Eneritz Otamendi eta Mirene Begiristain
Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduko batzarkideak

Elikagai merkeak garesti

Merkatu prezioek eragin sozial eta ekologikoak ezkutatzen dituzten bitartean, eredu iraunkor baten aldeko apustua egiten dutenak merkatuaren logikaren prezioek baldintzaturik daude, askotan kostuak ordaintzeko adina iritsi gabe.

Prezioa: ondasun edo zerbitzu batengatik eragile ekonomikoak ordaintzeko prest dauden unitate monetario kopurua. Prezioak trukearen merkatuaren efizientzia bilatzen du teoria ekonomikoaren arabera, eta balio kate guztian zehar banatzen da, merkatu ekonomiaren funtzionamendu perfekturako. Baina denok badakigu perfekzio hori ez dela gertatzen.

Zein da egungo elikagai sistemaren dinamika? Elikagaien ekoizpenak mundu mailako merkatura bideratzen diren momentutik merkantzia bihurtu dira, merkatuan dauden interes eta botere harremanak aktibatuz. Elikagaiak gero eta gutxiago diren banaketa enpresen esku geratzen dira, eta baserritarrek ekoizpen eta prezioen gaineko kontrola galtzen dute. Elikagaien banaketa eredu zentralizatua sortzen da, non elikagaiek distantzia handiak egiten dituzten (bataz beste 5.000 kilometro ekoizpenetik platerera iritsi arte), petrolioa kontsumituz eta CO2 isuri kopuru handiak sortuz.

2020ko urtarrilean espainiar Estatuko elikagaien jatorri-helmuga prezioen indizea 4,15ekoa izan zen. Elikagai batzuetan askoz handiago izan zen (adibidez, tipula 0,20 euro kiloko ordaindu zitzaien baserritarrei eta batez beste kontsumitzaileek 1,44 euro kiloko ordaindu zuten, hau da, tipularen jatorrizko prezioa 7,2 aldiz biderkatzera iritsi zen helmugan). Datu hauei batu behar zaizkie baserritarren marjinak gero eta murritzagoak direla, euren ekoizpen kostuak handitzen direlako, eta Europatik datozen Nekazaritza Politika Bateratuen dirulaguntzen murrizketak daudelako, laguntzak jasoz gero, betiere. Baina honetan guztian zaharrak berri. 20 urte atzera begiratuz gero, datuak eta joera ezaguna da. Eta zer gertatzen da Euskal Herrian? Ba gauza antzekoa. Baina, zehaztasunik ere ez dugu prezioen gainean zer gertatzen den. Izan ere, euskal elikagaien prezioen behatoki bat aldarrikapen historikoa izan da; ahaleginak bidean geratu dira eta prezioen ezagutza ilunpean.

Eta kontsumitzaileok ba al dakigu zer kostatzen den elikagaiak ekoiztea? Elikagai kilometrikoek inputatu gabeko hainbat kostu ezkutatzen dituzte (lan baldintzak, ondorio ekologikoak...) eta gertuagokoak ditugun elikagaiek ere konpetitiboak izateko eredu industriala garatu behar izan dute, politika publikoen eredu baten sustapenak bultzatuz.

Horrela, merkatu prezioek eragin sozial eta ekologikoak ezkutatzen dituzten bitartean, eredu iraunkor baten aldeko apustua egiten dutenak merkatuaren logikaren prezioek baldintzaturik daude, askotan kostuak ordaintzeko adina iritsi gabe. Egoera honetan, azken hamarkadatan azokak hustu eta baserriak desagertzen doaz gure landa ingurunetatik, baina, eredu honekin nola eman-hartu erreleborik? Merkatu logikak sektorea desegin duela jabetu behar gara.

Haize kontran, gero eta maizago beste komertzializazio aukerak bilatu eta eraiki nahi dituzten baserritarrak daude, baita beste eredu bat sustatu nahi duten elikagaien kooperatibak ere. Osasunari eta lurrari lotutako ekoizpen ereduak eta kontsumo aukerak. Baina, tokiko elikagaien berreskuratzea eta indartzea nahi badugu, konpromiso hori hartuko duten politika publikoak ere behar ditugu: lehentasuna emango diotenak tokiko elikadura estrategiak garatzeari, prezioen logikatik urrunduko diren jantoki kolektiboak (eskolak, ospitaleak…) bertako elikagaiekin hornituko dituztenak, catering enpresak eta bitartekariak jantokietan negozioa egiteari utziko dioten ereduak, baserritarra izateko aukera erreal eta duina sustatuko dutenak, elikagaien ekoizpenaren balio integrala –ekonomikoa, soziala, ekologikoa, kulturala– kontuan hartuko dutenak.

Elikagaien prezio merkea garesti ateratzen ari zaigula jabetzeko urgentzia egoeran gaude.

Buscar