Udaletxeetako ateak euskarari zabaltzen. Euskara euren eguneroko lanean txertatzen.
lehenbiziko urteetan, berehala konturatu ziren egin beharreko lanaren neurriaz, begi artean zuten erronkaren tamainaz edota mugimenduaren erakundetu beharraz. Hausnarketa honek, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea ernatzea ekarri zuen.
Urte gorabeheratsu hauetan lemazain paregabearekin itsaso zakarrean nabigatzea tokatu zaio UEMAri. Olatu handi ugari gainditu behar izan dituzte udalerri euskaldunek. Batzuetan, estatuaren erasoei iskin egin behar izan diote. Besteetan, Euskal Herrian bizi ditugun marko juridikoen gabeziak behin eta berriz azaleratu behar izan ditu: Iparraldean euskarak ofizialtasunik ez duenez administrazioan ez da existitzen, Nafarroan ofiziala bai, baina,  Foru agintariek eurek desagertu nahi dute euskara eta Madrilek, 8.3 artikulua baldarki moztu ostean, EAEn indarrean dagoen Euskararen legearen ez-legitimotasuna nabaria da.
Egungo egoera blokeatzen duen egitura juridiko politiko instituzionala gainditzen ez bada, Euskal Herriaren ukazioa, zatiketa, asimilazioa eta mendetasunak jarraituz gero, Euskal Herri euskaldunak ez du etorkizunik; Euskal Herri euskalduna berregiteko joerak asimilatu eta erdal elebakartasunaren aldeko joerak indartzen baititu. 1988an hasitako mugimenduaren  ibilbideak egiaztatzen du, orain arte abian jarritako hizkuntz politika tresnek ez dituztela UEMAren beharrak asetzen.
Hizkuntzak, edo hizkuntza-komunitateak, normaltasunez biziko badira, bere lurralde propioa izatea beharrezkoa dute; eremu propioa, non berezko hizkuntza derrigorrezkoa eta lehentasunezkoa izango den. Estatus edo izaera hori gabe ez dago normalizatzerik; bai, ordea, asimilazioa eta hizkuntza-ordezkapena. Erasoa da euskara hutsezko erabilera bere eremu politiko naturalean debekatzea, ez bakarrik Euskal Herriarentzat, baita munduko kultur aniztasunarentzat ere. «Anai-arrebak entzun ene aho-hotsa: izaite bat ez daike hezur hutsez osa; herria da gorputza, hizkuntza bihotza; bertzetik berextean bitarik bakoitza, izaite horrendako segurra hil hotza». (Xalbador).
UEMAk, hamarkada hauetan, itsasoa zakarra edo barea izan, baldintza egokiago edo eskasagoetan aurrera egin eta hain kutsatuta dagoen demokraziari benetako esanahia emanez tokian tokiko herritarrek eskatutakoa bete eta herrietan euskara lehenesten duen politika indarrean jarri du. Legeak lege. «Euskaraz bizi eta ari herri euskaldunak aitzindari bilakatu ditu».
UEMAk, Euskararen arnas guneari ekarpen handia egin dio eta eginez jarraitzen du, baina, Euskaraz bizitzeko duen helburua bere osotasunean bete dezan, Euskal Herritarren, Administrazioaren edota Alderdi Poltikoen betebeharra eta laguntza bermatzea nahitaezkoa da. Bi hamarkada luzeetako Euskararen normalizazioaren aitzindaria denak bere lur gunea handitu, batu eta saretzera jo behar du. Herrietako bizilagunei euskaraz bizitzeko aukera eta eskubidea  bermatzen jarraitu behar du guztion laguntzaz.
Garai politiko berria bizitzen ari gara eta garai berrian kamustutako tresna zaharrekin jarraitzea atzera egitea da. Euskara biziko bada eta euskaldunon eskubideak bermatuko badira, tresna politiko berriekin erantzuteko eta eragiteko  borondate politiko argia erakusteko garaia da. Euskararen alde, diskurtsoa eraberritu eta pentsamendua aldatzera jo behar dugu.  «Kontseiluak esan berri duen bezala”, beharrezkoa da kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntz politika garatzea eta euskarari estatus juridiko berria ematea. Joko zelai berri bat, joko arau eta oinarri berriekin». Heldu diezaiogun.
Ibilbide horretan Ezker Abertzaleko kideok bidelagun izaten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu. Oraingoan bai, Herri-Gogoa oinarritzat hartuta euskarari behin betiko bultzada emango diogu. Herritarrok euskaraz bizi nahi dugulako. Erakundeak gidatuz herrietako eragileekin elkarlanean ezkerretik eraikitako Euskal Herria euskalduna lortzera goaz. Euskara lehenetsiko duten hizkuntza-politikak ezartzera goaz. Izan ere, egun Madrilen zein Parisen gainbegiradapean inposatutako marko juridikoek gure hizkuntza odolustea bilatzen dute, udalerri euskaldunak tantaka-tantaka desagertzea, euskara museoko ondarea bilakatzea. Eta ez gaude horretarako prest.
Demokraziari hautsak kendu, jatorrizko esanahia berrezarri eta muga bakarra herritarren nahia izanik arnas guneak babesteko tresnak sortuko ditugu. Erronka handia da baina bide bera egin nahi duen edonorekin elkarlanean izango gaituzue. Zaku bete lan dago: udalerri euskaldunei lege babesa ematea, herritar guztien euskalduntzea bermatzea, etorri berriak euskararen herrian integratzea, administrazioan euskara lehenestea, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera bermatzea, hedabide euskaldunak lehenestea …, baina asko dugu irabazteko.
Bi hamarkada luzeetako aitzindariei lekukoa hartu eta zirt edo zart egiteko garaia heldu da. Euskaraz bizi eta ari diren herri euskaldunen babesa bermatzeko ordua. Udalerri euskaldunen lur gunea handitzekoa. Euskaraz bizi eta ari nahi dugunok ekainaren 9an Goizuetan, UEMA egunean, dugu hitzordua.

Buscar