Egiten utzi ez zizkidaten galderak
Horrenbestez, «ate birakari»-en kasu berri baten aurrean gaude, zoritxarrez, nafar Gobernuan bakarra ez dena. Erreparatu, bestela, Lourdes Goikoetxearen auziari
Pasa den otsailaren 25ean, Iruñeko Ingeniari Elkargoan, Nafarroako AHTren inguruko hitzaldia izan zen, eta nafar Gobernuko Sustapen eta Etxebizitza sailburu Luis Zarraluki hizlari aritu zen. Ondorengo galdera saioan, Zarraluki jaunari galdera batzuk pausatzen saiatu nintzen, baina honek zakarki moztu zidan, eta gero moderatzaileak berak eta azkenik ingeniariek osatzen zuten publikoak, oihukatuz, galdetzeko ahalegina erabat galarazi zuten. Hitzaldi horretan zanpatuta izan zen adierazpen askatasunaren eskubideari eutsiz, interesatutako jendeak galdera horien edukia ezagut dezan, nire jardunaren nondik norakoak azalduko ditut.
Barcenasen paperak argitara atera direnetik AHT ustelkeriarekin zuzenki lotuta dagoen ustea erabat barreiatuta dagoela esanaz hasi nintzen. Izan ere, boterean dagoen klase politikoak lanak euren enpresa lagunei modu iruzurtian esleitzean komisio ez legal franko poltsikoratu du. Nire arrazoinamendua nondik nora zihoan aurreikusiz, Zarraluki jaunak, aski urdurituta, Barcenas ez zuela ezagutzen eta nire jarduera jokoz kanpo zegoela esanaz eten egin zidan. Hitza berreskuratuz, Nafarroako kasuari erreparatzeko asmoa aipatu nuen, egungo kontseilariaren profil profesionala aintzat hartuz. Arrapaladan kontseilariak zein moderatzaileak berriro eten egin zidaten, azken honek Zarraluki jaunarekin bere ibilbide profesionalaz galderarik ez zela onartuko hitzartua zutela esanez. Horren gainean xehetasun batzuk argitu beharra zegoela berretsi nuenean, entzule gehienak oihukatzen hasi ziren eta nire jarduna erabat galarazia izan zen. Sustapen eta Etxebizitzaren egungo kontseilariaren hainbat jardueraren gainean populazioaren zati handi batek dituen zalantzak argitzea zen nire solasaren helburua, besterik gabe.
Arkitekturan lizentziatua den politikari honen ibilbidean atentzio gehien ematen duen kontua zera da: Lurralde antolamendu, Urbanismo eta Etxebizitza alorrean nafar administrazioan 17 urtez goi karguetan egon ondoren 2003. eta 2011. urteen artean eraikuntza sektore pribatuan jardun zela, zehazkiago, Larcovi taldean eta MRAn. Garai hartan, bi enpresa hauek Etxabakoitzen proiektaturiko AHTren geltoki eta inguruko urbanizazioarentzat landa lurraren %35 eskuratu zuten. Krisi sakonaren aurrean, aurreko kontseilaria zen Astiz jaunak, 9.000 etxebizitza eraikitzea suposatzen zuen AHTren geltoki berriaren egitasmoa «berrikusi eta egungo beharretara egokitu» behar zela esan zuen. Astiz sailburu karguan izan zen urtebetean, AHT geltokiaren egitasmoa kudeatzen duen Abiadura Handiko Partzuergoaren jarduera erabat moteldu zen, egitasmo honen bideragarritasunaren inguruko zalantzak zirela-eta. 2012ko ekainean, Yolanda Barcinak Luis Zarraluki Sustapen eta Etxebizitza sailburu izendatu zuen. Bere lehen hitzak ezin argigarriagoak izan ziren: «AHTren eraikuntzak nafar ehun enpresariala suspertuko du». Berehala, Etxabakoizko egitasmoa gauzatzeko Partzuergoa berpiztu zuen, aurten berpartzelazio plana bukatuko zutela esanez. Zarraluki jaunak zein Barcina andereak 2010ean onartu zuten egitasmoa bere osotasunean defenditzen dute, nahiz eta «epeak luzatu eta zatika egin».
Horrenbestez, «ate birakari»-en kasu berri baten aurrean gaude, zoritxarrez, nafar Gobernuan bakarra ez dena. Erreparatu, bestela, Lourdes Goikoetxearen auziari. Ohikoegi bihurtzen ari den jarduera horrek administrazio kargudunei ahalbidetzen die lehenago edota ondoren lan egindako enpresa pribatuen interesaren arabera jokatzea. «Artaldea zaindu, otsoa artzain jarriz» bezalako molde bitxia, inondik inora.
Horretaz gain, Zarraluki jaunak Bateraezintasun Legea ere urratzen du, sailburu den bitartean lan urbanistiko, berpartzelazio planak, lurralde antolamendua eta gisako lanen koordinazioa eskaintzen dituen Urbenio S.L. enpresako administratzailea delako. Sailburuak egin berri dituen deklarazio batzuen arabera, enpresa ez zuen utzi gastu ekonomikoa suposatzen zuelako. Nire asmoa zen hitzaldira joandako pertsonen artean diru bilketa egitea –arazo ekonomiko larriak ez zituztelakoan bainengoen– Zarraluki jaunak enpresa hori uzteko eta horrela jarrera bitxi horren inguruko zalantzak uxatzearren.
Solasaldi horren ostean, kontseilari jaunari pausatu nahi nizkion galderak hauek ziren: Nafarroako AHTren egitasmo irrigarria 60 km-ra mugatuko dela eta Reino Arena edo Urantziako zirkuituaren zulo ekonomikoa txiki utziko duela ikusita, zeintzuk dira egitasmoak aurrera segitzeko interesak? Zergatik mantentzen da geltokiaren proiektua AHT haraino inoiz helduko ez den ustea gero eta nabariago den une honetan? Jarduera ilun horien bidez ez duzu uste ustelkeria susmoak elikatzen ari zarenik? Ez duzu dimisioa emateko beharra sumatzen?
Erantzuteari uko egiteagatik eta bere lagun arkitektoari laguntza eskaini zion Ingeniari Elkargoaren jarrerari esker, galdera hauek guztiak airean gelditu ziren. Espero dezagun berandu baino lehen AHT deituriko arrazoigabekeria honen puntu ilun guztiak argitzea. Hala bedi.